Kolonbia hauteskundeei begira

Gobernua «erantzun sendoa» ematen hasi da ELNren kontra

Erredakzioa
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Joan den astean 101 eguneko su-etena apurtuz geroztik, ELNk eta gobernuak gogor ekin diote garai berriari. Joan den larunbatean, Ecopetrolen Trasandino Oliobidea leherrarazi zuen ELNk, Nariño eremuan, eta gobernuak, berriz, 22 gerrillari atxilotu zituen joan den astelehenean, Luis Carlos Villegas Defentsa ministroak jakinarazi duenez. «Indar Publikoaren erantzuna [polizia eta militarrena] sendoa da, eta hala jarraituko du. Operazioetan hasi besterik ez gara egin». Defentsa ministroaren arabera, horien artean daude hainbat buruzagi, besteak beste, Jose Gregorio Torres Walter Gerra Zentraleko Fronteko burua. Larunbatean leherketa izan zen lekuan aritzen diren sei gerrillari «garrantzitsu» ere atxilotu dituzte.

Joan den urriaren 1etik urtarrilaren 9ra iraun duen su-etena izan da gerrillak eta gobernuak lortu duten akordiorik emankorrena, elkarrizketak hasi zituztenez gero, duela urtebete. Bi aldeak zeuden prest su-etena luzatzeko, baina gerrillariek eskatu zuten negoziaziorako hainbat termino aldatzeko, hartutako konpromisoak betetzeko, eta, horrez gainera, militarren presentzia txikitzeko hainbat eremutan. Izan ere, ELNkgobernuari leporatu dio gerrillak su-etena errespetatu duela baina gobernuak denbora hori baliatu duela gerrillaren lekuei behatzeko eta komunitateetako liderrei jazartzen eta haiek hiltzen jarraitzeko. Hain zuzen, lider horien segurtasuna bermatzea izan zen gobernuak hartu zituen konpromisoetako bat.

NBE, elkarrizketa eske

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres Kolonbian izan berri da, eta Juan Manuel Santosi eskatu dio elkarrizketak berriz bidera ditzala, baina gobernuak «oraingoz» ez du horretarako asmorik, nahiz eta beste su-eten bat negoziatzen saiatuko den. «Hala ere, ELNren esku dago su-eten berria martxan jartzea, bera baita apurtu duena».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.