Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Agintea eta erantzukizunak

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gizonezkoen triatloia genuen jarrita telebistan eta amaierako irudia benetan deigarria egin zitzaigun. Amari «ene, hori itxura» atera zitzaion eta ni isilik geratu nintzen, gauza bera pentsatuz. Proba amaitu zuten hiruzpalau triatloilari lurrean ikus zitezkeen erabat suntsituta, entrenatzaileak korrika laguntzera zetozen bitartean. Beroak itota zeuden.

Egun batzuk lehenago arku tiroan Svetlana Gomboeva errusiarra zorabiatu egin zen bere azken marka berrikusten ari zen bitartean, eta onera itzultzea lortu zuen arren, ohatilan atera behar izan zuten. «Hezetasuna handiegia da», zioen.

Tenisean ere gertatu da, ordea. Paula Badosa katalanak final-laurdenetan erretiratu egin behar izan du egoera jasanezinagatik. Nola lehiatu ba ordu bietan, eguzkipean, 30 gradutik gora dauden bitartean eta %80ko hezetasunarekin? Diziplina berean Daniil Medvedev errusiarrari epailearengana zuzenduz entzun genion bezala: «Jarrai dezaket jokatzen, bai, baina hemen hilko banintz, nor izango litzateke arduraduna?».

Triatloiaren ordutegia aurreratzearen arrazoia izan zen klima. Baita orain teniseko partidak atzeratzearena ere. Tamalez, aire librean lehiatzen ari diren kirolariak sekulako zailtasunak ari dira izaten euren maila onenean aritzeko eta, batez ere, egiten ari direnaz gozatzeko. Eta okerrena da japoniarrek bazekitela hau gertatuko zitzaiela Olinpiar Jokoak uztail eta abuztu bitartean antolatuz gero. Zerbaitengatik jokatu ziren Tokioko 1964ko Jokoak urrian, ez? Tokio leku zoragarria delako, urteko sasoi honetan izan ezik. Baina hautagaitzan saldu ziguten «kirolariekeuren onena ematea ahalbidetuko duen giroa» izango genuela eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeak erosi egin zuenhori. Audientziek agintzen dutelako, eta kirolariek, aldiz, ordaindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.