Albistea entzun

Urtea biribildu, urtea apaindu

Egur Sporten Gabonetako finalak jokatuko dituzte gaur Asteasun. Aizkoran, Ezpeleta, Alberdi eta Larrañaga ariko dira. Harri jasotzen, hiru bikote ariko dira, eta, taldeka, bi multzo
Aizkolari bat, aizkorarekin, Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako Lehen Mailako Txapelketako finalean.
Aizkolari bat, aizkorarekin, Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako Lehen Mailako Txapelketako finalean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2022ko abenduak 31

Egur Sportek urte osoan antolatzen ditu herri kiroletako txapelketak, baina grazia berezia du Gabonen jirakoak. Urtezahar egunean banatu ohi dituzte urteko azken txapelak, eta ondo amaitzea beti da hurrengorako hauspo. Hargatik, ikusmina piztu ohi dute Asteasun (Gipuzkoa) jokatzen dituzten finalek.

Aurtengoa ez da salbuespena izango. Goreneko koskako kirolariak batuko dira Usarrabi pilotalekuan (17:00). Urrezko Aizkolarien Kopan, maila oneko hiru kirolari ariko dira nor baino nor gehiago. Hodei Ezpeleta da bat; Euskadiko Federazioaren txapelketa irabazi du aurten, bigarren aldiz jarraian, eta jada adierazia du puntako aizkolariengana gerturatzea duela xede.

Haietako bi izango ditu kontrario. Batetik, Julen Alberdi Txikia IV.a. Azkoitiarra da aurten hobekien moldatu den aizkolaria, maila goreneko kirolariak biltzen dituzten bi txapelketak irabazita: Sherpa Ai eta Donostiako Urrezko Kopa.

Bestetik, Mikel Larrañaga da parte hartzekoa. Azpeitiarrak txapelketa asko jokatu ditu aurten, eta Iker Vicenteren aurkako apustua ere egin du. Gipuzkoako Txapelketa da aurten lortu duen garaipen nagusia. Kontuak horrela, lehen biek urtea biribiltzea izango dute xede; Larrañagak, berriz, sasoia apaindu nahi du, beste txapela bat zakuratuta.

Lanei dagokienez, erreskadan osatuko dute jarduna: hamabi kanaerdiko ebakiko dituzte segidan —54 ontzako enborrak dira—. Hori da jaialdiaren beste berezitasuna, Egur Sportek proba tartekatuak jartzen baititu ohituraz.

Aizkoraz gain, harri jasotzaileek ere bete-beteko lehia izango dute. Hiru bikote sailkatu dira Binakako Txapelketako finalerako: Aimar Galarraga eta Paulo Azpiazu; Jon Unanue Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a; eta Xabier Aranburu Guzta eta Xabat Olaizola.

Hiru bikote horiek dira azkeneko hilabeteetan kanporaketak gainditu eta gaurko finalerako sailkatu direnak. Urratsez urrats egin dute finalerako bidea, eta gaur txapela janzten duen bikotea gailenduko da.

Aurrez, baina, ondo egin beharko dituzte beren lanak. Izan ere, aurreko kanporaketen aldean gogorragoak izango dira gaur egin beharrekoak. 175 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko zilindro zaharrarekin nahiz bolarekin lehiatuko dira, hiruna minutuko txandatan. Denbora da, hain justu ere, berritasun nagusia: lehendabiziko harriekin minutu bat gehiago osatu beharko dute, sailkatze faseko lanekin alderatuta.

Lau kiroletan lehiatuko dira

Asteasun jokatuko da, halaber, taldekako lehen txapelketako finala ere. Larrun eta Txindoki multzoak ariko dira nor baino nor gehiago. Esti Gastearenak, Patricia Martinek, Maika Ariztegik eta Nerea Sorondok osatuko dute lehen taldea; bigarrena, berriz, Ai nitze Zumetak, Udane Ostolazak, Nerea Arrutik eta Lierni Osak. Lau kirol uztartu beharko dituzte proba horretan: txingekin, harri jasotzen, aizkoran eta ingudean ariko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Eizagirre, Anoetan, 2024ra arte berritu duela dioen elastikoarekin. ©Reala

Nerea Eizagirrek beste urtebeterako berritu du Realarekin

Julen Etxeberria

Erdilari tolosarrak zortzigarren denboraldia egingo du txuri-urdinen lehen taldean. «Polita da nire bizitzako taldean jarraitzea», esan du kapitainak

 ©JON URBE / FOKU

«Pena daukat Bidasoarekin tituluren bat irabazi ez izanaz»

Julen Etxeberria

Julen Aginagaldek bihar jokatuko du azken partida erretiroa hartu aurretik, 40 urterekin, eta punta-puntan 24 urtez aritu eta gero. Kirol ibilbide luze eta oparoa egin du; irabaz daitekeen ia dena irabazi du: «harro» dago egindakoaz.
Orioko arraunlariak iazko Gipuzkoako Txapelketa irabazi ondorengo ospakizunean. ©JON URBE / FOKU

Lehen helburuak jokoan

Beñat Mujika Telleria

Neguko sufrimenduak ahaztu, eta igandean hasiko dituzte arraunlariek traineruen urteko lehen txapelketa ofizialak. Zarautzen jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa. Iazko garaipenak errepikatzen saiatuko dira Orio eta Hondarribia.

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xehetasun txikietan dago txapela

Imanol Magro Eizmendi

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.