Berdintasunetik urrun

Arabako kontzejuetan eta administrazio batzarretan emakumeen eta gizonen partaidetzaren arteko arrakala handia da, ikerketa baten arabera. Hogei urtean emakume bat bera ez da egon Arabako 45 herrietako administrazio batzarretan. Gaur egun, kontzejuetako hautetsien %24,6 baino ez dira andrazkoak.

Gasteizko kontzejuetako hainbat emakume, bilera batean. EMACOVI.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Historikoki Arabako kontzejuak gizonezkoen eta gizonezkoentzakoeremuak izan dira. Eta gaur egun ere horrela dira. Emakumeen eta gizonen partaidetzaren artean dagoen arrakala handia da oraindik Arabako erakunde txikienetan. 2017ko hauteskundeetan aukeratutako hautetsien %24,6 soilik izan ziren emakumeak, eta emakume bat ere ez zuten aukeratu kontzejuen %45,5ek. «Arabako kontzejuetan eta administrazio batzarretan emakumeen presentzia paritarioa eta orekatua izatetik urrun dago». Mentxu Ramilo Araujok, Eva Martinez Hernandezek eta Miriam Ocio Saenz de Buruagak landutako ikerketaren ondorio nagusia da hori. Emakumeon parte hartzea Arabako kontzejuetan. Beraien presentzia, arrazoi eta estrategietara hurbilketa bat izenburuko azterlana aurkeztu berri dute hiru ikerlariek. 1997tik 2017ra bitartean emakumeek herrialdeko kontzejuetan izan duten parte hartze politikoa zein baldintzatan izan den aztertu dute. Emakundek genero eta berdintasunaren alorrean urtero eskaintzen duen bekarekin landu dute txostena.

334 kontzeju daude Araban, zazpi kuadrilletako 34 udalerritan banatuta. Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna duten erakunde txikiak dira, eta beren interesak kudeatzeko autonomia dute. «Harribitxiak dira», adierazi du Mentxu Ramilo ikerketaren koordinatzaileak. Emakumeen begiradetatik kontzejuen errealitatera hurbiltzeko aukera izan dute hiru ikerlariek azterlanarekin. Orotara, kontzejuetako 102 emakume elkarrizketatu dituzte,eta ondorio argi bat atera dute: «Demokrazia zuzenaren isla dira kontzejuak, zaindu beharrekotokiko erakundeak dira, baina emakumerik gabe ez dira guztiz demokratikoak izango».

Izan ere, tradizionalki gizonezkoen eremuak izan dira kontzejuak, eta gaur egun oraindikgenero desberdintasunek bere horretan diraute. «Egoera apurka-apurka aldatzen ari da: parte hartzea handituz joan da; sinesmenak eta pentsamoldeak aldatuz doaz, baina oraindik bide asko dago egiteko», azaldu du Martinezek.

Denak ez dira berdinak

Emakumeen parte hartzea ez da bera kontzeju guztietan. Kuadrillen artean alde handia dago. Lautadan eta Gasteizen dago partaidetzarik handiena, eta haietako kontzejuetan daude emakumezko hautetsirik gehienak. Aiaraldean emakumeak daude kontzejuen %75etan, Lautadan kontzejuen %62,5etan; Gasteizen, %59tan, eta Gorbeialdean, %54,7tan. Beste muturrean daude Arabako Errioxa (%25), Añana (%43) eta Mendialdea (%46,2).

Hamasei kontzeju itxi eta 318 ireki daude Araban. Kontzeju itxietan, auzotarrek aukeratu ez duen administrazio batzar batek gobernatzen du, eta irekietan, aldiz, auzotar guztiek aukeratutako batzarrak. Demokrazia zuzenak funtzionatzen du toki elkarte guztietan, baina parte hartze ereduetan «genero arrakala handia» da oraindik, ikerketak ondorioztatu duenez. Aldeak badaude, hala ere, egitura itxiak eta irekiak dituzten kontzejuen artean: parte hartzea handiagoa da egitura irekiagoak eta horizontalagoak dituzten erakundeetan,eta, aldiz, txikiagoa kontzeju itxietan, egitura itxiagoak eta ohizkoagoak dituztelako.

Nekazaritza eremuetan eta, bereziki, kontzejuetan, andrazkoek«lan ikusezina» egin izan dutehistorikoki. Hasiera batean, gizonezkoek proposatuta eta haien baimenarekin baino ez zuten parte hartzen, eta batzarretako aktak idaztea besterik ez zuten egiten. Emazteak zirelako edo administrazio lanetan trebeak zirelako uzten zieten bileretara joaten, baina ez zuten hitz egiteko eta botoa emateko eskubiderik. Sistema politikoan gertatzen den moduan, kontzejuak ere «gizonen neurrira» antolatu izan dira, Ramiloren arabera. Gainera, tradizioek eta usadioek pisu handia dute kontzejuetan, eta horrekpartaidetzan ere eragina dauka. Alde horretatik, ondorio argia atera dute: «Mendeetan antolaketa eta egitura apenas aldatu duten kontzejuetan emakumeek zailtasun handiagoak dituzte parte hartzeko. Areago, ez dute parte hartzeko beharrik ikusten, eta ez dute sinisten gune publikoa beraiena denik». Errealitate hori islatzen dute datuek: hogei urtean emakume bat bera ere ez da egon Arabako 45 herrietako administrazio batzarretan.

Haatik, badira «ahalduntze prozesu bat» izan duten emakumeak, eta, modu batean edo bestean, nekazaritza eremuan protagonismoa lortu dutenak. Profil horretako emakumeek gehiago parte hartzen dute kontzejuetan eta administrazio batzarretan. Horrek beste ondorio positibo bat dakarrela azaldu du Ramilok: «Orokorrean esan daiteke emakumeen parte hartzeak erakartze efektu gisa funtzionatzen duela beste andrazko batzuk kontzejuetara erakartzeko».

Hala, «erreferenteak» egotea ezinbestekoa da parte hartzea handitzeko, Ramiloren esanetan. Erreferente horiek sortzen laguntzen ari dira hirietatik herrietara bizitzera doazen emakumeak. Gazteak dira, herrian laguntzeko prest daude, eta kontzejuetako bileretan parte hartzen dute «ikuspuntu berri bat» eskainita. Sarri askotan, baina, haien presentzia ez da herriko gizonen gustukoa izaten, eta «gatazkak»sortzen dira; baina luzera, erreferente bilakatzen dira herriko andrazkoentzat, Ociok azaldu duenez.

Oztopoak

Orokorrean, kontzejuetan parte hartzen duten emakumeek balorazio positiboa egiten duten arren, genero ezberdintasunak nabaritzen dituztela diote. Gainera, uste dute espazio publikoa okupatzen dutenean gizonezkoek baino «kostu handiagoa» ordaindu behar dutela. Emakumeen parte hartze politikoa mugatzen dituzten hiru oztopo nagusi identifikatu dituzte ikerlariek. Alde batetik, kontzejuen funtzionamenduarekiko «ezjakintasuna» eta jorratu beharreko gaiekiko «interes falta» aipatu dituzte traba modura. Bestetik, lana eta familia uztartzeko zailtasunak, autonomiarik eza eta jendaurrean hitz egiteko beldurra ohikoak dira andrazkoen artean. Azkeneko oztopoak kontzejuen egitura «maskulinizatuarekin» du lotura, andrazko ugarik jokabide matxistak pairatzen baitituzte espazio publikoan egoteagatik. Arrazoi horien guztien ondorioz, emakume askok kontzejuetan parte hartzeari uzten diote.

Ikerlariek nabarmendu dutenez, emakumeen presentziak kontzejuen agenda eta lehentasunak aldatzen eta egitura itxiak zabaltzen lagundu du, baina haien lana «ikusezina» da, eta ez dute inolako aitortzarik jasotzen. «Patriarkatuaren joko arauekespazio pribatura zokoratu ditu,eta beste norbaiten itzalpeangeratu dira». Bada hori aldatzeko garaia, ikerlariek diotenez. Landutako txostena aldaketarako «akuilu» izatea espero dute: «Gure nahia da txostena sareak josteko tresna bat izatea, erakundeak, kontzejuak eta emakumeak saretzeko tresna bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.