Albistea entzun

Mamen Etxaniz. Bidaiaria

«Benetako mundua ezagutzeko aukera eman didate bidaiek»

Azken urteetako hilabete asko eta asko bidaiatzen pasatu ditu Mamen Etxanizek. Oso gaztetatik hasi zen bidaiatzen, eta ia 50 urte daramatza munduko bazterrak ezagutzen. Orain bost urte lana utzi zuenetik, bizikleta eta motxila izan ditu bidelagunik ohikoenak. Etxera ere gustura itzultzen dela nabarmendu du.
MAMEN ETXANIZ Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko azaroak 15 - Tolosa

Ez da batere erraza Mamen Etxaniz (Azpeitia, Gipuzkoa, 1961) Euskal Herrian topatzea, baina, behin etxean, ez du batere arazorik jarri elkarrizketa adosteko. Hitz errazekoa da, eta pasioz kontatzen ditu bere bidaietako pasarteak. Oso sasoiko dago oraindik ere, eta ez du bidaiatzeari uzteko asmorik.

Zein izan da egin duzun azken bidaia?

Boliviara joan nintzen lehenik, bizikletarekin eta traste guztiekin. Bolivia zeharkatu, eta goi lautadatik Suaren Mendira iritsi nahi nuen, Sajamara. Asko kostatu zitzaidan girora moldatzea. Dena basamortua da, herririk ez dago, dena da bakardadea... Hasieran zera pentsatu nuen: «Baina nora etorri naiz ni?». Bosgarren egunean, autobus bat hartu, eta Sajama herrira bertaratu nintzen. Txekiako lau lagun ezagutu nituen bidean. Haiekin hiru egun pasatu nituen. Ondoren, basamortuan murgildu nintzen berriro. Atacamara iritsi nintzen halako batean, baina esaten zidaten Saltaraino ez neukala ezer. Ez nintzen nahi nuen ordurako iritsi.

Gauzak okertzen hasten direnean, etxera itzultzea etortzen da burura?

Ez, ez! Oraindik beste 5.000 kilometro nituen aurretik. Ostatuan nengoela, bi bizikleta ikusi nituen. Finlandiarrak ziren. Haiekin joatera gonbidatu ninduten. Dagoeneko 8.000 kilometro eginda zetozen. Handik bi egunera abiatuko ginela hitzartu genuen. Erosketa batzuk egitera joan nintzen, baina, supermerkatutik atera eta gutxira, zulo batera erori nintzen. Aldakan izugarrizko kolpea hartu nuen! Egun bat gehiago atseden hartzea erabaki genuen. Behin abiatuta, gustura nengoen. Baina errepidean gindoazela, finlandiarretako batek aurreratu, eta, gurpilak trabatuta, airean atera nintzen! Urratu dezente egin nituen gorputzean, baina aurrera jarraitzea erabaki genuen. Hiru egun bizikletan ibili ostean, bi eguneko atsedenaldia egitea erabaki genuen. Gauean, jatetxe batera joan ginen afaltzera. Handik irtetean, lurrera begira nindoala, poste elektriko bat jo nuen buruarekin. Baina hau ez da posible! Kopeta ireki nuen, eta ospitalera jona behar izan nuen berehala. Puntu mordo bat eman zizkidaten, eta esan nien ni etxera nindoala. Beste astebete pasatu nuen bertan puntuak kentzeko. Haiek kenduta, Uruguaira eta Argentinara joan nintzen beste egun batzuk pasatzera. Denera 50 egun pasatu ditut kanpoan. Halere, arantza bat gelditu zait bidaia honekin. Itzuliko naiz. Zorte gutxi izan dut bidaia honetan!

Orain dela bost utzi zenuen zeure betiko lana. Orain askoz ere errazagoa al zaizu bidaiatzea?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen, urte osoan hilabete besterik ez nuen izaten bidaiatzeko. Normalean, ezin izaten nuen hilabete osoa hartu, eta, gehienez, hamabost eguneko bidaiak egiten nituen. Askotan, astebete besterik ez nuen izaten. Orain denbora gehiegi daukat pentsatzeko [barreak].

Nondik datorkizu bidaiatzeko zaletasuna?

Izeba bat Mexikon bizi da oraindik, eta 20 urte nituenean hara bidaiatu nuen osaba batekin. Hari ere asko gustatzen zitzaion bidaiatzea. Handik bi urtera, misiolari zebilen beste osaba bat bisitatzera joan nintzen Afrikara; zehatzago, Kongora. Oso basatia izan zen bidaia hura! Hilabete pasatu genuen han. Geroztik ez naiz asko gelditu.

Gustua hartu zenion bidaiatzeari.

Bai. Ondoren, India-Nepal bidaia egin nuen. Orduan Katmandun ez zegoen ezer. Azpeitiar batzuek Annapurnara joan nahi zuten [Nepal, Himalaia, 8.091 metro], eta bertan argazkiak ateratzeko eskatu zidaten. Orduan ez zegoen maparik ere Katmandun! Indiara joateak ez ninduen batere erakartzen, baina Nepalerako izugarrizko irrika neukan. Orduan proiekzio asko izaten ziren mendi taldeetan, eta nik haietatik ere asko edan nuen. Pokharan trekking bat egin nahi nuen, baina abuztuan joan ginen, eta egunero euritan ibili ginen. Ez genuen ezer ikusi. Izugarrizko penarekin itzuli nintzen etxera. Argi neukan berriro ere itzuliko nintzela, baina udaberrian edo udazkenean. 2010ean, eszedentzia bat hartu nuen sei hilabeterako, eta hiru hilabete Nepalen pasatu nituen, eta beste hiru Jakan [Aragoi, Espainia].

Hara joaterako, Aconcaguara igota zeunden (Argentina, Andeak, 6.961 metro).

Bai, 1993an igo nintzen. Urteberri egunean gailurrean nengoen! Xabier Erro zenarekin joan nintzen. Altueraren erreferentzia hori jada banuen, banekien zer zen ia 7.000 metroan egotea. Orduan izugarrizko errespetua genion altuerari. Baina alpinismora ez nintzen asko gerturatu, eta eskiatzeari ekin nion. Pistan zein mendian eskiatzen hasi nintzen. Askoz ere gauza gehiago egin ditut mendian eskiekin, oinez baino.

Denetik egin duen emakumea zara zu. Besteak beste, errepideko maratoiak, eskia eta alpinismoa. Inoiz ez zara geldirik egon.

Ez. Josu Iztueta ezagutzeko aukera izan nuen. Katmandun ezagutu genuen elkar. Orduko haren bikotekide Dina Bilbaorekin egina nuen triatloi bat, esaterako. Behobia-Donostia lasterketa ere askotan egin dut. Denetik probatzen zuen belaunaldikoak gara gu! Gaur egun, dena askoz ere errazagoa da. Materiala ikusi besterik ez dago.

Lehen ibilaldi luzea 2017an egin zenuen, 66 Ibilbide famatua (AEBak, 3.940 kilometro). Nola gogoratzen duzu?

Lanagatik, bizitza guztia amerikarrekin eman dut harremanetan. Betiko ametsa nuen ibilbide hura egitea. Aurretik, eskiatzen egona nintzen Estatu Batuetan, eta lanetik erretiroa hartu ondorengo opari bikaina izan zen. Chicagotik abiatu, eta, bidean Oklahoma, Kansas edo Kalifornia zeharkatu ondoren, Santa Monican amaitu nuen. Egunean 100 edo 150 kilometro egiten nituen. Bidean, emakume bat ezagutu nuen, eta hamar egunez hura izan nuen bidelagun. Denera, 50 egun igaro nituen bidean. Oso gogorra izan zen, euria ere egun askotan egin zidan, baina izugarrizko poza sentitu nuen zeharkaldi hura amaitzean. Ondoren, auto bat alokatu, eta beste hilabete pasatu nuen parke nazionalak ezagutzen. Azken astea Hawaiin pasatu nuen, bidaiari errematea emateko.

Hori gutxi ez, eta 2018an Eurovelo 8 ibilbidea egin zenuen (Atenas-Cadiz, 7.500 kilometro).

Azkenean ez nuen osorik bukatu. Cadizera iritsi beharrean [Andaluzia, Espainia], Azpeitian eman nion amaiera bidaia hari. Ameriketan denbora askoan bakarrik ibili nintzen, herrietan ere oso jende gutxi ikusten nuen, janaria ere negargarria... Han erabaki nuen hurrengo bidaia plazer hutsa izango zela. Itsasoa asko gustatzen zait, eta ibilbide zoragarria iruditu zitzaidan. Beste kultura bat, beste jende bat… Bidaiaren amaiera ez neukan oso garbi. Ez nuen Kataluniatik pasatu nahi, eta beste bide batetik itzuli nintzen, Midiko kanaletik [Frantzia]. Pirinioak zeharkatu ondoren, Jakatik pasatu nintzen, eta, ondoren, Azpeitira. Iaz osatu nuen egin gabe utzi nuen zatia.

Zure benetako ametsa 2019an bete zenuen, Great Himalaian Trail osatuta [Nepal, 1.700 kilometro].

2010ean Lhasa-Katmandu egina nuen. Everesteko oinarrizko kanpalekua ere zeharkatzen du ibilbideak, eta oso gogorra da. 5.400 metrora iristen da. Bidaia hartan, emakume bat ezagutu nuen, Alenka Zagard esloveniarra. 50 egun pasatu genituen elkarrekin. Lagun handiak gara ordutik. 2019an, haren etxera egindako bidaia batean, ibilbide hori egitea erabaki genuen. Baina orkatila apurtu zuen abiatu aurretik, eta bakarrik joatea erabaki nuen.

Ez zenuen zalantzarik izan erabakia hartzeko garaian?

Mikel Leizeagarekin harremanetan jarri nintzen. Jaiotzez Legazpikoa da [Gipuzkoa], baina Katmandun bizi da. Laguntzeko norbait behar nuela esan nion. Zeharkaldi horrek ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du Nepal osoa, 1.100 kilometroan. Hiru hilabeterako bidaia bat zen, eta lagun bat bilatu zidan. Gida gazte-gazte bat zen. Ez zuen hitz egiten ez ingelesez, ez gazteleraz. Baina ondo konpondu ginen. Izugarria izan zen! Hiru urte pasatu dira geroztik, baina, askotan, ez dut sinisten hura amaitzeko gai izan nintzenik. Dena ondo atera zen, hasieratik azkeneraino.

Bidea osatzen zenbiltzala, Manasluko trekkinga ere egin zenuen.

Bai, Mikeli deitu nion berriro esanez Manaslu mendiaren trekkinga egin nahi nuela, eta mesedez lagun bat aurkitzeko. Bidaia hartako bigarren hilabeterako plana zen. Trekking hori egiteko, gutxieneko bi lagun behar dira, gida batekin. Azkenean, Juanma Sotillos lagunarekin osatu nuen. Oso ondo egokituta nengoen altuerara, eta bizi-bizi egin nuen. Denera 80 egun egin nituen bidaia hartan.

Bakarrik bidaiatzera ohituta zaude. Esaerak dio bakarrik ibiltzen ohituta dagoena inoiz ez dela bakarrik ibiltzen. Hala da?

Erabat ados nago esaldi horrekin! Bidaiariak beti dauka hizketarako jarduna, eta parekoari ere segituan hartzen dio tankera nolako pertsona den. Azken bidaia honetan bi finlandiarrekin ibili naiz, eta oso lagunak egin gara. Bidaiatzeko ez dago adinik: gogoa behar da.

Ohiko bidaiariek diote bidaia bat amaitzerako beste batean pentsatzen dutela. Zu ere antzera ibiltzen al zara?

Hala da, bai! Baina etxerako bidea ere gustura hartzen dut. Ez dakigu ondo zein leku ederrean bizi garen! Ameriketatik itzuli nintzenean konturatu nintzen horretaz gehien. Han, leku askotan, bakar-bakarrik bizi da jendea. Eta, noski, etxera itzultzen naizen aldiro, Xoxotera igotzen naiz. Jaitsieran, hilerritik pasatzen naiz gurasoei bisita egitera.

Zer eman dizute bidaiek?

Bizitza eta askatasuna. Benetako mundua ezagutzeko aukera eman didate, ez telebistan erakusten digutena.

Zer bidaia duzu amets gaur egun?

Zetaren ibilbidea. Oso ibilbide luzea da, eta, besteak beste, Txina, Mongolia, Egipto eta Errusia zeharkatzen ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Baloiak falta zaizkigu, eta egunero pista osoan entrenatzea»

Julen Etxeberria

Urtetik urtera, handituz doa Zuazok jokalariekin eta entrenatzaileekin duen zorra. Haitok eta Velascok argi dute «kito» esan behar zutela: «Normaltzat jo dugu prekaritatea, eta ezin da onartu».

Sherpa Ai binakako txapelketako finalistak, herenegun, aurkezpean. ©AITZIBER ARZALLUS / UROLA KOSTAKO HITZA

Xerpak, txapelaren bila

Jon Ander De la Hoz

Lau bikote ariko dira maila nagusiko finalean, eta hiru promoziokoan

 ©RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING / SPRINTCYCLING

«Behar nuen aldaketa; gogoa eta ilusioa berreskuratu ditut»

Eñaut Agirrebengoa

Movistarren «urte zailak» bizi ostean, sasoi honetan Kern Pharman ariko da Elosegi. Gora egiten lagundu nahi dio taldeari, ondo arituz «lasterketa guztietan».
Iker Muniain Iñaki Williamsen bizkar gainera igota, gaueko lehen golaren ospakizunean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Mendekua urtebetera hartu dute

Beñat Mujika Telleria

Nagusitasunez lortu du Athleticek garaipena. Laugarren urtez jarraian izango dira Kopako finalerdietan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.