Zailtasunean ere nabarmendu dira

Andoni Esparta eta Irati Zabala hirugarren izan dira Maila Goreneko Zailtasuneko Espainiako Kopako sailkapen nagusian. Gainerako euskal eskalatzaileek lan ona egin dute, eta euskal selekzioak emaitza onak lortu ditu beheragoko mailetan ere.

Irati Zabala paretan gora. Oso ondo aritu da. SCLIMBAT CENTER.
Unai Ugartemendia.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Zailtasun diziplinako Espainiako Kopa Zaragozan bukatu zen, urriko lehen asteburuan. Ekainean hasi zen Madrilen, eta hiru izan dira orotara jokatutako probak. Udan geldialdia egin ondoren, irailean izan zuen bigarren geltokia, Bartzelonan, eta hirugarrena izan zen Zaragozakoa. Azken urteetan gertatu antzera, euskal selekzioko kideek lan ona egin dute beste behin. Maila guztietan lortu dituzte postu onak. Esaterako, Ainhize Belar eta Haizea Oses lehen postuan sailkatu ziren 16 eta 18 urtez azpikoetan, hurrenez hurren.

Belar izan da txapelketako ezusteetako bat. Erakustaldiz erakustaldi ibili da jokatutako hiru probetan. Madrilen eta Zaragozan garaile izan zen; Bartzelonan, berriz, bigarren sailkatu zen. Ez du aurkaririk izan sailkapen nagusian. Haizea Oses ere bikain aritu da; atzetik aurrera egin du. Madrilen hirugarren izan zen, Bartzelonan bigarren, eta, azkenik, Zaragozan, garaipena erdietsi zuen.

Maila gorenean, aipagarriena Andoni Espartak Zaragozan lortutako garaipena izan da, eta Irati Zabalaren bigarren postua. Espartak erakutsi zuen motibazioa lagun duenean maila handiko eskalatzailea dela. Azken proban lortutako puntuekin, euskal selekzioko bi kideek hirugarren postuan amaitu dute sailkapen orokorrean. Zailtasuneko Kopa amaituta, hausnarketa hau egin du euskal selekzioko hautatzaile Sergio Delgadok: «Gazteen mailan eskalatzaile ugari ibili dira lehian, eta, alde horretatik, oso polita izan da denontzat. Baina helduen txapelketa beste kontu bat izan da. Oso jende gutxi ibili da lehian, eta nahiko tristea izan da. Zerbait pentsatu beharko da. Ez da normala hain jende gutxi ibiltzea lehian». Emaitzengatik galdetzean, pozik agertu da lortutakoarekin. «Oso onak izan dira. 14 eta 16 urtez azpikoetan, maila bikaina erakutsi dute denek. Batzuk podiumera igo dira, eta besteak oso gertu ibili dira. Gainera, 20 urtez azpikoetan, Aitziber Urrutia berriro ere txapelketetan ikustea oso albiste ona da. Gorengo mailan ere, Espartaren eta Zabalaren podiumez gain, ezin aipatu gabe utzi Martin Urrutiaren, Gorka Ruizen eta Eneko Carreteroren lana eta esfortzua ere».

Denboraldia ez da amaitu

Zailtasuneko Kopa albo batera utzita, euskal selekzioko kideek egutegi gogor bati aurre egin beharko diote hemendik aurrera. Denboraldia ez da amaitu. Urriaren 29tik azaroaren 1era, Espainiako Txapelketak jokatuko dira Berriobeitiko Rocopoliseko eskalada horman (Nafarroa). Hiru izango dira jokoan jarriko diren modalitateak: abiadura, blokea eta zailtasuna, hain zuzen. Hartan izango dira Mikel Linazisoro eta Eneko Carretero, besteak beste. Ondoren etorriko da Blokeko Espainiako Kopa. Hiru proba jokatuko dira, denak ere azaroan. Hilaren 13an izango da lehena, Plasencian (Espainia), eta ondoren etorriko dira Salamancako (Espainia) eta Lugoko (Galizia) probak.

«Blokeko txapelketa irabazinahi dut»

Andoni Esparta Eskalatzailea

Zailtasuneko Espainiako Kopako azken proba irabazi berri du Andoni Esparta eskalatzaileak (Bilbo, 2021). Lesio baten eraginez ia bi urte lehiaketetatik at igaro ondoren, txapelketetara itzuli zen ekainean. «Nire asmoa estatuko eta erkidegoko txapelketetan lehiatzea zen, baina, urte hasieran, Espainiako selekzioaren deialdian sartu nintzen, ezustean, eta, horregatik, nazioarteko lehian jarri nituen nire helburuak».

Pandemia tarteko, eskalatzaileentzat ez da izan urte erraza. Urte bat baino gehiago lehiatu gabe egon ondoren, zaila izan da denentzat itzulera. «Nazioarteko lehiakideen maila, batez ere Europakoena, izugarri hobetu da. Espainiako selekzioarekin sarritan joaten ginen Austriara eta Alemaniara entrenatzera, baina, koronabirusa tarteko, ezinezkoa izan da. Hor nabaritu dugu hemengo azpiegiturak okerragoak direla, eta ezin garela prestatu lehen bezain ondo».

Tristea izan da Espainiako Kopa. «Gogoan dudana zailtasuneko Espainiako Koparik txarrena izan da, eta partaide kopuruan islatu da. Lehen proban 11 izan ginen, eta egoera larria iruditu zitzaidan. Baina azken proban okerragoa izan zen: bost izan ginen». Gogoeta egin du horren inguruan. «Lehen aldiz Olinpiar Jokoetan izan da eskalada, eta arrakasta handia izan du. Baina hemen, aurrera egin ordez, atzera egin du».

Espartak, hala ere, bikain amaitu du Zailtasuneko Espainiako Kopa. Denboraldi hasiera ez zen ona izan. Baina azkeneko probarako buru-belarri aritu zen lanean. «Ondo prestatu nahi nuen, Espainiako Txapelketak laster izango ditugulako. Nahiz eta bost eskalatzaile bakarrik izan, banekien irabaztea ez zela izango erraza». Gutxigatik izan bazen ere, lortu zuen. Hiru probak kontutan hartuta, hirugarren izan zen Esparta azken sailkapen orokorrean. Txapelketa guztiaren analisia egitean, pozik geratu da lortutakoarekin. «Lehen bi probetan podiumetik kanpo gelditu ondoren, sailkapen orokorrean lehen hiruen artean sartzeko aukerak txikiagotu egin ziren. Podiuma lortzeko aukera bakarra azken proba irabaztea zen, eta halaxe gertatu zen. Berezia izan zen». Baina ez du asmorik lortutakoarekin konformatzeko, eta jada hemendik bi aste eta erdira jokatuko diren Espainiako Txapelketetara begira jarrita dago. Zailtasunean eta blokean arituko da lehian. «Txapelketa hauek garrantzitsuagoak dira Kopa baino. Maila handiagoa izango da, zalantzarik gabe. Oso sentipen onak ditut, batez ere blokeko diziplinan. 2019ko martxotik ez naiz lehiatu blokean estatu mailan, eta entrenatutakoa erakusteko gogotsu nago». Helburuak ere finkatu ditu. «Blokeko diziplina irabazi nahi dut. Bestela, bi diziplinetan podiumean sartzearekin amesten dut».

Azaroan jokatuko diren Blokeko Espainiako Kopako probetan parte hartzeko asmoa azaldu du. Diziplina horretan «indartsuago eta motibatuago» sentitzen dela dio.

«Espainiako Kopan dena eman dut»

Irati Zabala Eskalatzailea

Irati Zabalak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1999) ere bere azalean bizi izan ditu pandemiak eragindako garai arraroak. Urtea oso motibatuta hasi bazuen ere, helburu jakinik gabe aritu zen. «Urduritasuna, nerbioak eta presioa sentitu nituen. Pentsatzen dut denbora askoan txapelketarik jokatu gabe egoteagatik izango zela». Bere buruarekin ere zalantzak izan zituen. Azkenaldian, entrenatzaile moduan ere badabil Donostiako The Factory Boulder enpresan, eta tarte batean ez zuen ondo bereizi entrenatzaile eta kirolari izatearen aldea. «Txapelketa batzuetan, ez nintzen batere gustura ibili. Presio pixka bat ere sentitu nuen, dena ondo egin beharragatik» aitortu du. Pentsamoldea aldatzea tokatu zitzaion, eta helburu bakarra jarri zion bere buruari; eskalatzen gozatzea. «Neure buruari gogorarazi nahi nion zergatik nengoen kirol honetan. Emaitzei kasu handirik ez egitea erabaki nuen. Sentsazioak berreskuratu nahi nituen».

Zabalarentzat ez da izan batere erraza denboraldia prestatzea. «Dena antolatuta genuenean, atzeratu egin ziren txapelketak, eta horrela oso zaila da prest egotea». Ekainean hasi zuen Espainiako Kopako Zailtasun Txapelketa. Lehen bi probetan ez zen gai izan bere onena emateko. Azken proban, aldiz, oso gustura aritu zen. «Maila gorenean inoiz ez nuen lortu podiumera igotzea. Izugarria izan da. Sailkapen fasean, ez nuen amesten podiumean sartzearekin. Baina txapelketa aurrera joan ahala, gero eta hobeto sentitzen hasi nintzen. Finalean asko gozatu nuen. Dena ematea lortu nuen». Mugarri izan dela ere azpimarratu nahi izan du. «Denbora gutxian dena aldatzea lortu dut. Oraindik ere neure buruarengan sinesteko proba ederra izan da Zaragozakoa».

Andoni Espartak bezala, hurrengo txapelketa ate joka dauka. Espainiako Txapelketan lehiatuko da. Zailtasunean eta blokean egingo du saiakera. Bere burua nola ikusten duen galdetzean, ez du zalantzarik egin: «Indartsu nago, baina oraindik ere neure buran gehiago sinestea falta zait. Txapelketetan ezin da hutsik egin, eta horrek asko kezkatzen nau».

Txapelketen atarian, aukera bakarrak nola kudeatu izaten da eskalatzaile gehienen ardura nagusia. Espainiako Txapelketan ere «dena ematera» joango dela eta «motibazioz gainezka» dagoela adierazi du. «Dena emango banu, neure buruarekin bakean egongo nintzateke. Sentsazioei begiratu nahiko nieke gehiago. Gero, postu on bat lortzen badut, hobeto». Blokeko Espainiako Kopa jokatuz amaituko du denboraldia. Bere diziplinarik gustukoenean arituko da hiru astez lehian. «Blokean aritzeak asko motibatu nau azken urteotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.