Nagore Odriozola Juaristi.
Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Ezin ahaztu Bikilaz

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Zenbat aldiz entzun ote nuen nire amonetako bat Abebe Bikilaren izena aipatzen, nik nor zen ere jakin gabe. Kontu asko kontatzen zizkidan hark, baina Bikilaren istorioa entzuteke geratu zitzaidan, antza.

Abiatu da atletismoa Tokion, diziplina izarra, eta onartu beharra daukat txundituta jarraitu ohi ditudala beti froga gehienak. Usain Boltek pasa den hamarkadan egindakoak oraindik gogoan izanik, pantailaren beste aldetik aho bete hortz begiratzen niola oroitzen dut. «Benetan ari al da?», pentsatzen nuen helmugara irribarretsu eta atzera begiratuz iristen ikusten nuen bakoitzean. Nekatu zenik ere ez zirudien, eta frogak hasi aurretik eta ondoren egiten zuen show horrek ere grazia egiten zidan, ezin ukatu. Ahaztezina, Bolt.

Izugarrikeriek naramate, bada, gaurkoan nire amonak aipatzen zuen Bikilaz oroitzera: Etiopiako maratoilari historikoa izan zen bera, hain zuzen ere, Olinpiar Jokoetan urrezko domina bat irabazi zuen lehenengo afrikarra. Erroman egin zuen, 1960an, eta lau urte beranduago, Tokion bertan, bigarren urrea eskuratu zuen. Artzaina izateko asmoa zuen alfabetatu gabeko gazte bat izatetik korrikan bere pasioa aurkitzera igaro zen eta sekulako lanaren ostean, selekzioan onartu zuten. Bitxiena da, ordea, hasiera batean Erromara joateko taldetik kanpo geratu zela, eta azkeneko unean deitu zutela, taldekide baten lesioagatik.

Bikilak maratoia irabazi zuen han, errekorra ezarri eta ez hori bakarrik, Afrikarren eredu ere bilakatu zen. Eta hori guztia, adi, oinutsik egin baitzuen. Bai, dirudienez, froga hasi baino minutu batzuk lehenago kirol oinetakoak kendu zituen deseroso sentitzen zelako eta, noski, mundu guztia harri eta zur geratu zen. Zer esanik ez urrezko domina zintzilikatu zuenean. Beraz, orain bai, orain ulertzen dut: dirudienez, nire amonak Bikila nik Bolt oroituko dudan bezala oroitzen zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.