Trenque Lauquen tonu, narratiba eta gai guztiz ezberdina duten bi filmetan eta 12 kapitulutan banatuta dago. Lehen filmak Laura du erdigunean. Laura gobernuko langilea da, eta eskualdeko landare eta loreak sailkatzen egiten du lan. Hiriko irratsaio batean ere kolaboratzen du, ezezagunak diren eta historikoki esanguratsuak izan diren emakumeei buruzko atal batean. Laura, ordea, desagertu egingo da, eta filmak haren bila hasiko diren bi lagunen ahaleginen berri emango du: Rafaelen eta Ezequielen ibileren berri, hain zuzen.
Rafael Lauraren bikotea da; Ezequiel, berriz, haren laguna eta maitalea, baita laneko kontuengatik autoan leku batetik bestera eramaten duen txoferra ere. Bilaketak aurrera egin ahala, agerikoa izango da gizon bakoitzak Lauraren bertsio bat ezagutu dutela. Era berean, Laura eta Ezequiel beste misterio baten atzetik zebiltzala ikusiko da: 60ko hamarkadako bi maitaleren istorioa. Udal liburutegiari dohaintzan emandako liburu batzuen orrien artean ezkutatuko eskutitzetan izango dute Paolo italiarraren eta Carmen argentinarraren arteko maitasunaren berri.
Bigarren zatiak, Rafael eta Ezequielen bilaketa alde batera utzi, eta Juliana eta Elisarengan jartzen du arreta. Lehena Laurak parte hartzen duen irratsaioaren gidaria da, eta bigarrena medikua, hiriko lakuan aurkitu duten izakiaren ikerketaren arduraduna. Izan ere, izaki misteriotsu bat ikusi dute, eta bizilagunak galdezka ari dira animalia, gizakia edo mamua den. Bi emakumeek Lauraren beste alderdi bat ezagutzen dute.
Laura Citarellaren lehen film luzea Ostenden girotua zegoen, Buenos Aires probintziako kostako hiri txiki batean. Filmeko protagonista, Laura, gauza xelebreak entzun eta ikusten hasiko da, eta misterioz inguraturik dagoela sinetsiko du. Citarellak aitortu duenez, film bera egitea zenbere ideia; urte batzuk pasatu dira, eta Laura —lehen filmeko aktore berak antzeztuta— beste leku batean dago, Trenque Lauquenen, Panpan. Oraingoan, ordea, Laura bera izango da misterioaren parte.
El Pampero Cineko kide
El Pampero Cine taldeko kide da Citarella. Ekoiztetxe gisa baino gehiago, Argentinan egindako zinemaren praktika eta prozedurak berritu eta haiekin esperimentatzeko prest dagoen talde gisa definitzen dute euren burua. 2002. urtean sortu zuten taldea, eta Mariano Llinasewk, Laura Citarellak, Agustin Mendilaharzuk eta Alejo Moguilanskyk osatzen dute. Estetikoki berritzaileak izateaz gain, iraultzaileak dira produkzio eta emanaldi zirkuituetan ere: finantzabide klasikoei uko egiten diete, baita zinema areto komertzialei ere. Do It Yourself filosofia dute: haien artean egiten dute dena, eta filmetik filmera eginbeharrak aldatzen dituzte. Horrela, zuzendaritzaz, produkzioaz, gidoiaz, muntatzeaz eta antzezteaz ere arduratu daitezke. Film bakoitzaren grabaketa bidaia baten antzera bizi dute, eta haien independentziak modua ematen die egutegi eta lan egitura zurrunetatik aldentzeko.
Filmeko pertsonaiak itsutzen dituzten misterioen funtsak baino gehiago, erantzunak bilatzeko irrikak du garrantzia Trenque Lauquen-en. Citarellak bilaketa horretan murgiltzearen alderdi askatzailea nabarmentzen du, eta nola puzzlearen pieza guztiak topatu arren zenbaitetan ezinezkoa den egia hori ulertzea.
'TRENQUE LAUQUEN'
Zuzendaria: Laura Citarella.
Gidoilariak: Laura Citarella, Laura Paredes.
Aktoreak: Laura Paredes, Ezequiel Pierri, Rafael Spregelburd.
Argazkia: Yarara Rodriguez.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 250 minutu.
Herrialdea: Argentina.
Estreinaldia: Ekainaren 9an estreinatuko da Hegoaldean.
Egiaren atzetik ibiltzeko irrika
Askotariko misterioak argitu nahian ari diren pertsonaien istorioa kontatzen du Citarellaren 'Trenque Lauquen'-ek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu