Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Nori axola zaio euskal prosa?

2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Ba zen Westfalia-n, baroi Thunder-ten-trockh jaunaren gazteluan, mutil gazte bat, zeini naturak dohainik eztienak eman baitzizkion». Esaldi horrekin hasi zuen Ibon Sarasolak Voltaireren Candide-ren itzulpena 1972an, Sarasolak berak Bitakora kaiera liburu argitaratu berrian (Erein, 2016) kontatzen duenez. Beldurrik gabe erabili zuen, beraz, zein erlatiboa edo zeinismoa.

Bere inguruko eguneroko euskaran ez zuen Sarasolak halakorik entzuten, jakina; idazle klasikoengandik zuen ikasia erlatibozko esaldiak osatzeko modu hori. Baina bazekien beste hizkuntza batzuetan horren antzeko soluziobideak erabiltzen zirela, hizkuntzaren eguneroko erabileretatik apartekoak haiek ere, konplexutasun maila batetik gorako testuetan, esaldi batzuetan sortutako premiei hobeto erantzuteko. Horregatik, espero zuen euskaraz ere bide arrakastatsua izango zuela etorkizunean zeinismoak, normaltasun osoz txertatuko zela erabilera batzuetan, eta horrek zalutasuna emango ziola hurrengo urte eta hamarkadetan euskal prosari.

Gaur egun, 45 urte geroago, orduan bezala, Sarasolak uste du euskarak zeinismoaren beharra daukala, ez ahozko eguneroko erabilerarako, baina bai konplexutasun maila batetik gorako testuetarako. Egungo Testuen Corpus-ean arakatzea aski da, ordea, Sarasolak berak liburuan esaten duenez, egiaztatzeko zeinismoaren erabilera ez dagoela oso zabaldua. «Maiztasun ez-txikiz» darabilten idazle eredugarrien zerrenda bat ematen du liburuan, eta ez da zerrenda labur-laburra ere, baina argi dago maiztasun txikiz darabiltenena egin balu askoz ere leku handiagoa hartuko ziokeela.

Zergatik ezin izan du egin euskarak beste hizkuntza batzuek naturaltasun osoz egin duten bidea? Hizkuntza gutxitua delako, seguru asko. Hiztun kopuru eta erabilera urriko hizkuntza denez, euskarak bolumen eta grabitate-erakarmen gutxi du, Fermin Etxegoienek esango lukeen moduan, edo errepikapen-ahalmen urria, Bernardo Atxagaren hitzekin esateko, eta zeinismoak bolumen, grabitate-erakarmen eta errepikapen-ahalmen handia beharko luke hiztunari hasieran sentiarazten dion arroztasun sentimendua gainditzeko.

Kontua okertu egiten du gutxi aipatzen den beste faktore nire ustez garrantzitsu batek: analfabetismoak; euskaraz ondo hitz egiten duten eta euskara normaltasunez —eta are hitzetik hortzera— erabiltzen duten euskaldun asko eta asko —analfabeto izan gabe, erdaraz ondo alfabetatuta baitaude— euskaraz alfabetatu gabe edo behintzat ondo alfabetatu gabe egoteak. Euskaraz ondo alfabetatuta ez dagoen euskaldun bati zeinismoz osatutako esaldirik sinpleena ere, ezinbestean, arrotza egingo baitzaio eta seguru asko pedantea.

Poesiari, iragarki batek ederki esaten zuen moduan, bertso esaten zaion herri erdi-agrafo batean bizi gara; bere hizkuntzari, mila modu zein baino zein koloretsuagoetan, etengabe maitasun zintzoa adierazten ari zaion arren, haren noranahikotzean benetan sinestera iritsi ez den herri batean, beti erkin eta gaixo maite izan duelako eta halaxe maite izaten jarraitu nahi duelako; euskaraz aritzean —inguruko erdaretan aritzean ez bezala— dotorezia eta pedanteria bereizten dituen langa neurri beherenetaraino jaitsia duen herri batean. Orain dela hamabost edo hogei bat urte, honelako zerbait esan zidan ondo idazten duen euskal kazetari eta idazle batek: «Nik badakit 'ikusi zaitut' zela kasu horretan esaldi zuzena, baina 'ikusi dizut' esan diot, bestela oso pedantea gelditzen zelako». Eta neuk ere harrapatu izan dut inoiz neure burua —inguruan Zelig banintz bezala kamuflatzeko joerak hartaratuta— «ikusi zaitut» esan beharrean «ikusi dizut» esateko zorian. Horrelako egoeren ondoan, lekutan geratzen dira zeinismoak!

Rikardo Arregi eta 1970eko hamarkadako euskalduntze-alfabetatze mugimendua ere aipatzen eta laudatzen du Sarasolak Bitakora kaiera liburuan. Liburua irakurri eta gero pentsatu dut: nolakoa izango ote zen euskal prosa, mugimendu hark orduan sortu zuen itxaropenaren araberako jarraipena izan balu, eta euskaldun gehienak, analfabeto ez izateko, erdaraz ondo alfabetatuta egotearekin konformatu ez balira? Beharbada orduan inork ez zukeen inor pedantetzat joko, denok izango ginatekeelako pedanteak...

Ameskeria txoro horien lainoetatik lurrera jaitsi eta ingurura begiratuta, beste galdera batzuek ezabatu didate aurpegian loratzen hasia nuen irria: «Zertan ari haiz? Euskal prosa? Baina zer da eta nori axola zaio euskal prosa?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.