Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Festarik alaiena, armarik eraginkorrena

2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Nik ere egin dut korrika Korrikan, eta ni ere hunkitu nau Korrikak, ikusirik zer sentimendu pitzarazten dituen, ikusirik zer ahalmen duen jendea mugiarazteko eta elkartzeko, ikusirik zer garrantzia ematen zaion herri honetan —une eta testuinguru jakin batzuetan baino ez bada ere— euskarari. Baina, ospakizun giroaren euforiak hori ahantzarazi egiten duen arren, Korrika, funtsean eta oinarrian, euskararen zailtasun eta ezintasun jakin batzuei aurre egiteko sortutako ekimena da, eta zailtasun eta ezintasun horiek guztiz konpontzea Korrikaren ahalmenetatik oso urrun dago. Horregatik, iragan eta gero, sentsazio gazi-gozoa uzten dit Korrikak, euskararen aldeko beste hainbat eta hainbat ekimen festazalek bezala. Onuragarria da nahigabeari ahalik eta aldarte onenarekin aurre egitea, baina arriskurik ere badu horrek. Euskararen aldeko ekimenetan hain ondo pasatu eta gero, hainbeste gozatu eta gero, nola nahiko dugu ba euskaldunok gure hizkuntza eguneroko bizitzan nagusi izatea? Zeren alde elkartuko gara orduan horren kutuna zaigun festa giro solidarioan?

Ez da arrazoirik gabea Iban Zalduak Oharrak & Hondarrak blogean —aurretik «euskalduntze eta alfabetatze alorrean historikoki egin den lan itzela» eta «Korrikan parte hartzen dutenen asmo ona» ez dituela zalantzan jartzen argitu eta gero— egiten duen kritika: «Korrikaren kontra aritzeko nire argudio nagusiak itxurakeriarekin du zer ikusia: nola, ospakizunean parte hartze hutsarekin, gure barrenak garbitu eta euskararen alde gaudela berresten dugun, izerdi pixka bat (edo asko) botatzearen truke soilik. Ondoren, erdaraz bizitzen jarraitzeko, kontzientzia kargu handiegirik gabe».

Korrikaren pozak ez ezik, ETAren armagabetzearen ingurukoak ere kutsatu nau, nola ez ba! Arinago eta libreago sentiaraziko gaitu, nire ustez, ideologikoki, zenbait arlotan behintzat, ETArengandik gertu edo gertu antzean gaudenok, egon gaitezkeenok edo egon gintezkeenok—barka esaldiaren luzapen erretoriko antzua, baina kontuz ibili beharra dago zer esaten den—. Idurre Eskisabelek ederki asko adierazi du, BERRIAn, Armatuta artikuluan: «Eta ez dut ahaztu nahi beste arma batzuk —hain justu, gotorrenak— oraindik indarrean direla, zut, zanpatzaile. Denbora askoz armagabetuta sentitu naiz horiei aurre egiteko; orain, ordea, inoiz baino armatuago Euskal Herri zein mundu justu, libre eta hobe baten alde borrokatzeko». Ikusteko dago, ordea, nora bideratuko diren orain arte armen erabilerara eta horren ondorio lazgarri oraindik ere amaitu gabeei aurre egitera bideratu diren indarrak. Ikusteko dago zeintzuk izango diren aurrerantzean abertzaletasunaren arma nagusiak.

Honezkero irakurle bat baino gehiago kargu hartzen hasia zait, zutabe hau literaturaz idazteko sortua dela esanez, eta ea zer lotura duten Korrikak eta ETAren armagabetzeak literaturarekin. Ba, nondik eta nola begiratzen zaion, batere loturarik ez, edo oso lotura estua. Festa inklusibo koloretsu eta hiper-alaiak ditugu, aspaldidanik, euskaltzaletasunaren adierazpide nagusi, eta horietan askoz ere diru gehiago ematen diegu, urtero-urtero, erregai-saltzaileei eta autogintzari euskal argitaletxeei eta hedabideei baino; abertzaletasunaren adierazpide ezagunenak, berriz, borroka armatua, bahiketak eta hilketak izan dira luzaz, duela bost urte arte, eta Euskal Herriaren irudia askoz lotuagoa egon da, eta dago oraindik ere, kontu horiekin beste ezerekin baino. Nire irudipena da bi mutur horiek protagonismoa kendu diotela euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren benetako ardatz izan beharko lukeenari: euskal kulturari oro har, bereziki euskaraz sortu eta zabaldutakoari, eta horren barruan, jakina, euskal literaturari, espanturik eta arrandiarik gabe, egunerokotasunaren egunerokotasunik egunerokoenean.

Helburu horrekin sortua ez izanagatik ere —jakina baita artearen helburua «helbururik ez izatea» dela, Koldobika Jauregik BERRIAk oraindik orain egin dion elkarrizketan adierazi duen bezala—, euskarazko kultur sorkuntza —eta horren barruan euskal literatur sorkuntza— izan daiteke —eta izan beharko luke—, euskaltzaletasunaren festarik alaiena eta abertzaletasunaren armarik eraginkorrena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.