Haztegia eta igogailua

Bihar hasiko da ETE liga Pasai San Pedron, eta bederatzi traineru ariko dira, iaz baino bi gutxiago. Lehen biak Euskotren ligara igoko dira, eta hirugarrenak kanporaketa jokatuko du.

Ondarroa, aurreko igandean, Lekeition, Bizkaiko txapelketako banderarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
ETE liga izango da aurrenekoa estatxa askatzen traineru ligen artean, eta hamabost estropadako egutegia osatuko dute. Bederatzi talde aterako dira, iaz baino bi gutxiago. Estreinakoa Pasai San Pedron daukate, bihar, 11:30ean (ETB 1), eta ezohiko eremuan eta maneran emakumezkoen arraunean: hiru luze eta bi ziaboga. Lehen txandan Hondarribia, Castro eta Hernani joango dira; bigarrengoan, Hibaika, Ondarroa eta Zumaia, eta hirugarrengoan, Portugalete, Zarautz eta Deustu.

Ligaren bereizgarrietako bat gaztetasuna izango da aurten ere. Arraunlari gazte asko jarriko dira tostetan. Jubenil mailakoak horietako hainbat. Haztegia da ETE liga. Beste ezaugarri bat ezohikoa da: lehen aldiz, aurreneko bi sailkatuak Euskotren ligara igoko dira zuzenean. Hirugarrenak ere sari handia eskuratzeko modua izango du, kanporaketa jokatuko baitu goiko ligako azkenarekin eta Galiziako ligako hirugarrenarekin. Galiziako lehen biek, ETEko aurreneko biek, Euskotreneko hiru lehendabizikoek eta kanporaketako garaileak osatuko dute zortzikoa datorren urtean. Igogailua izango da aurten ETE liga.

Baina kontu horiek guztiak beste upel batean doaz liga honetako itsasontziaren bodegan. Ilaran, aurtengo upela dauka aurretik, eta horixe porturatuko dute lehendabizi liga honen akaberan, abuztuaren 28an, Erandion. Marinelek nola, arraunlari batzuek hala zapalduko dute lurra, irabazi izanaren loriarekin.

Beren burua faboritotzat daukaten bi dira Hondarribia eta Ondarroa. Iker Cortes (Sestao, Bizkaia, 1983) da Gipuzkoako taldeko entrenatzailea, eta hautagai dela onartu du: «Lehen bi postuetan geratu nahi dugu Euskotrenera zuzenean igotzeko, baina itsasoak esango ditu esan beharrekoak gero». Eneko Azkarate (Ondarroa, 1989) da bere herriko taldearen arduraduna, eta hura ere ez da ezkutatu: «Iazko emaitzak hobetu, eta gure trainerua arinago ibiltzeko asmoarekin gatoz. Lehen helburua hori da. Lortzen badugu, aurrean borrokan egoteko kapaz izango gara». Zabaldu egin dute biek faboritoen zerrenda, hala ere: Hibaika eta Deustu ere aipatu dituzte, bestearen ontziaren izena ematearekin bat. Azkaratek Zumaia ere gogoan du: «Ez dut uste faboritoengandik oso atzean ibiliko denik».

Beste lau talde geratu dira azaldu gabe: Castro, Hernani, Portugalete eta Zarautz. Espainiarren lehiak ez du ematen goikoa izango denik. Hernanik trainerua berreskuratu du aurten, eta neguan bandera bat irabazi zuen: Castroko jaitsiera. Portugaleteren egoera ere antzekoa da, baina garaipenik gabe. Zarautzek, azkenik, bigarren urtearekin segida eman nahi dio egitasmoari.

Faborito direnentzat eta ez direnentzat izango dira hamabost estropadak, eta, urtero bezala, denetarik izango dute: itsas zabaleko lanak eta «barrukoak», Azkaratek izendatu dituen bezala. Aukeran nahiago itsasokoak ondarroarrek: «Aurreko igandean, dotore moldatu ginen itsaso nahasiarekin Bizkaiko Txapelketan, eta, niregatik balitz, astebururo eskatuko nuke horrelako eguraldia». Barruko estropadei, baina, ez die beldurrik, eta bi estropada lekuen alderaketa egin du: «Itsasoan ondo dabilena berdin ibil daiteke ibaian, baina alderantziz zailagoa dela esango nuke». Cortesek ertz leun bat ikusi du egutegian: «Kopuru ona da, eta, estropada bakarreko asteburu asko ditugunez, aukera emango digu gehiago entrenatzeko».

Badu berezitik aurten Hondarribiak. Lehen aldia du liga honetan, aurreko denboraldi guztietan Euskotrenen aritu baita. Aldaketa, beheranzkoa, ondo barneratu dute: «Hasieran kosta egin zitzaigun, eta uste genuen taldearen mailak behera egingo zuela, askok utzi egin zutelako taldea. Baina maila oneko arraunlariak etorri dira, eta iazko trainerua bezainbat ibiltzeko moduan gaude». Liga nagusian banderen lehiatik urrun jardun zuten bezala, bigarren ligan, agian, trapuak astintzen ibiliko dira: «Arraunlariak irabazi egin nahi du. Aurreko urteetan, patroi onenaren saria eman izan ziguten, eta horrekin ase behar. Baina ez da nahikoa».

Talde kopuruaz

Ondarroak denboraldi ofiziala hastearekin bat lortu du lehendabiziko bandera, eta ez edonolakoa: Bizkaiko Txapelketa, aurreko igandean, Lekeition —bigarrena du bere palmaresean—. «Benetako aurreneko testa izan zen, eta taldeak ezer gorde gabe atera ginen. Lasaitasuna, konfiantza eta itxaropena eman dizkigu igandeko emaitzak, oso baldintza eskasetan ondo irabazi genuelako». Ez zaizkio gaizki etorriko taldeari: «Oso-oso gazteak dira. Sei senior bakarrik dauzkagu, eta arraunlarien erdiak 16 urteren bueltan daude».

Gaztez osatutako taldeak harribitxi izan daitezke, baldin eta urteen joanean segida emanez gero. Horixe da, baina, zailena. Eta denboraldi batetik bestera asko alda daiteke talde baten itxura. Uretan egotetik desagertzeraino, eta alderantziz. Gorabeherak sortzen ditu horrek ligako talde kopuruan.

Gai horren inguruan bide zuzenik hartu ezinari egin dio aipua Azkaratek: «Urtez urte asko aldatzen da: aurten hogei arraunlari izan ditzakezu, eta datorrenean hamarrek segi ez, eta handik bi urtera, hamabost berri azaldu. Gertatzen da irailean hasi urtea prestatzen eta arraunlaririk ez edukitzea taldea osatzeko». Aurtengo traineru kopuruan Euskotren ligaren datorren urteko hazkundea ikusi du: «Ahalegin berezia egin dute taldeek uretan egoteko, liga nagusia zortzi trainerura igoko delako». Kontrako tankera hartzen dio datorren urteari: «Datorren urtean geratuko dira erren xamar liga hau eta Galiziakoa».

Cortes pragmatikoago mintzo da: «Datorren urtean berez talde gutxiago egon beharko lirateke, liga nagusian zortzi batuko baitira, baina arrauna ziklikoa da. Agian hamabi daude datorrenean, eta hurrengoan sei. Baliteke aurtengo datu txarra aurtengoa bakarrik izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.