Itxuraldaketarik handiena

Txupinazoaren eztandarekin batera hasi dira Iruñeko bestak; hiria zuri-gorriz jantzi, eta musikaz eta parrandarako gogoz bete daUdaltzainak saiatu dira plazan ikurrinak egotea eragozten, baina hamaika sartu dira

Udaletxeko plazan, urtero bezala, jendetzak egin zuen bat atzo Iruñeko besten hasiera iragartzen duen txupinazorako. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Sanferminekin batera itxuraldaketa erabatekoa jartzen da martxan Iruñean. Atzo eguerdian eztanda egin zuen, ohi bezala, besten hasiera iragarri zuen txupinazoak, eta, suziria lehertzearekin batera, Iruñeak egunerokoa ez duen aurpegia erakutsi zien etxekoei, bai eta Nafarroako hiriburura ailegatu diren bisitari guztiei ere. Lehen hutsik zena, jendez bete zen. Bestak hartu zituen hiriko txoko guztiak, eta uztailaren 14a bitarte zaila izanen da musikaz, parrandaz, edariz eta bestarako gogoz beteta ez dagoen izkinarik aurkitzea.

Eguerdiko hamabietan eman zion su suziriari Iruñeko alkate Enrique Maiak. Udaletxe plazan, dena den, besta anitzez ere goizago hasi zen. 09:30erako jada hasi ziren lagun taldeak plazanbat egiten. Iruñetik kanpoko jendea zen gehiena, ordu horretan, etxekoak, hamaiketakorakoprestatzen ari baitziren, oraindik ere.

Eguraldia alde izan zuten iruindarrek, eta tarteka hodeiek zerua estali bazuten ere, eguzkia izan zen nagusi. Plazako tenperaturak, hala ere, eguzkiaren eraginez baino gehiago, bertan zirenen bestarako grinaren eskutik egin zuen gora.

Plazan, eguerdia hurbildu ahala, koloreak aldatuz joan ziren. Hasieran zuri zen arropa ardoaren, xanpainaren, ketxuparen ondorioz gorri eta beltz bilakatu zen. Hasieran, lagun talde txikia zen, baina, gero, jende andana bihurtu zen. Jendetzak hartu zuen plaza. Inork ez zuen txupinazoaren unea galdu nahi. Denek izan nahi zuten une horren lekuko.

Hamaika ikurrina

Besta izan zen atzoko txupinazoan nagusi, baina hainbat tentsio une izan ziren Udaletxe plazan ikurrinak sartzerakoan. Kalejira egin zuten 11:00 aldera Txapitela karrikatik Udaletxe plazaraino ikurrinaren aldekoek. Txapitelan Foruzaingoa zegoen, baina kalejiran parte hartu zutenek aurrera egin zuten. Mercaderes karrikan, berriz, Udaltzaingoa zuten zain. Bultzadak izan ziren, eta borrak ere eskuetan hartu zituzten udaltzainek. Hala ere, ikurrinak zituzten pertsonek lortu zuten plazara sartzea, eta udaltzainek atzera egin behar izan zuten.

Hainbat ikurrina txiki eta bi handi zabaldu zituzten Udaletxe plazan 11:30 aldera. Euskal presoen aldeko pankarta handi bat ere zabaltzea lortu zuten.

Plazako oihu guztiak San Ferminen aldeko bilakatu ziren eguerdirako minutu eskas falta zirenean. 11:57an zabaldu zen herriko etxeko balkoia, eta, 12:00etan, txupinazoa bota zuen Enrique Maia alkateak. «Pamploneses, pamplonesas, viva San Fermin, Gora San Fermin!», oihukatu zuen UPNko agintariak. Udaletxean bat egin zuten, bertzeak bertze, Yolanda Barcina alkate ohiak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok.

Suziriaren eztandarekin batera besta lehertu zen Iruñean. Sanferminek hartu zituzten hiriko txoko guztiak, eta bestak ez du etenik izanen uztailaren 14a bitarte. Bertze Iruñea piztu da sanferminekin batera, eta bertze Iruñea horretaz gozatzeko aukera izanen dute datozen egunotan etxekoek, bai eta egunotan etorri diren bisitari guztiek ere. Bada zer ikusi eta zer egin. Denentzako bestak baitira sanferminak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.