Etapa berri bat dute aurrean

Txirrindularitza profesionaletik erretiroa hartu berri dute Gari Bravok eta Jon Irisarrik. «Lasai eta damurik gabe» utzi dute. «Pribilegiatuak» sentitzen dira gehien gustatzen zaiena egiteko aukera izan dutelako. Biak goi mailako ikasketak egiten ari dira bide berri bati ekiteko asmoz.

Gari Bravo Euskaltel-Euskadiko txirrindularia eta Jon Irisarri Caja Ruralekoa, herenegun, Tolosan, Iñaki Lopetegi zenaren oroimenezko proban parte hartu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
Tolosa
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Azkeneko pedal kolpea eman arren, bizikleta ez da geldi geratzen, eta aurrera egiten du beti. Baita bizitzak berak ere. Goi mailako kirolean oso arrotza egiten da oraindik ere erretiroa hitza, baina denek pasatu behar izaten dute trantze horretatik lehenago edo beranduago. Ez da erraza bizimodu mota bat egun batetik bestera aldatzea, bereziki eguneroko oso zehatza eta zorrotza duten eta txirrindularitzan murgilduta dabiltzan ziklista profesionalentzat.

Aurten beren kirol ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki duten Euskal Herriko txirrindularietako bi dira Gari Bravo (Lazkao, Gipuzkoa, 1989) eta Jon Irisarri (Leaburu, Gipuzkoa, 1995). Ez dira inoiz talde berean aritu, baina, lasterketetan eta entrenamenduetan tropelkideak izateaz gain, lagun minak dira. Makina bat ordu eman dituzte elkarrekin, ofizioak hala eskatuta. Errepideak elkartu zituen, baina erretiroak ez du eten haien arteko adiskidetasuna. Bizikletaz eta kirolaz gozatzen jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean biek ala biek: «Baina beste modu batean», aitortu dute.

Horrelako erabakiak hartzeko modu ezberdinak daude: norberak har dezake, edo taldeak edo errepideak bultza dezake. Bravok hamabi urte egin ditu punta-puntan. Caja Rural, Efapel, Euskadi-Murias eta World Tourrean lehiatu zen Euskaltel-Euskadi talde loriatsu hartako kide izan zen. Azkeneko bi sasoiak ere maillot laranjarekin eman ditu. Azaldu duenez, bere burua beste bi denboraldiz lehiatzen ikusten zuen; hala ere, «garbi» zuen ez zuela «hala moduzko baldintzetan» aritu nahi: «Ez dut beste aukerarik izan. Nik jarraitu egin nahi nuen, baina ez edozein baldintzatan. Taldeak jakinarazi zidan ez zuela nirekin kontatzen, eta haien erabakia errespetatzen dut. Nik argi nuen jarraitzekotan Euskaltelen edo euskal talde batean izan behar zuela. Ez nuen Portugalen edo beste herrialde batean jarraitu nahi, auskalo zein egoeratan. Nahiko gogorra da izatez txirrindularitza, zauden tokian gustura ez egoteko».

Irisarrik, berriz, orain bost urte egin zuen jauzia profesionaletara, eta Caja Ruraleko maillota soinean zuela egin du ibilbide profesional osoa. Hasiberria zeneko «ilusioa galtzeak» eraman du bizikleta alde batera uztera: «Azkenerako ez nuen gozatzen. Ametsik izan gabe oso zaila da goi mailako kirolean aritzea. Erabaki bat hartu beharra nuen, eta egiten nuena egiten gozatzen ez nuela ikusita, pentsatu nuen ez zidala merezi bide horretatik segitzea».

Familia ere makulu garrantzitsua izan ohi da horrelako momentuetan, zirt edo zart egin behar denean. Haiengana jo zuen lehenbizi Bravok bere hautuaren berri emateko: «Nik bikotekideari eta gurasoei esan nien erretiroa hartu behar nuela. Hasieran denak daude pixka bat triste, baina gero barneratzen duzu, eta lasaitu egiten zaizu burua. Zailena erabakia hartzea da; behin esaten duzunean, publiko egiten duzunean, sekulako lasaitua hartzen duzu. Barruan duzun guztia askatzen zaizu».

Beste txirrindulari askok bezalaxe, biek garaipenik eskuratu gabe utziko dute ziklismo profesionala. Hori ez da izan arrazoi nagusia, baina Irisarrik uste du «aurreikuspenak ez betetzeak»izan dezakeela nolabaiteko lotura: «Ni oso gustura nago egin dudan ibilbidearekin eta eman dudan mailarekin. Egia da lehenago espero nuela lasterketak irabaztetik gertu egotea, baina azken bi denboraldietan poliki ibili naizelakoan nago. Baina beti dauka zerikusia; garaipenak lortzen bazabiltza, beste modu batera hartzen duzu txirrindularitza».

Txirrindulari asko dago goi mailan lehiatzen, baina are gehiago dira bidean geratzen direnak. Lehia estua dago profesionaletan, eta Euskaltel-Euskadikoak argi du zein den txirrindularitzaren errealitate gordina: «Oso ondo ez bazabiltza, jai daukazu. Jende asko dago mundu honetan. Esaten zidaten nonbaitetik hots egingo zidatela, baina zeinek deitu behar dio garaipenik ez duen 32 urteko txirrindulari bati? Askotan 25 eta 26 urtekoei esaten zaie zaharrak direla. Inor gutxik izan dezake interesa zugan».

Kirolarekin gozatzen jarraitu nahi dute. Hala, orain bi aste, elkarrekin korritu zuten bost kilometroko lasterketa bat Donostian. Goi mailako txirrindularitzaren eguneroko zorrotza alde batera utzita, orain arte egiterik izan ez dituzten gauzei atea zabaldu diete. Irisarrik argi du denbora batez ez duela errepideko bizikleta etxetik asko aterako: «Orain beste kirol batzuk egin nahi ditut. Mendiko bizikletarekin bueltaxka batzuk emateko gogoa dut. Padela ere asko gustatzen zait, eta gehiagotan ibiltzea gustatuko litzaidake».

Hemendik aurrera ere ez dute janariarekin eta pisuarekin lehen zuten kontrola eraman beharko. Bravok aitortu du «lasaiago» dabilela orain baskularekin, eta aurrerantzean «kirol osasuntsua» deritzona praktikatu behar duela: «Orain ez dut bete-betean lehiatzeko gogorik, gozatzekoa baizik. Itsutu gabe, egiten dudana disfrutatu nahi dut. Ziklo-krosa asko gustatzen zait. Badira urte batzuk ez naizela modalitatean aritzen, eta bertan lasterketa batzuk korritzeko intentzioa dut».

Etorkizunari begira

Gailurrera iristeko bidea ez da erraza. Sakrifizio handia eta lan ordu asko eskatzen ditu txirrindularitzak, eta zer esanik ez profesionaltasunak. Bakarrik egitea posible da, baina askoz ere atseginagoa da ondoan bidelagunak baldin badituzu. Goraino iristera lagundu dioten guztiei esku bat botatzeko asmoa du orain Leaburukoak: «Tolosako Oriako Txirrindulari Eskolan zuzendari ibiliko naiz lasterketa batzuetan hurrengo urtetik aurrera. Haiek ni lagundu ninduten, eta emandako guztia itzuli nahi diet. Caja Ruralekin ere antzeko zerbait egitea gustatuko litzaidake. Bi horiek dira gora eraman nautenak».

Kirolarien artean gero eta ohikoagoa da ikastea, eta haiek ere ez dira ikasketekin deskuidatu. Biek kirolarekin harreman zuzena duen goi mailako ziklo bat ikasi dute, eta orain praktikak egiten ari dira: Irisarri, Tolosako (Gipuzkoa) kiroldegian eta Laskorain Ikastolan dabil; Bravo, berriz, txirrindularientzat zerbitzu integrala eskaintzen duen 360 Cycling enpresan ari da buru-belarri, Carlos Jimenezekin eta Patxi Vila txirrindulari ohi eta Movistar taldeko errendimendu buruarekin. Lazkaotarrak «argi» du horretan lan egitea gustatuko litzaiokeela: «Oso gustuko dut mundu hori. Haiekin lan egitea gustatuko litzaidake. Haiekin posible ez baldin bada, neure kontura ere antzeko zerbait egiteko prest nengoke; asko gustatzen zait biomekanikaren mundua. Bestela, gure inguruan industria asko dago, eta ez dut baztertzen hortik jotzea, beste aukerarik ez badago». Irisarrik ere ez dizkio ateak itxi sektore horri. Are gehiago, egun, Goierri Eskolan fabrikazio mekanikoko beste goi mailako ziklo bat ikasten ari da. Kirol arloko goi mailako praktikekin uztartzen du.

Etorkizunak zer opa dien ez dakite, baina gustura dira egun arte bizitakoaz. Irisarrik aitortu du ez lukeela ezer aldatuko, eta kontzientzia lasai duela: «Nik dena eman dut, zaindu egin naiz, gogor entrenatu naiz... Ez dut lasterketarik irabazi, ez, baina gauza politak egin ditut. Ni lasai noa egin dudanarekin. Ez nuke ezer aldatuko. Halakoa naiz ni: sentitzen nuena egin dut beti, eta barruan nuen dena eman dut. Oso lasai noa alde horretatik».

Bravo, berriz, «pribilegiatua» sentitu da: «Gozatu egin dugu, lasterketetan pozik ibili gara, entrenatzen zer esanik ez... Urte hauetan guztietan gehien gustatzen zaiguna egiten ibili gara. Nire ingurukoei esaten nien zorionekoa nintzela; azkenean, zenbat jendek egiten du lan gehien gustatzen zaion horretan? Gu horrela ibili gara urte batzuez, eta pozik egoteko modukoa dela uste dut».

Mota guztietako lasterketei eta ezbeharrei egin behar izan diete aurre profesionaletan ibili diren urte hauetan guztietan: euria, hotza, sargoria, erorikoak, txakalaldiak... Baina, aitortu dutenez, egun askotan «gaizki» pasatu arren, «beti» aurkitu izan dute «aurrera egiteko indarra eta kemena». Ezberdina izango da aurrerantzean: ez diete pedalei ekin beharko; beste modu batean egin beharko dute, baina etapa berri bat dute aurrean, oraindik ezagutzeko duten ibilbide batekin. Hari ekiteko prest daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.