Kataluniako hauteskundeak. Auzibideak

Prozesu subiranistaren aurkako kausa zabaldu du Auzitegi Gorenak

Independentziarako bide orria ezarri zuten batzordeko kideak ikertzeko agindu du Llarena epaileak. Aske uzteko eskatu du Junquerasek, «elkarrizketan» oinarritutako programa defendatzeko

Tentsio uneak izan ziren atzo Lleidan, Sixenako artelanak Espainiara eramatea eragotzi nahi zutenen eta Mossos d'Esquadren artean. ADRIÁN ROPERO / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Pablo Llarenak eskatu dio Guardia Zibilari iker ditzala Kataluniaren independentziarako bide orria ezarri zuten batzordeko kideak. Jakin nahi du zein rol jokatu zuten. Beraz, prozesu subiranistaren aurkako kausa judiziala zabaltzea erabaki du Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak. Ikerketapean jarri ditu politikari kargudunak —Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia, adibidez—, baita batzordearen jarduna babestu zuten eragile sozial independenteak ere. Hortaz, Llarenak irekitako diligentziek ehunka laguni eragin diezaiekete.

Zenbait komunikabidek atzo kaleratutakoaren arabera, kausaren sumarioan berebiziko garrantzia du Generalitatearen barne dokumentu batek. Josep Maria Jove Generalitateko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko idazkari nagusiaren etxean atzeman zuen Guardia Zibilak joan den irailaren 20an, urriaren 1eko erreferenduma prestatzea egotzita hamabost lagun atxilotu zituenean. Dokumentu horrek zehazten du, ustez, independentziarako bide orria, eta batzordearen jardunaren berri ematen du.

Matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra delituak egotzita inputatuta dauden Kataluniako Gobernuko kideen defentsek zalantzan jarri dute dokumentu horrek sumarioan eduki dezakeen balioa. Halere, Llarenak horri heldu dio, hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuta adierazitakoaren arabera, Oriol Junqueras presidenteordea, Joaquim Forn Barne kontseilaria, eta Jordi Sanchez zein Jordi Cuixart ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta Omnium Culturako presidenteak espetxean mantentzeko.

Llarenak eskatu dio Guardia Zibilari argitu dezala ea independentzia lortzeko ahaleginenean estrategiarik partekatu ote zutenCDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoak, ERCk, ANCk, Omnium Culturalek eta AMI Independentziaren aldeko Udaleko Elkarteak. Eta jakin nahi du, besteak beste, irailaren 20an eta 21ean —Ekonomia Kontseilaritza miatu zuten—, urriaren 1ean, eta urriaren 3ko zein azaroaren 8ko greba orokorretan «ekintza biolentorik» egon ote zen. Horretarako, bideoak, argazkiak eta beste eskatu ditu.

Gorenak joan den azaroaren 24an hartu zuen Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzi judizialaren erabateko kontrola, eta bi erabaki hartu zituen lehengo astean. Batetik, auzia Belgikatik Espainiara lekualdatzeko asmorekin, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta lau kontseilariri Auzitegi Nazionalak ezarritako euroaginduak kentzea. Eta, bestetik, Junquerasi, Forni, Sanchezi etaCuixarti Auzitegi Nazionalak jarritako kautelaneurriei eustea.

Hain zuzen, Junquerasen defentsak haren kartzelatzearen aurkako apelazio helegitea aurkeztu zuen, atzo, Auzitegi Gorenean. ERCren zerrendaburua da abenduaren 21eko bozetan, eta,haren abokatuen arabera, espetxetik kanpo egon beharra dauka «elkarrizketan» oinarritutako programa defendatu ahal izateko. Defentsak dioenez, kanpainan parte hartzeko eskubidea du, eta ez dago, gainera, haren behin-behineko kartzelatzea justifikatzen duten ustezko delituak errepikatzeko arriskurik.

Aldebakarreko bidea

Alderdiak kanpainan murgilduta daude. Eta ERCk, azken asteotan esandakoaren kontrara, ez dio aldebakarreko bideari muzin egiten. Hala egingo luke, Rovirak herenegun adierazi zuenez, subiranismoak irabazi «eta Espainiako Gobernuak negoziatzeari uko egiten badio». Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea mintzatu zen atzo, ekitaldi batean, eta Rovirari gogorarazi zion Espainian «beti» betetzen dela legea. «Eta hala jarraituko du». ERCko idazkari nagusiak geroxeago erantzun zion, mitin batean: «Rajoyk ez badu aldebakarreko biderik nahi, ez luke negoziazio mahaitik altxatu beharko».

Josep Rull Junts Per Catalunyaren hautagaiak, berriz, nabarmendu zuen hilaren 21eko hitzorduan bi aukera daudela:«Nazioaren eta sumisioaren artean aukeratzea tokatzen da». Eta Carles Riera CUPeko zerrendaburua TV3n elkarrizketatu zuten. Zehaztu zuen zein bi baldintza jartzen dituzten antikapitalistek, gobernu independentista bateko kide izateko: «Generalitatea berrezartzea eta errepublika gauzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.