Atunaren zain, antxoa agurtuta

Amaitu da antxoaren kanpainaren lehen zatia: 11.505 tona porturatu dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kiloa, batez beste, 1,30 euroan saldu dute. Arrantzontzi batzuk hegaluzetan hasteko prestatzen ari dira jada.

JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
Ondarroa
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Denboraletik onik atera denaren lasaituarekin ari da berbetan Eusebio Arantzamendi, Ondarroako (Bizkaia) arrantzaleen kofradiako presidentea, herriko portuan. «Martxoan pentsatu nuen desastre bat izango zela antxoaren kanpaina, baina, azkenean ederto joan da». Espainiako Gobernuak astelehenetik martitzenerako gauerdian itxi zuen ofizialki antxoaren kanpaina, baina Arantzamendik gomendatu du agurrik ez esateko arrain urdin preziatuari. «Uztailaren 1etik aurrera ostera ere hemen ikusiko dugu antxoa, oraindik agortzeko geratuko da-eta bigarren seihilekorako geratzen den kuota zatia». Agurrik ez, beraz; gero arte baino ez.

Bi arrazoigatik zeukan Arantzamendik kezka kanpaina hasieran: portuko obrek eragin zezaketen trabagatik eta antxoaren ibilbideagatik. Hankaz gora dago Ondarroako portua: Lesteko moilaren erdigunea hesituta dago, lonja berria eraikitzeko lanak hasi zirelako neguan Kofradiaren ondo-ondoan. «Baina azkenean pentsatzen nuen baino hobeto moldatu gara». Beste kezka antxoak eman zion: «Arraroa da, baina aurten mendebaldetik agertu da antxoa; mendebaldean egon dira ale handiak». Euskal portuetan gehienbat antxoa txikia sartu da, baina ontzat jo du kanpaina, asko sartu baita.

«Hirutik bat Ondarroan sartzen da», nabarmendu du harro; hau da, Europak Espainiari banatutako antxoa kuota osoaren herena Ondarroako Kofradiako enkantean saltzen dela. Aurten 6.898 tona saldu dira bertan; kiloa batez beste 1,25 euroan.

«Kanpaina ona»

Martxo hasieratik orain arte, Kantauri itsasoko kostaldeko ontzi guztiek 20.615 tona antxoa harrapatzeko aukera zeukaten —urteko kuota osoaren %85—, Madrilek ez baitu espezie horren kuota autonomia erkidegoka banatzen. Denera, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 11.505 tona antxoa porturatu dituzte euskal itsasontziek eta kanpokoek, eta kiloa batez beste 1,30 euroan saldu dute. Bizkaiko eta Gipuzkoako matrikula daukaten ontzien harrapaketei bakarrik erreparatuz gero, martxotik ekain hasierara bitartean 8.140 tona antxoa porturatu dituzte euskal portuetan zein kanpokoetan.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren esanetan, antxoaren kanpaina «ona» izan da. «Kuota osoa arrantzatu dute, eta hori seinale ona da», azaldu du. Hala ere, gogora ekarri du Kantauri itsasoko kostaldeko arrantzaleen kofradiek apirilean adostu zutela antxoarik ez saltzea astelehenetan eta ostiraletan, prezioa ez hondoratzeko. Antxoa asko sartu da, baina kontserba fabrikek nahi baino txikiagoak, eta, freskorako saltzen zenaren prezioa merkatzen hasi zenez, merkatua nolabait kontrolatzea erabaki zuten. «Dena dela, kontserba fabrikek hemen ere erosi dute, kiloko 30-36 aleko antxoa ere sartu baita. Kiloa lau euroan ere erosi dute batzuek», esplikatu du Arantzamendik.

Uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean zabalduko da antxoa harrapatzeko aurtengo bigarren kanpaina, eta seihileko horretan 5.000 tona eskas arrantzatu ahal izango dituzte denen artean: normalean uztail-abuztuan agortzen da bigarren zatia, berehala.

Edozelan ere, denbora galtzerik gabe, Ondarroako Egidazu kaian hasi dira ontzi batzuk prestatzen laster hegaluzea ehizan arrantzatzen hasteko. Baxurako ontzi batzuek ontzien alde banatako kareletan tente jarri dituzten ezpeta luzeak, hegaluzea harrapatzeko beharrezko tresneria.

Kantauri itsasoko arrantzontziek 36.000 tona hegaluze harrapa ditzakete aurten, iaz baino 1.000 tona gehiago. «Azoreetatik gertu arrantzatu dute ja batzuek hegaluzea, baita hurbilago ere», azaldu du Azkuek, eta espero du euskal ontziek pare bat arrantzaldi egitea ekainean bertan. Dena dela, uste du hegaluzea euskal kostaldera hurbilduko dela uztailaren erdialdetik aurrera.

Baikor dago Ondarroako kofradiako presidentea: «Badaude adierazle on bi, atun kanpaina ona ekartzeko modukoak: izkira gorriz beteta dago itsasoa, eta antxoa asko dago. Atunak badauka janaria honaino sartzeko». Gustura legoke iazko hegaluze kanpaina errepikatuta:«Asko eta denbora gutxian harrapatu kuota guztia, eta listo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.