Beharrak eta aukerak

Mendian korrika egiten duten kirolariek geroz eta material gehiago dute eskuragarri, bai denda fisikoetan eta bai Interneten. Asier Larruzea eta Lide Urrestarazu mendi korrikalariek eta Koldo Agirre dendariak oinetakoei erreparatu diote batez ere, horiek baitira korrikalariaren erreminta nagusia.

Lide Urrestarazu mendian korrika. ENEKO SANCHEZ.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Geroz eta jende gehiago dabil gaur egun mendian korrika, eta, kirolak indarra hartu duen heinean, arropa eskaintza geroz eta zabalagoa da korrikalarientzat. Horrelako jarduera baterako janzkerak aukera eman behar dio kirolariari korrika eroso egiteko, baina, erosotasunarekin batera, beste faktore batzuk zaindu behar dira: eguraldia, tenperatura, lur eremua ... Horregatik, kirol hori praktikatzeko orduan jantzi beharreko arropen inguruan euren gomendioak eman nahi izan dituzte Koldo Agirrek, korrikalari ohi eta Beasaingo Agirre Kirolak dendako jabeak, eta Asier Larruzea eta Lide Urrestarazumendi korrikalariek. Denak bat datoz zein diren elementurik garrantzitsuenak: oinetakoak.

KOLDO AGIRRE
Agirre Kirolak dendako jabea
«Mendian korrika hasi ginenetik gaur arte asko aldatu da eskaintza»

Beasaingo Agirre Kirolak denda txikia baina espezializatua da. Oinetakoak saltzen dituzte nagusiki, baina mendian lasterka aritzeko arropa egokia eta teknologia baliagarriak ere aurkitudaitezke bertan. Koldo Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1985) dendako jabearen hitzetan, oinetakoak dira korrika egiteko «elementurik garrantzitsuenak», bai eta gehien hondatzen direnak ere. «Oinetako pare batek kilometro jakin batzuetan irauten du, eta urtean pare bat baino gehiago behar izaten da normalean». Gomendioak emate aldera, Agirrek argi dauka; lesioak saihesteko, garrantzitsuena da oinetakoak norbere oinari «ondo egokitzea» eta «erosoak» izatea.

Agirreren iritziz, garai batean oinetako «arinagoak» eramaten ziren, heldualdi gehiago zutenak, baina hori «distantzia motzagoak» egiteko garaian izaten zen. Agirrek ikusten duenaren arabera, gaur egun ultratrailen mundua dago modan. «Kolpea ahalik eta gehiena arinduko dien oinetakoa nahi izaten dute, erosoa, eta artikulazioak babestuko dituena». Entrenamenduetan zein distantzia luzeetako lasterketetan helburua «antzekoa» dela dio denda jabeak, eta, horregatik, oinetakoa ere berdintsua da bietan. Hala ere, lokatza dagoen inguruetan oinetako takodunak erabiltzea «komenigarria» dela dio.

Lasterka ibilitakoa izanda, aldaketak ere argi eta garbi ikusi ditu Agirrek. «Gu mendian korrika hasi ginenetik gaur arte eskaintza asko aldatu da. Merkatua zabala da, eta oinetako oso onak daude. Norberak berari hoberen dagokiona aurkitzean dago gakoa». Agirreren iritziz, mendian lasterka aritzeko «ekipamendu guztietan» ikusi da hobekuntza kalitatean. Adibidez, lehengo oinetakoak «gogorragoak» ziren, eta motxilek ere pisu nabarmena zeukaten: «Gizarteak aurrerapausoak ematen dituen heinean, materialean ere berdin gertatzen da; eboluzio bat», nabarmendu du.

Agirre Kirolak dendara joaten diren erosleak bi motatakoak direla dio jabeak. Alde batetik, erosle «klasikoagoak» daude, «dendara gomendio eske datozenak». Baina erosle informatuagoak ere badaude; «foro eta sare sozialen bitartez asko mugitzen direnak». Informazioaren fidagarritasuna, ordea, ez da beti nahiko litekeena. Lehen baino askoz informazio gehiago dago, baina horrek onurak eta kalteak ekar ditzake: zer egin hainbeste informaziorekin, nola aukeratu informazio garrantzitsuena... Gaur egun «nahi beste» informazio dagoela dio Agirrek, baina informazioa «nondik hartzen den» begiratu behar dela: «leku guztietan bezala, informazio fidagarria eta hain fidagarria ez dena ere badago kirol honen inguruan».

Teknologia berriek ere egin dute beren tokia kirol honetan, eta horiek ere aurki daitezke Beasaingo denda espezializatuan; erlojuak, adibidez. Agirreren hitzetan gailu horiek «informazio asko» ematen diote korrikalariari, eta informazio hori «beti da baliagarria», dendariaren ustez. Hala ere, badu bere kritika: «Informazio hori egunerokotasun honetan ezinbesteko egiten zaio askori, eta menpekotasun pixka bat ere badago. Gailua izateagatik ez da inor azkarrago arituko lasterketa batean».

ASIER LARRUZEA
Mendi korrikalaria
«Teknologia berriek ez daukate hainbesteko garrantzirik»

Hamabi urte igaro dira Asier Larruzea (Gueñes, Bizkaia, 1990) mendian korrika hasi zenetik. Urte hauetan aldaketa asko egon direla dio, eta hori materiala erostera joaterakoan argi eta garbi igartzen dela. Kamisetetaneta galtzetan aldaketak ikus daitezkeela onartzen duen arren, ez du uste material horien aukeraketak garrantzi handirik duenik. Aldaketarik nabarmenena oinetakoetan eta motxiletan nabaritu du Larruzeak: «Motxiletan eta gerrikoetan eboluzio handia ikusi da. Marka guztiek dauzkate gerriko eta motxila ezberdinak, eta lehen marka bakanak zeuden».

Bizkaitarrak ere oinetakoen gainean jarri du arreta. Oinetakoen aukeraketa txar batek lasterketa bateko marka aldatu dezakeela dio, eta horregatik arreta berezia jartzen du haiengan. Euskal Herrian lokatz asko egoten dela azpimarratu du, «nahiz eta azken urtean ez den horrelakorik ikusi». Horregatik, tako luzedun oinetakoak erabiltzea gustatzen zaio, eta material aringarri gutxirekin ahal bada, hamabi urte hauetan orkatiletan lesioak izan baititu. Bestela, lokatzik ezean, takorik gabeko oinetakoak erabili ohi ditu, material aringarri pixka bat gehiagorekin, baina gehiegi ere ez.

Merkatura ateratzen den material berria begiratzea oso gustuko du Larruzeak. Horretarako baliatzen ditu sare sozialak; bai Facebook eta Instagram. Hala ere, aterik ixten ez duen arren, normalean modelo bereko oinetakoak erabiltzea gustatzen zaio Larruzeari, eta mota bakoitzeko bi pare izaten ahalegintzen da. Erreserban izaten du bigarren hori, lehenengoa apurtuz gero azken orduko arazorik ez izateko. Gainera, etxe inguruan denda espezializaturik ez duen arren, aurrez aurreko erosketak nahiago izaten ditu Internet bidezkoak baino gehiago: «Interneten zer dagoen ikusi daiteke, baina dendan soilik ikusten da erosoa den edo ez, eta oinari nola egokitzen zaion».

Ohikoa den bezala, Larruzeak ere lasterketetara eguraldiaren araberako arropa eramaten du, baina baditu bere ohiturak edo maniak. Hotza egin arren, mahukarik gabeko kamiseta jartzen du, eta xira gerrikoan gordeta eramaten du, badaezpada ere, gelekin eta urarekin batera. Normalean prakamotzak aukeratzen ditu, hankak askeago sentitzeko, eta, bestela, galtza elastiko motzak. Bestalde, galtzerdiei dagokienez, galtzerdi luzeak ez ditu gogoko, eta orkatilak babesten dituzten galtzerdiekin konformatzen da.

Teknologia berriei dagokienez, erlojuak «oso gogoko» dituela ohartarazi du, bai kiroletakoak, baita bestelakoak ere, eta datuak ikusteko «egokia» den arren, lasterketa batean marka on bat egiteko «aparteko garrantzirik» ez daukala uste du: «Teknologia berriek ez daukate hainbesteko garrantzirik, guk geuk ematen diegu behar baino garrantzi handiagoa gailu horiei».

Berrikuntzei erreparatuta, Larruzeak konpresio galtzerdiak erabili izan ditu batzuetan, batez ere lasterketa baten aurretik hegaldi edo bidaia luze bat baldin badauka. Hanketako zainetako zirkulazioa hobetzeko balio dute, eta geroz eta gehiago erabiltzen dira. Gainera, jardunerako bakarrik ez, deskantsurako aparatu berriak ere korrikalari askoren etxeetara iritsi dira gaur egun; adibidez, masajeak egiteko pistolak. Horrelako aparatuak, ordea, ez ditu inoiz erabili Larruzeak. Ez dago haien kontra, baina ongi erabiltzen ez dakienez, ez du inoiz horrelako gailurik erosteko hauturik egin.

LIDE URRESTARAZU
Mendi korrikalaria
«Kirol honek indarra hartu du. Geroz eta aukera gehiago dago»

Lide Urrestarazu (Ordizia, Gipuzkoa, 1999) atletismoan hasi zen gazteagotan, eta krosak mendi lasterketekin aldatu zituen. Ordiziako korrikalari gazteak ere oinetakoei eman die garrantzirik handiena mendian lasterka aritzeko beharrezko diren materialen artean. Urrestarazuri oinetako «arinak» erabiltzea gustatzen zaio, baina ez dio merkatuko material berriei gehiegi erreparatzen: «Zerbait erosi behar baldin badut, begiratzen dut, baina ez zait gustatzen etengabe begira egotea».

Oinetakoek garrantzi handia dute, Urrestarazuren hitzetan. Ordiziarrak ez ditu 30 kilometro baino askoz gehiagoko lasterketak egin izan, eta, distantzia horretarako, oinetako arinak ditu gogoko. Hala ere, entrenatzeko «sendoagoak» diren batzuk erabiltzen ditu, material aringarri gehiagorekin. Dena den, lur eremuaren arabera tako gutxiagoko edo gehiagoko oinetakoak izatea gomendatzen du, eta haiek ere material aringarridunak. Gainera, ordiziarrak ere garrantzia ematen dio dendara joan eta oinetakoa probatzeari: «Ezagutzen dudan zerbait erostea gustatzen zait, badakidana nire oina bertan ondo egongo dena».

Oinetakoez gain, pisu txikiko gerriko bat eramaten du soinean Urrestarazuk ura eta gelak eramateko, eta galtzari eta kamisetari ez dio garrantzi handirik ematen: «Ez dut uste emaitzan eragin handirik daukatenik». Euria egiten duenerako, xira arin bat janzten du, eta, posible bada, 10.000ko irazgaiztasuna duena, euriari hobeto aurre egiteko.

Agirrek eta Larruzeak bezala, Urrestarazuk ere uste du mendi lasterketen inguruko merkatua geroz eta gehiago mugitzen ari dela: «Kirol honek indarra hartu du. Geroz eta gehiago mugitzen da merkatua, eta geroz eta aukera gehiago dago».Hori korrikalarientzat albiste ona dela uste du gainera, aukera gehiago dituztelako haien oinak «ondoen non dauden» ikusteko. Hala ere, zalantza egiten du oinetako batetik bestera zenbat aldatu daitekeen lasterketa bateko emaitza: «Hobekuntza, egotekotan, minimoa dela esango nuke. Gehiago aldatuko da gau horretan deskantsatutakoaren arabera».

Ez da ohikoena gaur egungo korrikalarien artean, baina Urrestarazuk ez dio pultsometroari begiratu ere egiten, eta «sentsazioen arabera» egiten du lasterka. Teknologia berrien inguruan ez dauka iritzi finkorik, eta, gaur egun erlojurik gabe entrenatzen duen arren, erlojua eduki izan duenetan ibilbide berrietan aritzeko erabili izan du soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.