Zaldibarko luiziaren urteurrena

Eitzaga, munduaren izkina bat

Zaldibarko kalegunetik urrun, zabortegi azpiko auzoko biztanleek «baztertuak» sentitu direla salatu dute azken urte osoan. Azpiegitura handiz inguratuta daude, eta porlanarekin ordaindu dute hainbat herriren artean egotea.

Eitzaga auzoa, A-8 autobidearen, Ermuko saihesbidearen eta trenbidearen artean gordea. RAUL BOGAJO / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zaldibar
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Mundua biribila da, baina baditu izkinak. Mapetako lerro asmatuek marrazten dituzte izkina horiek, eta izkinak dauden tokian bazterrak agertzen dira. Ikusi nahi ez dena edo traban dagoena pilatzeko erabiltzen dira bazterrak, eta hori izaten da mapetako izkinetan dauden lurraldeen patua. Eta Euskal Herrian izkinarik badago, huraxe Eitzaga da, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia hartzen duen 37 biztanleko auzoa. «Gutxi bizi gara hemen, eta errazak gara sakrifikatzen. Guztiarengandik urrun gaude, eta ez gara inor». Kexu gordina Oskar Morales bertako bizilagunarena da.

Eitzagako biztanleek informazio urria eta agintarien «utzikeria» salatu dituzte azken urte honetan. Zabortegiko luiziaren kudeaketa, baina, ez da izan jasan duten «bazterketa» bakarra. Auzokideen kexak sustrai sakonagoak ditu, azpiegitura handiz inguraturiko auzoa baita. Plazan konpas erraldoi bat jarri, eta kilometro bateko zirkunferentzia bat marraztuz gero, porlan eta asfalto ugari aurki daiteke: A-8 autobidea auzoaren gainetik igarotzen da, baita Ermuko saihesbidea ere; haren azpitik Bilbo-Donostia trenbidea doa; Aixolako urtegia kilometro batera dago, Gueñes-Itsaso tentsio handiko argindar linea goitik behera datorkie, eta lau zabortegi ireki dituzte azken hamarkadetan —Verter Recyclingena, haren azpian zegoena, eta aurretik itxitako bi—.

«Zaldibarrek, ahal izan duenean, dena eraman du Eitzagatik. Zabortegien zergak-eta... Eta ekarri? Zaborra baino ez», azaldu du Sabin Zubirrementeriak, iaz arte auzoko batzarreko buru izandakoak. «Urtegia egin bazuten, toki aproposa zelako egin zuten. Bi erreka elkartzen ziren bertan, eta aurretik ere eramaten zuten ura Eibarrera handik. Gipuzkoako Aldundiak bultzatu zuen. Eta autobidea, bada, diseinua halakoa zelako. Baina beste guztia? Zabortegiak norbaitek hala erabaki zuelako egin ziren hemen, eta Ermuko saihesbideak beste bide posible bat bazuen. Guri ez digute inoiz galdetu. Etorri, obra egin, eta dena kakaztuta utzi dute beti».

Ermua? Eibar? Gipuzkoa? Baina Eitzaga ez al da Zaldibar? Eta hura Bizkaia? Zer da saltsa geografiko hori? Ondo azaltzeko azpiegituretarako erabilitako kilometro bateko konpas bera hartu behar da, eta mapa baten gainean jarri. Zirkunferentzia horrek bi probintzia ukituko lituzke: Gipuzkoa eta Bizkaia; hiru mankomunitate: Debabarrena, Debagoiena eta Durangaldea, eta bost udalerri: Eibar, Elgeta (Gipuzkoa), Ermua, Mallabia eta Zaldibar (Bizkaia). Eitzagatarrek Ermuan eta Eibarren egiten dute bizitza, parean dituzte, baina udaletxea Zaldibarren dute, Jainaga gainaren beste aldean. Horregatik, zabortegiak su hartu zuenean, kea ez zen haraino iritsi.

Zabortegiko hondamendiak ez du lagundu bazterketa sentsazioa leuntzen. «Zazpi hilabete dira Zaldibarko alkatea ikusi nuen azken alditik», salatu du Moralesek. «Luiziaren ondoren gurekin bildu zen, baina behartu egin genuelako, eta beste agintariak, berdin. Ingurumen sailburuordeak hasieran esan zigun kamioi joan-etorria lau hilabeteko kontua izango zela; bada, urte osoan ibili dira hemendik. Ehunka kamioi etxeko atetik bi metrora, egunero. Behin-behineko segurtasun biltegiak eraikitzeko ziren, eta, azkenean, beste zabortegi bat egin dute. Zorionez ez da istripu larririk egon, baina zorte kontua izan da. Etxe batzuetan arrakalak atera dira, eta hemen gaude, zain». Luiziak zabortegiko sarrera nagusia hondatu zuen, eta atzekoa lehenetsi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak. Hara iristeko, Eitzaga gurutzatzea erabaki zuen.

Osasun azterketarik ez

Auzokide batzuek bost hilabete egin zituzten etxetik kanpo; beste batzuk etxean urik gabe daude oraindik ere, eta lurren desjabetzeak ere izan dira. Ardura zabalduena, dena den, osasunarena da. «Zer kostako da 37 pertsonari osasun jarraipena egitea?», galdetu du Zubirrementeriak. «Eitzagako 37 biztanleei, eta hala eskatzen duten alboko auzoetakoei, noski. Hemen badaude biriketako gaitzak dituztenak. Erori zenean, su hartu zuen zabortegiak, eta ke handia irten zen, baina aurretik sute ugari izanak ziren. Orain hauts pila bat zabaldu da, baina zakar kutsatuek urteak egin dituzte airean. Amiantoa? Noski, eta auskalo industrian erabilitako zenbat produktu kutsagarri. Jaurlaritzari eskatu genizkion azterketak, eta mozio bat aurkeztu genuen udalean, baina ez genuen ezer lortu».

Jaurlaritzak agiri bat bidali zien azaroan Eitzagako biztanleen ordezkariei, eta esan zien osasuna zaintzeko «berariazko sistema» bat ezartzeak «zentzurik ez» zuela. «Monitorizaturiko gaien» azterketaren arabera, oharrak zioen herritarren osasunerako arriskua ez dela areagotu. «Hidrokarburo aromatiko poliziklikoen eta dioxinen bi igoera» antzeman zirela, baina «2020ko otsailean egoniko gai toxikoen esposizioaren ondorioz» ez dela espero populazioaren osasunean ondoriorik agertzea.

Duela bi aste, halere, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburuak jakinarazi zuen, bere sailaren iritziz, Verter dela luiziak eragindako kalte ekologikoen errudun. Lur gaineko zein azpiko uren kutsadura aipatu zuen, baita lur gainean pilaturiko amiantoa ere. «Hilabeteak daramatzate esaten dena ondo dagoela, eta orain hau irten da. Filtrazioak? Noiztik? Zabortegi azpiko geruza hautsi egin al da? Bizilagunei ez digute ezer esan, eta alboan bizi gara. Eta lurrekoa? Hauts hori gure gainean erortzen da», kexatu da Morales.

200 kamioi egunero

Kamioien joan-etorria aipatu dute bizilagunek kexaren hasieran, tamalez oso ohikoa izan delako Eitzagan azken urteetan. Eta ez zabortegira zihoazenak, haiek autobidearen beste aldetik igotzen zirelako. 2013 eta 2019 bitartean, baina, bi obra erraldoi kateatu zituen auzoak: Ermuko saihesbidea eta trenak Ermua gurutzatu ez zezan eginiko kilometro bateko tunela... Eitzagara doana. «Dinamitaz eginiko zuloa da, eztandaka. Hura zen zarata! Eta material guztia Eitzagatik atera eta sartu zuten: ferralla, lurrak, kamioiak... Ermuko saihesbidearekin berdin, porlanezko zutabe handi horiek... Egia da saihesbidearen %95 Ermuko lurretan dagoela, baina kalteak non eragiten ditu? Egun batzuetan 200 kamioi igaro dira hemendik».

A-8 autobidea izan zen asfaltoak auzoari emaniko lehen hozkada, 1972an. Erditik igarotzen da, eta tunel bat egin behar izan zuten auzoa bitan banatu ez zezan. Gero iritsi ziren lau zabortegiak. Zubirrementeriak memoria astindu du: «Zaldibarko Udalak denak baimendu zituen, harrobi izandako edozein zulotan. Verterrena aurretik egondako beste zabortegi baten gainean eraiki zuten. Haren jabeak eskatu zuen baimena lehenbizi, berriz ireki, handitu, eta obretako lurrak hartzeko, baina ez zioten eman. Gero Barinaga [Verterren jabea] sartu zen. Harreman onak zituenez, baimenak eskatu zituen, eta lurrentzako zabortegi beharko lukeena zabortegi industrial bilakatu zen».

Aurretik zegoen zabortegi hartan 1983ko uholdeetako zakarrak bota zituzten, besteak beste. Garai hartan ume ziren Eitzaga inguruko bizilagunek diote zabortegira ez gerturatzeko agintzen zietela, produktu toxikoak zeudelako. Zabortegien inguruko laidoen liburura gehitu beharreko beste pasarte bat da 1998an egin ez zen herri galdeketa. Zaldibarko Udalak eitzagarrei zabortegi berriaren inguruan galdetzea onartu zuen, eta eskaera udala eta Espainiako Gobernuaren arteko burokrazia bidean galdu zen.

Itsaso-Gueñes tentsio handiko argindar linea izan da auzora iritsi den azken bizilagun deserosoa. Elgetako lurretan behera jaisten dira metalezko dorre erraldoiak, eta Verterren zabortegiari goraka hazteko muga ezarri zioten. Zabortegia amildu zenean dorreetako bat bota zuen. Oraingoz ez du traba handirik egiten, badituzte beste lehentasun batzuk. «Bidea konpontzeko, esaterako, askotan bi udaletxetara deitu behar dut», salatu du Moralesek —40 urteren bueltan dabil, eta auzoko bizilagun gazteenetakoa da—. «Auzo sarreraraino Ermua da, eta, gero, Zaldibar. Ermuko Udalean nekatuak ditut, baina egia da Aixolara doan jende gehiena Ermukoa dela, eta haiek erabiltzen dutela bidea. Zaldibarkoan, berriz, ez dituzte gure eskaerak betetzen».

Urtegiko tragedia

Aixola aipatu du, Eitzaga ezin baita ulertu urtegirik gabe: auzoa gurutzatzen duten auto eta ibiltari gehienak harantz doaz. 1982an inauguratua, Eibarrera ura eramateko eraiki zuten. Egun Urkuluko urtegia urez hornitzeko erabiltzen da. Zubirrementeriaren jaiotetxe zen baserria harresiaren azpian gelditu zen, eta beste hainbat ur azpian. Hura eraikitzeko, auzoko bideak hobetu zituztela gogoan dute biztanleek, baina hura ere ez zen doan izan. Eraiki eta gutxira tragediak astindu zuen auzoa: 1987ko irailaren 2an, uraren ateak ireki eta errekan bainatzen ari zen 6 urteko ume bat itota hil zen; kilometro batera aurkitu zuten, gorpu.

Moralesek ez du hura ahaztu. «Sirenak ez zuen jo. Ura askatzean jo behar zuen, emaria handituko zela abixatzeko. Oroitzen naiz agintariak barkamen eske etorri zirela gero, Gipuzkoako ahaldun nagusia-eta». Auzotarrek udan Aixolako errekara bainatzera joateko ohitura dute, baina Moralesek seme-alabei ez die uzten bakarrik joaten. «Azken urtean hainbatetan ireki dituzte urtegiko ateak, gainezka baitago. Errekaren emarian nabaritzen da, eta sirenak ez du jotzen. Jendea ibiltzen da errekan udan, berriz ere gerta daiteke. Horretarako ere ahaztuta gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.