Mendia

Urteetan ikasitakoa praktikan jartzen

Gero eta kirolari gehiagok ikusten dute entrenatzaile baten beharra dutela eguneroko jardunerako. Goi mailan ari direnek ez ezik, herri probetan ibiltzen direnen artean ere askok ahalik eta etekin handiena atera nahi izaten diote kirola egiteko duten denbora apurrari: horretarako jotzen dute entrenatzaileengana. Horietako asko goi mailako kirolariak izan ziren garai batean, eta beste aldean ari dira lanean gaur egun

Lide Leibar mendi eskiko materiala eskuetan duela. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
NEREA MARTINEZ URRUZOLA
«Kirolari herrikoien aurrerapausoek asebetetzen naute gehien»

Hainbat urtez goi mailako kirolari izan zen Nerea Martinez Urruzola (Iruñea, 1972). Triatloian hasi zen, baina gero raidetan eta mendi lasterketetan egin zituen hainbat urte. Garaipenez jositako ibilbidea osatu zuen. Gaur egun, kirola egiten du oraindik ere, baina entrenatzaile ezaguna ere bada.

Osteopata da ogibidez, eta Kiroletako Irakasle izateko ikasitakoa da. Entrenatzaile izateko hainbat ikastaro egin ondoren, gaur egun pilateseko monitore gisa ere badabil. Osteopatiako ikasketak egiten ari zela sortu zitzaion kirolariak entrenatzen hasteko aukera: «Nirekin batera korrika egitera irteten zen korrikalari batek aipatu zidan ea aukera ikusten nuen bera entrenatzeko. Ordura arte pilatutako esperientzia tarteko, baietz esan nion. Gerora, kirolari gehiago etortzen hasi zitzaizkidan, eta konturatu nintzen zerbitzu hori eskaintzeko moduan nintzela». Gaur egun, Nereamartinezurruzola.com webgunearen bidez egiten du.

Hasi zenetik hamabost urte joan dira dagoeneko. Hasierako entrenaldi haiek mendiko lasterkariekin egin bazituen ere, azkenaldian, triatloilariekin ari da batez ere. Bera ere sorpresaz harrapatu duen arren, azaldu du lan desberdinak egiteko aukera sortzen ari zaiola. Pozik dago horregatik, aberasgarria baita bere jardunarentzat.

Azken urteetan entrenatu dituen kirolarien profila zein den galdetutakoan, azkar erantzun du: «Mendi korrikalariak, errepidean korrika ibiltzen direnak eta triatloilariak dira batez ere. Besteak beste, Sergio Jimenez eta Julian Morcillo mendi korrikalariak entrenatu ditut. Gaur egun entrenatzen ditudanen artean, Fabian Venero gazteak itxura bikaina du: 16 urte besterik ez ditu, eta dagoeneko Senior mailan gauzak lortzen ari da».

Gaur egungo kirolari gehienen arazorik handiena denbora da haren ustez. Berak prestatzen dituen kirolari gehienak ez dira goi mailako kirolariak, eta lana, familia eta kirola uztartu behar izaten dituzte egunerokoan: «Gauza asko dituzte buruan. Ondo aprobetxatu nahi izaten dute kirolerako daukaten denbora apurra: horretarako joaten dira gehienak entrenatzaile batengana. Hori da nire eginkizunaren alderik zailenetako bat: kirolaren denbora eta errendimendua ondo uztartzea». Ez da erraza izaten oreka bat lortzea bien artean.

Egokitzeko beharra

Urruzolak argi dauka ezinbestekoa dela kirolari bakoitzaren egunerokora moldatzea. Askotan aldatu behar izaten dituzte aurreikusitako entrenamenduak, baina badaki hori dela bere langintzaren zatietako bat. «Astea ondo antolatzea zaila da. Gehienok izaten ditugu aldaketak eguneroko asmoetan. Hala ere, saiatzen naiz segida bat ematen lan saioei, hori ere funtsezkoa baita aurrerapausoak emateko».

Bakoitzari egokitutako entrenamendu bereziak prestatzen ditu: «Jendeak asko eskertzen du bere gainean egotea, arduratzen zarela ikustea, jarraipena egiten diezula ohartzea... Gaur egun, Training Peaks programarekin ibiltzen naiz lanean, eta harremana oraindik ere gertuagokoa da kirolariarekiko. Oso gustuko dut jakitea bakoitza nola dabilen, zein sentsazio dituen eta entrenamendua ondo daramaten».

Entrenatzaile bakoitza diferentea da. Goi mailako kirolariekin aritzen direnek emaitzak izaten dituzte helburu nagusi, baina ez da Urruzolaren kasua; beste gauza batek asebetetzen du: «Kirolari herrikoiek nola hobetzen duten ikusteak asebetetzen nau gehien,espero ez zuten maila lortzen ari direla ikusteak». Azkenaldian gehien asebete duen kirolari baten inguruan galdetuta, ez du asko pentsatu beharrik izan: «Iazko konfinamendua amaitu eta kirola egiten hasi zen korrikalari baten kasua aipatuko nuke. Pisu handia zeukan, eta esan zidan lasterketa luze batean parte hartu nahi zuela. Lehen asmoa oinez egitea zen. Hamar minutu ere ezin zituen korrika egin. Ia urtebete geroago, hamabost kilo baino gehiago argaldu da, eta dagoeneko 30 kilometro egiten ditu korrika. Horrelako adibideek indarra ematen didate nire eguneroko jardunean aurrera jarraitzeko». Hor entrenatzailearen garaipena.

IRATI ANDA
«Askotan tokatzen zait eskalatzaileekin lan psikologikoa egitea»

Euskal Herriko eskaladaren munduan izenik ezagunenetariko bat da Irati Andarena (Gasteiz, 1982). Espainiako txapeldun izan zen hainbat urtez, eta ondoren munduko onenekin ibili zen lehian. Eskumuturrean izandako lesio bat zela medio, 2015ean lehiaketak uztea erabaki zuen Andak.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatan lizentziaduna da, eta 2010ean hasi zen lehen eskalatzaileak entrenatzen. Ikasketetako azken urtean goi errendimenduan sartu zen bete-betean, eta ordurako jada gustuko zituen entrenamenduak eta fisiologia. Oraindik ez ditu ahaztu bere esanetara izan zituen lehen eskalatzaileak: «Gasteizko rokodromoan ibiltzen ginenekin hasi nintzen. Unibertsitateko praktikak ere Estadio Fundazioko rokodromoan ibiltzen zirenekin egin nituen. Sei eskalatzaile ingururekin hasi nintzen. Inoiz ez zait gustatu talde handiekin lan egitea».

Gaur egun ere eskalatzaileak entrenatzen ditu. Haiekin gertuko kontaktua izatea gustatzen zaio. Gaur egun, eskalada aisialditzat duten eskalatzaileekin aritzen da gehienbat: «Gehienak ez dute errendimendu zehatzik bilatzen. Indartsu jarri nahi dute, baina beste gauza asko hobetzeko ere lan egiten dugu. Psikologikoki ere gauza asko hobetu daitezke, eta eskaladan garrantzi handia dauka buruak. Nik bizi izan ditudan bizipenak eta beste eskalatzaileek helarazi dizkidaten kezkak partekatzea gustatzen zait haiekin. Eskalatzaileekin komunikazio zuzena izatea ezinbestekoa iruditzen zait». Andak berak gutxik bezala daki psikologia zer garrantzitsua den eskaladan. Gaur egun, bera da askotan psikologia lanak egiten ibiltzen dena.

Garai bateko entrenamenduetatik gaur egungo entrenamenduetara ikusten du alderik: «Nire garaian, zortzi ordu ere entrenatzen ginen. Orain konturatzen naiz bolumenarekin pasatu egiten ginela. Gaur egun, denbora gutxiago entrenatzen dira eskalatzaileak, gehienek lana egiten dutelako». Biak uztartzea izaten da zailena.

Entrenamenduen kalitatea ere hizketagai izaten da sarritan eskalatzaileen artean; baita taktika eta txapelketetarako prestakuntza espezifikoa ere. Andak ezinbestekoa ikusten du egoerara egokitzea.

Eskalatzaileek sufritzen duten beldurrik handienetakoen artean, bi bereizten ditu Andak: erorikoak eta lesioak. «Eskalatzaileen artean oso ohikoak dira. Lesio baten ondoren nola ekingo ote dioten berriro ere, berriro ere maila berean jarriko ote diren... Beldurra kudeatzea ere oso garrantzitsua da. Horregatik, niretzako oso garrantzitsua da pertsonak ondo ezagutzea».

Errendimendutik harago

Eskalatzaileen artean ere gero eta gehiago jartzen dira entrenatzaile baten eskuetan, eta are gehiago eskalada Tokioko Olinpiar Jokoetan egongo dela jakinarazi zutenetik. «Entrenamendu aldetik, uste dut oso egoera politean gaudela. Aukera ezberdin asko dago: etengabean errendimenduaren bila doazenak, lasaiagoak direnak eta hain metodikoak ez direnak, arlo zientifikoan lanean dabiltzanak... Eskalatzaile asko dago elikadura eta psikologia lantzen dutenak, eta horrek balio erantsi bat ematen dio entrenamenduari».

LIDE LEIBAR
«Lehen, gero eta gehiago hobe izaten zen; gaur egun, gauzak asko aldatu dira»

Oso gaztetatik mendiko eskian ibili da Lide Leibar (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993). Orain dela hiru urtera arte euskal selekzioan aritu ondoren, lehia alde batera uztea erabaki zuen. Gaur egun, selekzioko hainbat eskiatzaileren entrenatzailea bihurtu da.

Leibarrek Gasteizen osatu zituen Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientziaren ikasketak. Horretaz gain, Espainiako Olinpiar Batzordeak antolatutako Olinpiar Errendimenduko masterra amaituta dauka. Nahiko berria da entrenatzaile lanetan: «Pandemia garaian izan nuen zerbait berria sortzeko beharra. Ordura arte, batzuekin ibilia nintzen entrenamenduak antolatzen, baina, konfinamenduan denbora soberan nuenez, web orri bat sortu nuen, [Lideleibartraining.com], entrenamenduak eskainiz. Gaur egun ez ditut mendiko eskiatzaileak bakarrik entrenatzen. Osasun aldetik ohitura onak eta gomendioak hartu nahi dituztenekin ere aritzen naiz».

Errendimendua bilatzen duten hainbat kirolari ere entrenatzen ditu: besteak beste, mendiko eskiko euskal selekzioko hainbat eskiatzaile eta mendiko korrikalariak. Aitortu du kirolariek, orokorrean, gauza ezberdinak eskatzen dizkiotela: «Badira batzuk hasiberriak direnak, eta horiek nahikoa dute errutina soil batekin. Gauzak asko aldatzen dira errendimenduari begira daudenekin alderatuta»

Bere lanaren zailtasuna ondorengoa da: «Askori kosta egiten zaie sentsazioak adieraztea edo kontatzea. Egia da zailtasun handirik ere ez didatela ematen. Haiekin harremana ona eta gertukoa izatea gustatzen zait». Denbora nondik atera izaten da oiartzuarraren ustetan ere beregana jotzen duten kirolarien arazorik handiena.

Entrenamenduen bolumenaren gaiaz ere mintzatu da: «Ni gehienbat mendiko eskian ibili naizelako, hangoak ditut erreferentziak. Orain dela urte batzuk, dena kilometroak egitea zen; zenbat eta gehiago, hobe. Orain, berriz, kalitatezko entrenamenduak egiten saiatzen gara». Hori da kirolariek bilatzen dutena, hain zuzen.

Gabezia handi bat, elur falta

Leibar ere ez dute emaitzek bakarrik asebetetzen. Azpimarratu nahi izan du jendea entrenamenduekin pozik ikusteak eta entrenamenduen bidez sasoiko jarri dela ikusteak ere poz izugarria ematen diola. «Egia da goi-errendimenduan emaitzek agintzen dutela gehienbat, baina niretzat askoz ere garrantzitsuagoa da urtetik urterako hobekuntza, zalantzarik gabe».

Mendiko eskian oraindik ere asko hobetu daitekeela iruditzen zaio, baina argi utzi nahi izan du Euskal Herriko eskiatzaileek gabezi handi bat dutela: «Oso gutxitan izaten dute elurretan entrenatzeko aukera. Agian hor egon daiteke hobekuntzarik handiena etorkizunari begira; alegia, teknika hobetzeko elurretan entrenatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.