Peruko zerua ukitzetik gertu

Eneko eta Iker Pouk beren muga guztiak hautsiz dihardute. Peruko Andeetan izan dira aurtengo udan, Mendikate Zurian, eta bi hilabetean bide berriak ezagutu dituzte. Abentura desberdinak bizitzea dute gustuko, eta hurrengo helburuak prestatzen ari dira bi anaiak dagoeneko.

4. Pozaren gailurra. Pou anaiak Pumahuacanca mendiko azken metroetan gora. POU ANAIAK.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Egindakoak ahaztuz eta beren buruari erronka berriak ipiniz. Eneko Pouk (1974, Gasteiz) bi hilabete egin ditu udan Peruko Mendikate Zurian, Iker anaiarekin batera. Leku «autentikoa» da, Eneko Pouren iritziz, eta sei bide zabaldu dituzte han. Hala ere, «beste bide asko» daude oraindik zabaltzeko. Egokitzeko denbora hartuta, jarduerak «errazago» egin dituzte, eta «mendiaz gozatzen» jarraitzen dute bi anaiek.

Ez da Pou anaiak Peruko Andeetara joaten diren lehen aldia. Azken lau urteetan hiru aldiz izan dira han —2017an, 2019an eta 2021ean—, eta ondo ezagutzen dituzte inguruak. Hango herritarrek «harrera bikaina» egin ohi izan diete beti, eta «pozik» joaten dira beti. Mendikate Zuria «Himalaia bezalakoa» dela dio Enekok, baina «txikiagoa». Poutarrentzat «aproposa» da, bide asko baitaude, eta «etxean bezala» sentitzen dira han: «Pirinioetara joatea bezala da».

Gainera, Himalaiarekin alderatuta, «erraztasun asko» daude Perun, eta «askoz ere merkeagoa» da hara joatea. «Baimen asko ordaindu behar dira Himalaiara joateko, eta, mendi batera joanez gero, baldintzak txarrak izan arren ezin zara beste batera joan».

«Oso gogotsu» iritsi ziren Eneko eta Iker beste urtebetez Perura, eta egokitu ondoren «buru-belarri» aritu ziren. Denetik egin dute bi hilabetean, eta datuak beldurgarriak dira. Guztira sei bide ireki zituzten: lau alpinismoan eta beste bi arrokan. Zortzi menditara ere igo ziren, eta hiru bide eskalatu zituzten aurreneko saiakeran. Enekok alpinismoan lortutakoari ematen dio baliorik handiena: «Gure espezialitatea arroka da, etxean gehienbat arroka daukagulako, baina piolet eta kranpoiekin teknikoki goi mailakoak diren bideetan ibili gara», adierazi du.

Bide guztietan gozatu dute Enekok eta Ikerrek, baina sufritzea ere egokitzen da halakoetan. Enekoren iritziz, Mendikate Zurian bertan egin dute inoizko irteerarik gogorrena. Pumahuacanca (5.563 metro luze) oso mendi «zaila» da teknikoki, eta Micher Quitorekin batera egin zuten igoera. Lehenengo saiakeran lortu zuten. Arrokako zati bat, izotzetako beste bat eta bide misto bat ditu Pumahuacancan igo duten hego-mendebaldeko aldeak; One Push deitzen zaiobide horri.

Inoiz igo gabe zegoen bide batetik igo ziren Pumahuacancara Pou anaiak. Ez zeukaten «inolako erreferentziarik», eta nondik jaitsi behar ziren ere ez zekiten. Hamabi ordu eta erdiko igoera luzea izan zen, baina okerrena iristear zegoen oraindik. Jaitsiera erraza izango zela uste zuten, baina «igoera bezain zaila» izan zen azkenerako.

Guztira, 27 orduko jarduera egin zuten Pou anaiek. Igoera espero baino luzeagoa izan zenez, berandutu egin zitzaien, eta gaua gainean zeukaten ordurako bi anaiek eta Quitok. Nekea ere nabarmena zen, eta «eguzkia atera arte» itxaron zuten han. Ez zuten hainbeste orduko jardunik espero, eta ez zeukaten han deskantsatzen gelditzeko tresnarik. «Gure baliabideen mugan aritu ginen, eta nekatuta bezain pozik amaitu genuen».

Egindakoak eta egitekoak

Pou anaiek asko gozatzen dute beren lanarekin, baina jendeak egindakoa «balioesteko» datuak atera beharra da haien damua. Hala ere, egindakoa ulertzeko «aukera bakarra» dela uste du Enekok: «Beste erremediorik ez zaigu gelditzen, eta pena handia ematen digu, jendea mendiko jardueretara gerturatzen saiatzen baikara».

Aurrera begira, datozen erronkei erreparatuz, Lau Elementuak proiektua amaitzea dute helburu. Haizea, ura, lurra eta sua dira lau elementuak, eta horiekin lotutako lau horma eskalatu nahi dituzte. 2017an hasi zuten proiektua, baina pandemiak hura ere geldiarazi zuen. Proiektua amaitzeko, lurra da gelditzen zaien elementu bakarra, eta «urte amaiera baino lehen» amaitzea gustatuko litzaioke Enekori. Patagoniara, Perura eta Afrikara bidaiatu dute proiektu horrekin, eta ikusteko dago nora bidaiatuko duten lanari ginga jartzeko. Argi daukatena da «leku exotiko eta original batean» amaitzea gustatuko litzaiekeela.

Toki berriak topatzea, ordea, ez da lan erraza, ezin baitute edonolakoak izan. Hiru ezaugarri bete behar dituzte bide horiek. «Edertasuna» da ezaugarri nagusia Enekoren iritziz, baina «zailtasuna» eta «lan egiteko toki egokia izatea» ere badira bi ezaugarri garrantzitsu. Ederra izateaz gain, bideak «zaila» izan behar du teknikoki, «hobetzeko daukagun grina erakusteko». Azkenik, joaten diren mendian bertan «lan egiteko aukera» egon behar du; hau da, «irudi onak» grabatzeko aukera: «Profesionalak gara. Nahiz eta gauza handiak egin, gero ezin badugu komunikatu, jendeak ez du ulertuko».

Bestalde, behin eskalatutako bideak «berriro ez eskalatzeko» hautua egin zuten Pou anaiek. Txikitatik aritu izan dira mendian Eneko eta Iker, eta «bideak ez errepikatzea» da haien helburuetako bat. «Bide berriak zabaltzea gustatzen zaigu, eta abentura desberdinak bizitzea».

Bideak ez dira berriak, ordea, betirako, eta geroz eta zailagoa da bide horiek topatzea eta zabaltzea. «Geure burua birsortzea da zailena gaur egun», adierazi du Enekok. Hala ere, argi utzi du ez diotela egindako erronken «kopuruari» erreparatzen, «kalitateari» baizik: «Ikerrek eta nik energia handia daukagu, eta ez gara egindakoarekin erraz konformatzen».

Urtebetean bidaia ugari egiten dituzte Pou anaiek, eta, espedizioa bera haientzat «ederra» bada ere, espedizioetarako prestakuntza lanak ez hainbeste. Harritzekoa bada ere, Enekok argi dauka «errazagoa» dela jarduera bera aurrera eramatea, jarduera bakoitzerako prestatzea baino: «Lana ere izan daiteke, baina mendia zaletasuna da guretzat».

Gogoko tokian, ordea, aldapak ere egon daitezke tarteka. Irteera bakoitza gustuko dutelako egiten duten arren, jakitun daude lanaren zailtasunaz. Arroka da anaien espezialitatea, baina alpinismoan ere ari dira. Enekoren iritziz, «arriskutsua eta zailagoa» da, eta bizia jartzen dute jokoan: «Gaztea zarenean ez diozu beldurrik hiltzeari, baina gaur egun burua hotzago daukagu», adierazi du Enekok. Inguruan ezagun asko hiltzen ari zaizkie azkenaldian mendian, eta, «nahi eta nahi ez», arriskuei «gehiago» erreparatzen diete orain.

«Laguntzak falta dira»

Pou anaiek lehen egunetik zeukaten motibazio bera daukate gaur egun, baina zailtasun gehiago topatzen ari dira hasi zirenean baino. Arazo nagusia «babesleak eta laguntzak topatzea» da. «Motibaziorik ez zaigu falta, baina beste alde horrek asko erretzen du», aitortu du Enekok.

Laguntza falta «mendizale gazteenekin» ikusten da gehienbat. Enekoren iritziz, «jende ona» badago, baina ezin izaten dute profesionaltasun horretara iritsi: «Iruditzen zaigu ezagutu dugun profesionaltasun hori hiltzen ari dela. Dirua interes gutxiko jardueretara joaten ari da, eta jarduera hauei ez zaie laguntzarik ematen. Pena da», kritikatu du Enekok.

Eskalada Olinpiar Jokoetako diziplina ere bada gaur egun, baina ez du zerikusirik Pou anaiek egiten dutenarekin. «Rokodromoko eta harkaitzeko eskaladak bi kirol desberdin dira», ohartarazi du. Enekoren iritziz, ingurune naturaleko eskalada «albo batean» utzi du rokodromokoak: «Gazte gehienentzat dibertigarriagoa da lehiatzea, eta dirua ere hor dago», onartu du.

Sare sozialen eraginaz ere mintzatu da eskalatzailea. Haren iritziz, sare sozialekin «edozeinek» dirudi ona eta profesionala, etahorrek ez die «onurarik» egiten «benetan ondo aritzen diren mendizaleei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.