Datorren asteko estrenaldiak

Droga kontrolatzeko betiko gerra

Stefano Sollima zuzendari italiarrak 'Sicario' pelikularen jarraipena zuzendu du. Emily Blunt ez dago lan berrian

Benicio del Toro aktorea Sicario-ren bigarren zatian agertuko da, aurrenekoko pertsonaia bera jokatzen. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Milurteko berrian, drogaren negozioari buruzko generoak film on batzuk utzi dizkigu. Bakar batzuk aipatzearren, hor dira Fernando Meirelles eta Kátia Lunden Cidade de deus film gogoangarria, Ridley Scotten American Gangster, edota, oso bestelako erregistro batean, Martin Scorseseren The Wolf of Wall Street. Pelikula horiek guztiak, bakoitza bere estiloan eta bere modura, drogen inguruan eratutako mundu baten gainean eraiki dira.

Aurreko horien oihartzunik lortu ez bazuen ere, drogekin lotura zuzena duen beste pelikula kanoniko bat egin zuen Denis Villeneuvek 2015. urtean. Sicario zen pelikula horren izena, eta bertan AEBren eta Mexikoren mugako narkotrafikoaren borroka gupidagabea jasotzen saiatu zen, FBIko agente baten begietatik.

Saritu egin zuten 'Sicario'

Emily Blunt aktoreak egin zuen Sicario-n FBIko agentearena, eta harekin batera beste bi aktore ezagunek egin zuten lan thriller hartan: Benicio del Torok eta Josh Brolinek. Askok konparatu zuten Sicario 2000. urtean Steven Soderberghek zuzendu zuen beste film batekin, Traffic ezagunarekin, ziurrenik del Torok ere parte hartu zuelako film hartan. Nolanahi ere, bi filmok oso bestelakoak ziren egitura zein asmoen aldetik.

Oso kritika onak jaso zituen Sicario-k, bereziki goraipatu zizkioten lortutako errealismoa eta erritmo bizia. Genero pelikula izan arren, Villeneuvek Cannesko Sail Ofizialean muturra sartzea lortu zuen, eta bertan izandako harrera onak ahalbidetu zion filmari oihartzun handiagoa lortzea. Ekonomikoki ere negozio ona izan zen: 30 milioi dolarreko (25,8 milioi euro) aurrekontua izan zuen, eta 85 milioi inguru (73 milioi euro) eskuratu zituen.

Sari batzuk ere jaso zituen Sicario-k, baita Oscar sarietarako hiru izendapen ere. Ez zuen batere lortu, baina filma bere horretan ez uztea erabaki zuten ekoizleek. Horiek horrela, Sicario-ren jarraipena prestatzera ekin zioten berehala.

Zuzendari aldaketa

Sicario: Day of the Soldado da jarraipenaren izena. Lehenengoaren aldean, bi dira berri honek aurkezten dituen nobedade nagusiak. Batetik, Denis Villeneuvek zuzendaritza lanak utzi ditu, besteak beste Blade Runner-en segidarekin oso lanpetua izan baita. Haren ordez, mafiaren inguruko Suburra filma zuzendu zuen Stefano Sollima italiarra jarri da kameraren atzealdean.

Bestetik, aurrekoan protagonista izan zen Emily Blunten rola desagertu da Sicario: Day of the Soldado-tik. Beste bi aktore protagonistek, Benicio del Torok eta Josh Brolinek, ordea, saileko bigarrenean segitu dute .

Istorioaren muina ez da sobera aldatu bigarren Sicario honetan, AEBetako eta Mexikoko mugan drogako kartel boteretsuek duten gerrak da oraindik ere gai nagusia. Guztiak kontrolari ihes egiteko arriskua ikusten dutenean, Matt Graver agente federalak Alejandro Gillickengana jo beharko du berriro ere.

'SICARIO: DAY OF THE SOLDADO'

Zuzendaria: Stefano Sollima.

Aktoreak: Benicio del Toro, Josh Brolin, Matthew Modine, Catherine Keener, Isabela Moner.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2018.

Iraupena: 122 minutu.

Generoa: Thriller.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.