Datorren asteko estreinaldiak

Fantasian ezkutatu zen idazlea

Dome Karukoski zuzendariak J. R. R. Tolkien 'Eraztunen Jauna'-ren idazlearen gaztaroa eraman du zinemara

Gizon bakarti bat, iraganeko emakume baten bila, Bi Ganen filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
J. R. R. Tolkienen lan literarioak gutxi izanagatik, horiek izugarrizko eragina izan dute genero fantastikoan eta, oro har, literatura garaikidean. The Silmarillion, The Hobbit eta The Lord of The Rings-ek unibertso berezi eta mugaezin bat sortzeko balio izan dute, eta milioika irakurle gelditu dira alegiazko mundu horretan harrapatuta.

Zinema ere ez da eragin horretatik aparte geratu, eta Tolkienen lan nagusiek pantaila handirako egokitzapenak izan dituzte. Horien artean, Peter Jacksonen moldaketak dira mugarri, baina The Lord of The Rings eta The Hobbit-en moldaketa horiez gain, izan dira liburuen fantasia irudi bihurtzeko beste hainbat ahalegin nabarmenak: esate baterako, 1978an Ralph Bakshik egindako film animatua.

Oraingoan, haren obrari ez, baizik eta pertsonari berari erreparatu nahi izan dio Dome Karukoski zinemagile finlandiarrak, AEBetako Tolkien filmarekin. Izenburuak argi uzten duen moduan, idazlearen gaineko biopic-a da proposamenaren muina; gehienbat Tolkienen gaztaroko urteak dira lanean bildu dituztenak: ikasle garaia,haren bizitza osoa markatuko zuen maitasuna, Lehen Mundu Gerra...

Hizkuntzalari eta irakasle

Idazleak erabili zuen J. R. R. laburdura horren atzean, John Ronald Reuel izena dago. Hegoafrikan jaio zen, 1892. urtean, jatorriz britaniarra zen familia batean. Lau urte zituenean, aita hil zitzaion, eta orduan amak erabaki zuen familia Erresuma Batura itzultzea.

Tolkien oso ikasle ona izan zen, botanika, biologia eta artea zituen gustuko, baina, bereziki, hizkuntzekiko zaletasun handia erakutsi zuen gazte-gaztetatik. Amaren eraginez, fede katolikoan hezi zuten idazlea. Tokienek hamabi urte zituenean, ama hil egin zen; idazle izango zena eta anaia umezurztegi batean sartu zituzten, eta eskola katoliko batean jaso zuten heziketa.

Horren ondoren, Oxfordeko unibertsitatean sartu zen Tolkien gaztea, eta, han, filologia ikasketak egin zituen, arrakasta handiz. Hainbat urte geroago, unibertsitate horretara itzuliko zen, linguistika irakasle lanetan aritzeko. Bere bizitza osoan hizkuntza ugari ikasi zituen, eta, horrez gain, beste hainbat hizkuntza asmatu zituen. Horietako batzuk bere lanik ezagunenetan erabiliko zituen.

Lehen Mundu Gerran borrokatu zen idazlea. Besteak beste, Sommeko guduan izan zen, eta lagun asko hiltzen ikusi zituen han. Esperientzia horrek arrasto sakona utzi zion, eta lan literarioetan eragin nabarmena izan zuen.

Irakaskuntzan aritzearekin batera, tarteka narrazio fantastikoak idazten zituen Tolkienek, baina, nonbait, ez zuen inongo asmorik horiek argitara emateko. Nolanahi ere, 1937. urtean, The Hobbit argitaratu, eta arrakasta nabarmena lortu zuen.

Lagunek bultzatuta, horren jarraipena idatzi zuen, eta argitara eman zuen: 1954an lehen partea, eta hurrengo urtean bigarrena. Liburuaren izena The Lord of the Rings zen (Eraztunen jauna, euskarazko itzulpenean) eta hortik aurrerakoa kultura garaikidearen historia da.

'TOLKIEN'

Zuzendaria: Dome Karukoski.

Aktoreak:Nicholas Hoult, Lily Collins, Genevieve O'Reilly, Colm Meaney, Tom Glynn-Carney, Derek Jacobi.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Iraupena: 112 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.