Mugarria jartzeko leku bila

Europan maila handiko neurketak jokatutakoa da Reala. Txuri-urdinek distira egin dute beren onena eman izan dutenetan, eta neurketa haietakoak ispilu hartuta ekingo diote aldi berri bati. Donostiakoek urrun iristeko berme bilakatu nahi dute kalitatea.

Realeko jokalariak, Lyonen aurkako partidaren ostean zaleak agurtzen, Gerlanden. YOAN VALAT / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun

Grina berezia sortzen dute lehia kontinentalek. Siberiako esteparen eta Algarveko (Portugal) San Bizente lurmuturraren artean jokatzen diren neurketek hainbat leku, kultura eta paisaia ezagutzeko beta ematen diete zaleei. Jokalariei, berriz, mapan kokatzea ere zaila den taldeen aurka bizitzan behin bederen aritzeko abagunea, baita Europako estadio adierazgarrienetan talde handienen aurka jokatzeko ere.

Ikusi gehiago:Rijeka-Reala partidaren atarikoa

Horietan guztietan ondo moldatzea da Europa ligan urrun iristeko gakoa. Realak aldarte onean ekingo dio aurtengo aldiari. Espainiako ligako lidergoa dute txuri-urdinak, eta jokoan bikain ari dira. Beste upeleko sagardoa da Europakoa, ordea; ezohiko lehia da, eta neurria hartu egin behar izaten zaio. Horretaz zerbait badaki Realak, lehen ere Europan maila handiko neurketak jokatutakoa baita. Orain, mugarri berri bat jarri nahi du gaur hasiko duen Europa ligan; jadanik baditu batzuk bere kartografia propioan.

AURKEZPEN EKITALDI BAT
Interri astindua, Atotxan

Aurrez Europa mailako txapelketetan aritua bazen ere, Realak 1979-1980 sasoian sortu zuen harrabotsa estreinakoz. Orduantxe lortu zuen UEFA txapelketako lehendabiziko garaipena, eta ez zen nolanahikoa izan, gainera. Italiako Milango Inter azpiratu zuen Atotxan (2-0).Zale askorentzat estadio zaharreko partidarik onentsuenetako izan zen. Lehendabiziko kanporaketako itzulerako neurketan izan zen. Garaipena eskuratu arren, Donostiakoek ez zuten aurrera egin, joanekoan hiru goleko aldea lortu baitzuten Italiakoek, San Siron.

Dena den, klubaren historian gordetako neurketa bat da. Era batera, Realak Europari emandako aurkezpen txartel baten gisakoa izan zen neurketa hura. Jesus Mari Satrustegik egin zituen txuri-urdinen bi golak, eta etxekoek oinpean ibili zituzten bisitariak. Gutxi falta izan zitzaien kanporaketa iraultzeko.

LORIA DASTATZEKO ZORIAN
Hanburgoko trikimailua

Realak Europan egin duen biderik luzeena 1982-1983 sasoian egin zuen. Alberto Ormaetxearen taldea Txapeldunen Ligan aritu zen urte hartan, bigarren aldiz segidan, eta eskura izan zuen finalerako sailkatzea. Epaileen lan polemikoak utzi zituen txuri-urdinak azken neurketatik kanpo. Donostiakoek Hanburgo izan zuten arerio finalerdietan, eta bana amaitu zen Donostiako joanekoa.

Itzuleran erabakiko zen nork egingo zuen finalerako urratsa. Jakobsek egin zuen etxekoak aurreratzeko gola, baina berehala Diegok berdindu egin zuen Realarentzat. Bost minutu geroago, Von Heesenek Hanburgoren bigarrena egin zuen, jokoz kanpoko argian. Sutu egin ziren Realeko jokalariak, akatsa agerikoa zelako. Gerora jakin zuten ezer adierazi ez zuen marrazaina atsedenaldian zelairatu zela; hasierakoak min hartu zuen, eta harmailetan zegoen bat jarri zuten, Hanburgokoa. Historian markatuta geratu zen neurketa bat izan zen, realzaleengan utzi zuen zapore mingotsarengatik izan bazen ere.

IZARREN DISTIRAZ
Lyongo Olympique, oinpean

Azken urteetan ere Europako errepideetan barrena aritu dira Realeko jokalari eta zaleak. Orain zazpi urte, Txapeldunen Liga jokatu zuten Donostiakoek. Aldi berezia izan zen; uda betean jokatu zuten Lyongo (Frantzia) Olympiquen aurkako kanporaketa, eta distira berezia izan zuen. Milaka realzaleren abaroan, joanekoan aise menderatu zuen Realak Lyon (0-2). Antoine Griezmannen gol bikain batek eta Haris Seferovicek urrundik egindako jaurtiketa indartsu batek aurretik jarri zituen txuri-urdinak. Anoetako itzulerakoan ere aise nagusitu ziren Donostiakoak, Carlos Velaren bi goli esker. Bikaina izan zen bigarrena, Anoetan sartu den onentsuenetakoa. Kanporaketa epikoa izan zen.

HISTORIARAKO ATEA
Gol mazedonia bat

Partida eta aurkari xumea izanagatik, Realak historiarako letra batzuk idatzi zituen 2017ko urriaren 22an. Donostiakoek Skopjen (Ipar Mazedonia) jokatu zuten orduan,Vardarren aurka, eta astindu egin zituzten etxekoak (0-6). Europa ligak izen hori hartu duenetik etxetik kanpo sartu den gol kopururik handiena da. Willian Josek egin zituen txuri-urdinen sei goletatik lau. Gaur iluntzean ere jokatzeko moduan dago. Beste mugarri bat jartzen lagun dezake brasildarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.