Carlos Martin Beristain. Kolonbiako Egiaren Batzordeko kidea

«Denen mina jasoko duen narrazio bat behar da»

Beristainek nabarmendu du garrantzitsua dela erbesteratutakoen «esperientziak» entzutea, egiaren parte bat «berekin eraman zutelako»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lide Iraola.
Bilbo
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Carlos Martin Beristain (Bilbo, 1958) Kolonbiako Egiaren Batzordearen koordinatzaileetako bat izan da. Medikua eta Psikologiako doktorea da, eta gatazka armatuetako biktimekin lan egin du, arreta psikosoziala emanez. Hego eta Erdialdeko Amerikako hainbat memoria eta egiaren batzordetan ere parte hartu du. Europako biraren harira, hilaren 6an Euskal Herrian izan zen, kolonbiar «egia» partekatzen.

Zergatik sortu zen Egiaren Batzordea?

Gatazkan, egia beste biktima bat da. Gezurra nagusitzen da, edo ez da egia guztia kontatzen. Batzuen interesen aurka doa Egiaren Batzordean egiten duguna, baina gizarteak behar du denen mina jasoko duen narrazio bat. Ez da egongo bakerik errespetuan eta pertsonen duintasunean oinarritzen ez dena.

Orain arte, gatazkako eragileek ez dute onartu nahi izan egindakoa. Gezurrak tapatzeko sistema oso bat egon da martxan. Egiaren Batzordearen lana ez da izan soilik argitzea nork egin duen zer, baizik eta aztertzea zer mekanismok egin duten hori posible.

Emaitzarekin gustura gelditu al zarete?

Bai, txostena indartsua da. Ez baita soilik gertatutakoaren analisia; berriz ez gertatzeko gomendioak ere ematen ditu. Kolonbiako gatazkak nahaspilatsua dirudi, baina azken txostenak lortu du nahasmen hori antolatzea, bere konplexutasunean bada ere.

Hala ere, egiak bere bidea egingo du, betiere norbait baldin badago hura bultzatzen duena. Esaterako, El Salvadorren egin zen halako txosten bat, baina ez zitzaion jarraipenik eman, ez zegoelako interesik. Argentinan, berriz, sekulako arrakasta izan zuen. Baldintza politikoak oso garrantzitsuak dira.

Kolonbiak, hain justu, ezkerrerantz egin zuen azken hauteskundeetan.

Gure lana garai onean iritsi dela dirudi, bai. Gustavo Petro [presidente hautatua] eta Francia Marquez [presidenteorde hautatua] egon ziren Kolonbian egin genuen txostenaren aurkezpenean, eta harekin konplitu nahi zutela esan zuten. Presidentetza berriaren lehen pausoak itxaropentsuak izan dira.

Azken txosten honekin amaitu du bere lana Egiaren Batzordeak, baina Jarraipenerako Batzordea sortu da, eta hura arduratuko da, datozen zazpi urteetan, txostenak emandako gomendioak kontuan hartuko direla bermatzeaz.

Zein ez legoke interesatuta Egiaren Batzordeak emandako gomendioak betetzean?

Aldaketek beti dakarte erresistentzia. Orain arte pribilegioak izan dituztenek eta egoeratik onurak atera dituztenek txostenaren aurka egingo dute. Baina ez dira politizatu behar gauzak: txostenari erantzun politizatua eman ordez, aztertu eta eztabaidatu egin behar da orain. Eztabaida osasuntsua da.

Erbesteratzearen atalaren arduradun izan zara.

24 herrialdetan 2.100 lekukotza jaso ditugu: Kolonbiatik atzerriratu behar izan zuten biktimenak, haiekin lan egiten duten profesionalenak... Oso aberasgarria izan da. Haiengan guztiengan dago Kolonbiaren historia; bizia salbatzeko ihes egin behar izan zuten, eta berekin eraman zuten egia parte bat.

Erbesteratua izan denak beti galtzen du: harremanak; familia, askotan; estatusa; bizi proiektua... Eta orain arte ikusezinak izan dira. Haien esperientziari balioa ematen saiatu gara.

Zer ondorio ditu atzerriratzeak bigarren eta hirugarren belaunaldietan?

Identitate bikoitza kudeatu behar izaten dute; nola izan euskalduna eta kolonbiarra, adibidez. Gainera, isiltasuna nagusitzen da etxe askotan: ez da transmititzen memoria, eta gazteek ez dute jakiten zer gertatu zen. Badakigu batzordeak bidea ireki duela harreman batzuetan, orain arte isildutakoaz hitz egiteko.

Ihes egin behar izan zutenetako batzuk Kolonbiara itzuli ziren. Zer aurkitzen dute bueltan?

Beste herri bat aurkitzen dute, ez berek utzitakoa. Erbesteratze berri bat da ia. Baldintzak bermatu behar dira berriro gizarteratu daitezen, eta orain arte ez da hala egin.

Garrantzitsua al da gainerako herrialdeek ere txostenari erreparatzea?

Bai. Alde batetik, munduan zehar ezagutu behar da Kolonbiako kasua, eta babesa eman. Eta, bestetik, asko dago ikasteko Kolonbian egiten ari den prozesutik. Ez du soilik Kolonbiaren inguruan hitz egiten: gizartea sendotzeko lan handia egin du. Euskal Herrian ere badugu zeri erreparatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.