Minsk, EBren kontra borrokan

Bielorrusia migratzaileak arma gisa erabiltzen ari da, Poloniaz eta Lituaniaz mendekatzeko, horiek Bielorrusiako oposizioa babestu baitute.

Bielorrusiako mugan dauden migratzaileetako batzuk. EFE.
Alex Bustos
Minsk
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Irailaz geroztik, Minsk hainbat herrialdetako migratzaileak pilatzen ari da, eta horiek munizio gisa erabiltzen. Gehienbat Siriatik, Afganistandik eta Iraketik datoz, baina baita Kamerundik, Kongoko Errepublika Demokratikotik eta Venezuelatik ere. EB Europako Batasunean sartzeko promesak erakarrita iritsi dira; dela Poloniatik, dela Letoniatik, dela Lituaniatik, hau da, Bielorrusiarekin muga egiten duten herrialdeetako hirutatik.

Ez da kasualitatea estatu horietatik iristea —bereziki Vilnius eta Varsoviatik—, haiek baitira Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta haren gobernua kritikatu eta Bielorrusiako oposizioa babestu dutenak. Lituanian, Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruzagietako bat eta Roman Protasevitx kazetaria —hegazkin bat bahitu ostean atxilotu zuten— hartu dituzte; Polonian, berriz, Nexta oposizioko kanaleko kide Stepan Putilo, eta Valerik eta Veronikak osaturiko Tsepkalo bikotea, biak ala biak Lukaxenkoren aurkako ahots garrantzitsuak.

EBren barruan ere oso kritiko izan dira Bielorrusiako presidentearekin eta haren erregimenarekin. Aleks Koktxarov analistak azaldu duenez, «EBko zenbait herrialdek, bereziki Poloniak eta Lituaniak, murrizketa gehiago ezartzeko joera izango dute, Bielorrusia behartzeko EBrako migratzaileen fluxua moztera».

Estatu kideek jada eztabaidatu dituzte zigorrak jartzeko lehen mehatxuak; hala nola Bielorrusiako funtzionarioek ezingo dute eskatu bisarik. Aztergai dago Belavia —estatuko hegazkin konpainia—eta Errusiako aire konpainiak zigortzeko aukera ere: EBk Lukaxenkoren erregimenari laguntzeaz akusatu ditu. Horretaz, Koktxarovek dio «Bielorrusiako hegazkingintza zibilaren kontra» doazela, «potentzialki Belaviari bere flota kenduz», konpainiak hegazkin gehienak maileguz erabiltzen baititu, eta jabeak EBkoak baitira.

Normalean, ez da erraza Iraketik eta Siriatik Bielorrusiarako bisak lortzea, baina azken hilabeteotan 12.000 eta 15.000 euro bitarteko paketeak eskaini dira: hegaldiak, bisak eta Europara gurutzatzeko lurreko laguntza zituzten. Hori bai, benetako ordua iristean, egoera espero baino zailagoa izan da Bielorrusiara iritsi diren milaka migratzaileentzat; hedabide nazionalen arabera, 10.000-15.000 lagun prest daude EBn sartzeko.

Natalia Minsken bizi da, eta migratzaileak nola iristen diren eta nola joaten diren ikusi du. «Hiriaren erdigunean bizi naiz. Gauero, hotel batetik gertu elkartzen dira, haurrekin eta poltsekin, eta batzuk taxi batera igo eta mugaraino joaten dira», azaldu dio BERRIAri. Hotelean «emakumeek eta haurrek lo egin ohi dute, eta gizon gehienek, berriz, kalean, lo egiteko zakuetan».

Bielorrusia ia guztian zeropeko tenperaturak izaten dira gauean; hiriburuan, esaterako, zero azpitik bost gradu ingurukoak. Nataliak gehitu du egoera askoz ere okerragoa dela Grodnon, Lituaniatik eta Poloniatik gertuen dagoen hiririk handienean.

Egoera hori iragan uztailean hasi zen, eta, harrezkero, arazo txiki bat zen, harik eta azaroaren 8an tentsioak gora egin zuen arte, hainbat migratzaile Poloniaren eta Bielorrusiaren arteko mugara iritsi zirenean. Herenegun, ehunka migratzaile iritsi ziren mugako pasabidera, eta, han, Poloniaren ezezkoarekin eta milaka agenterekin topo egin zuten; agente horiek herrialdean sartzeko edozein saiakera oztopatzeko prest daude, gainera. Bart, poliziek ur kanoiekin jo zituzten mugan pilaturikoak.

Horren harira, Poloniako lehen ministrorde Jaroslaw Kaczynskik atzo adierazi zuen ez duela ikusten «ortzi mugan [Bielorrusiaren kontrako] gerra armaturik»; bezperan Lukaxenkok egindako adierazpenari erantzun zion hitz horiekin, Bielorrusiako presidenteak esan baitzuen ez duela «gatazkarik nahi» bi estatuen arteko mugan.

Errusiaren babesa

Beheraldi batzuk izan arren, Bielorrusiak eta Errusiak harreman oso estua dute. 90eko hamarkada txarraren ostean, Abel Amon ekonomialariaren arabera, «Bielorrusiaren arrakasta moderatuak oso lotuta daude Errusiarekin: energia merkea eta Errusiaren kreditu malguak, esportazioen %60 hara joatea eta inbertsioen %75 Errusiakoak izatea».

Horregatik, Koktxarovek gehitu du bi herrialdeek lotura politiko, militar eta ekonomiko oso indartsuak dituztela: «Seguruenik, Bielorrusiako agintariek ez dituzte hartuko Kremlinen gustukoak ez diren erabakiak». Vladimir Putin Errusiako presidenteak bere homologoari ohartarazi zion ez dezala bete Europa erdialderako gas hornikuntza eteteko mehatxua; neurri horrek bereziki kalte egingo lieke Eslovakiari, Alemaniari, Txekiari eta Poloniari.

Analistaren iritziz, Lukaxenkoren maniobra horrek helburu argiak ditu. Batez ere «Polonia, Letonia eta Lituania zigortu nahi dituzte», baina, horrekin batera, «diru sarrera gehigarriak lortu dituzte pertsonen trafikoarekin, horretan parte hartu baitute estatuarenak diren enpresek». Errusia ere irabazle atera da krisi horrekin, «EBren zatiketak handitu» dituelako, eta «EBren eta NATOren arteko zatiketa gehiago sortu» dituelako.

Istilu horrek tirabirak eragin ditu Putinen eta Lukaxenkoren artean ere. Bielorrusiako presidenteak gasa eteteko mehatxua egin zuen; Kremlini ez zitzaion gustatu hori, eta Minsk ohartarazi zuen, Errusiaren interesei kalte egingo zielako.

Bien arteko gaizki-ulertu hori izan arren, Moskuk bere aliatua defendatu du, nahiz eta bere inplikazioa ukatu duen migrazioaren aferan; Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak iradoki zuen EBk Bielorrusiari ordaindu beharko ziola migrazio fluxuari eusteko, Turkiarekin egin bezala.

Poloniaren ezezkoa tarteko, Lukaxenkok iradoki du migratzaileak Bavariara (Alemania) eramatea; Belaviak laguntza eskainiko luke EBren lurraldera iristeko. Herenegun gauean Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrarekin izandako telefono deian, Bielorrusiako presidenteak afera bideratzeko proposamen bat helarazi zion, Lukaxenkok atzo esan zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.