Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Nola (ez) hasi (edo pellokeria sorta bat)

2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Durango zela, Olentzero zela, abenduan liburu berri mordo batez zamatuko zenuen, beharbada, lehenagotik ere handixkoa zen liburu meta brutalista hori: Liburu Irakurri Gabeen Dorre Ikaragarria. Apal enpo eginetan kabitzen ez den zera itzel hori. Bada, arren, egin mesede zeure buruari, eta ez jarri 2018rako meta gisa liburu-meta hori txikitzea. Zertarako hain goiz gehitu beste desilusio bat hurrengo abenduko asmo bete gabeen zerrendari.

- Baina, hori dena gorabehera, Ulisesen heroi-konplexuak edo Sisiforen burugogorkeriak jota hasi baduzu urtea, eta liburu-metari asmo sendoz ekiteko kemena baldin baduzu, gogoan izan ez duzula zertan hasi dorrearen goialdetik. Zer da, ba, gerta daitekeen okerrena? Eraikintzar horren erdialdeko adreilu bat hartzea, goialdeko ale guztiak hankako behatzen gainera erortzea, horren ondorioz gaixo-baimena hartu behar izatea eta aste batzuetan lanera joan beharrik gabe egotea, etxeko besaulkian goxo, kataklismoa eragin duen liburua maitasunez leitzen?

- Liburu bat hasiz gero, ez dago zertan bukatu. Serio. Ez.

- Hala ere, kontuan izan liburu bera hiru aldiz hastea ere ez dela porrota: ahalegin eta egoskortasun alimaleko baten erakusgarria bakarrik. Nolanahi ere, argi izan: liburuak ez dizu eskerrik emango setatzeagatik. Eta, lehenbizikoan garbi geratu ez bada ere, berriz esatea sobran ez: liburu bat hasita ere, ez dago zertan bukatu. Ezetz, ba, joño.

- Liburu bat bukatu baino lehen beste bat hasiz gero, ez dago zertan errudun sentitu. Ez zara Judas bat, ez diozu aurreneko liburuari bihozñoa puskatuko. Lasai: literatur polimaitasuna ez da bekatu. Batzuen ustez, hori bai, kontsumo erraz, axaleko, saltari eta tximista bezain lasterreko garai honen sintoma zoritxarrekoa da (liburu) batekin hasi eta bestearekin hasi eta bestearekin haste hori.

- Nobelazalea bazara eta hasi baduzu halako batean poesia-liburu bat (dela adiskide friki bohemioak oparitu dizulako, dela liburuzain jator jakintsuak gomendatu dizulako, dela parke bateko bankuan eseri eta oinezkoak inpresionatzeko gogoa duzulako), eta munduko borondateetan borondateenaz saiatu bazara irakurtzen baina seko aspertu bazara, horrek ez du esan nahi ez zaizunik poesia gustatzen (eta gauza bera gainerako literatur generoen konbinazioekin). Janez ikasten da jaten.

- Era berean, nobelazalea bazara eta elemenia bat poesia-libururekin saiatzen bazara, horrek ere ez dizu bermatuko azkenean poesia gustatuko zaizunik. Batzuetan, janak jan, ez da ikasten jaten.

- Kontakizunen hasierak, bukaera kontatuz hasten badira ere, definizioz dira irekiak. Bukaerak, aldiz, irekiak badira ere, definizioz dira itxiak.

- Poetagai bazara, kasu egin diezaiokezu Borgesi, eta neurtitzekin hasi, baina gogoan izan inortxok ere ez duela sekula guztian frogatu ideia bikaina denik idazle bikainen aholkuei kasu egitea.

- Idazle on-ona izan zaitezke edozein adinetan, baita hasi berritan ere. Dena den (barka gogorarazpenaren gordina), Rimbaudena ez da igual, agian, apika, kasurik ohikoena.

- Idazle ez batere ona izan zaitezke edozein adinetan, baita sekulako eskarmentua edukita ere. (Ez dut adibiderik emango hemen: irudika beza irakurle gaixtoak).

- Ez gutxietsi udalek antolatutako Ipuingintzaren hastapenak eta Idazten hasten eta halako tailerrak; ez gutxietsi halakoetako partaide saiatuak ere, eta ireki ondo belarriak, amateurtasunak ez baitu zertan izan mediokritatearen sinonimo, eta asko ikas baitaiteke normalean okindegian baino ikusten ez ditugun auzokide horiengandik ere.

- Urtea hastearekin batera literaturari buruzko prentsa-zutabe bat idaztea tokatzen bazaizu, izan zaitez original samarra, arren, eta ez idatzi hasierei buruzko zutabe txatxu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.