Haztera behartutako haurrak

Pilar Palomero zaragozarraren bigarren film luzeak haurdun dagoen 14 urteko neska bat du protagonista

Ama nerabeentzako La Maternal egoitzan elkartuko den neska taldea, filmeko une batean. LA MATERNAL.
Uxue Arzelus Lasa.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
2020an, nerabezaroan sartzear zeuden neskatila batzuen bizitza kontatu zuen Pilar Palomerok. Las niñas 1990eko hamarkadan kokatzen zen, Zaragozako mojen ikastetxe batean (Espainia), eta 11 urteko Celia zuen protagonista, bere amarekin bizi zen haurra. Haurtzarotik nerabezarora egin beharreko saltoa erretratatu zuen zuzendariak bere lehen lanean; naturaltasun eta samurtasunez beteriko kontakizun batean.

La maternal Palomeroren bigarren filma da. Bertan, heldu izatera behartuta dauden neska nerabeen istorioa kontatzen du. 14 urteko Carla bere amarekin bizi da, herri baten aldirietako jatetxe zahar batean. Carla errebeldea da, desafiatzailea, isilik gelditzen ez den horietakoa, apur bat antipatikoa; azken batean, nerabea. Bere egunerokoa, ordea, erabat aldatuko da La Maternal zentrora bizitzera doanean. Ama nerabeentzako egoitza bat da La Maternal. Bertan, ertzetan gelditzen diren bizi istorioak dituzten neskekin ikasi beharko du heldu izaten, eta amatasunak dakartzan erantzukizunez jabetzen joango da.

Ama-alaben harremanak, belaunaldiz belaunaldi errepikatzen diren istorioak, gizartearen aldirietan dauden bizitzak eta behar baino lehen amaitzen diren nerabezaroak jartzen ditu filmak erdigunean. Eta, horri guztiari eusten, aktore gazteen taldea. Las niñas-ekin egin zuen bezala, filma egiaz eta naturaltasunez osatzen duten antzezpenak bilduko ditu zuzendari zaragozarrak. Ikuslea istoriora gerturatzeko gaitasun berezia du Palomerok, eszena bakoitzarekin hunkitu, haserretu eta samurtzea lortzen du. Dohain hori, neurri handi batean, egiten duen aktore hautaketarekin eta aktoreen zuzendaritzarekin dago lotuta, eta neska eta emakume horiek erretratatzeko erakusten duen sentsibilitateak borobiltzen du.

Aktore ez profesionalak

Bigarren filmean, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugarekin jokatu du zinemagileak. Egoitzan bizi diren neska gazteen talderako benetako ama nerabeen esperientziak hartu zituen abiapuntutzat, eta esperientzia horiek bizitako hainbat neskak parte hartu dute filmean. Aktore ez profesionalek osatzen dute taldea, eta horrek ematen dio kontakizunari nolabaiteko egiazkotasuna, baita gordintasuna ere.

Carlaren rola antzezteko, filmeko lantaldea hiru hilabetez ibili zen castingak egiten, eta protagonistaren zama eramateko aproposa zen neskarik topatzen ez zutela, Carla Quilez katalanarekin topo egin zuten. Haren Instagrameko kontuaren bitartez aurkitu zuten.

Film, gidoi, zuzendaritza berri eta argazkilaritza onenari Goya sariak, Malagako jaialdian film onenari eta argazkilaritzari sariak, Forque saria, hiru Feroz sari, lau Gaudi eta Platino saria lehen lan onenari. Las niñas-ek arrakasta itzela izan zuen zinemaldietan eta sari banaketetan, eta Palomeroren bigarren lana bide beretik doala uste du kritikak. Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu da, eta Carla Quilez aktoreak interpretazio nagusi onenaren zilarrezko maskorra jaso zuen. Zinemaldian saritutako pertsonarik gazteena bihurtu zen.

'LA MATERNAL'
Zuzendaria: Pilar Palomero.
Gidoilaria: Pilar Palomero.
Aktoreak: Carla Quilez, Angela Cervantes, Jordan Dumes, Pepe Lorente, Olga Hueso, Ruben Martinez, Gal-la Sabate, Neus Pamies.
Generoa: drama.
Urtea: 2022
Iraupena: 122 minutu.
Herrialdea: Espainia
Estreinaldia: azaroaren 18an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.