Bueltan dira

Blusa eta neskek hartuko dituzte Gasteizko kaleak astelehenean, Santiago egunez. Udalak ekintza ugari antolatu ditu, aurreko jaien programak eredutzat hartuta.

Gasteizko blusen eta nesken Santiago eguneko ardo upel lasterketan bi neska 225 litroko upela bultzatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hiru urte igaro dira azkenengotik, baina, astelehenean, bueltan dira. Uztailaren 25ean bueltan dira baratxuriak; bueltan ardoa eta musika. Eta, noski, bueltan dira jaietako protagonistak: neskak eta blusak. Haien eguna ospatzeko inoiz baino gogo handiagoa dute, eta ez dira bakarrak. Gasteizko Udalak egitasmo eta lehiaketa ugari antolatu ditu, urtero legez. Besteak beste, baratxuri azoka, ardo upel lasterketa, bigantxak, herri kirolak eta kalejirak; Santiago eguna gasteiztarrek gogoratzen duten bezalakoa izan dadin.

Egitarauan goiztiarrenak baratxuri saltzaileak izango dira.70 postu inguru zabalduko dituzte San Frantzisko aldapan zein Errege Atea kalean. 07:00 aldera hasiko dira saltzen eta azoka 23:59ak arte irekita egongo da. Ezinbesteko bihurtu den azoka, ordea, ez da bakarra izango. 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 22:30era, Andre Maria Zuriaren jaietako azokak ateak zabalduko ditu. Bien bitartean, Gasteizko hirigunean, bestelako ekintzak martxan egongo dira.

Ardo Upelen V. Lasterketa ekintzarik jendetsuenetako bat izatea espero da. Aurreko urteetan bezalaxe, Blusa eta Nesken Batzordeak lauko taldeentzako lasterketa antolatu du. 11:00etan parte hartzaileak Plaza Berrian elkartuko dira, eta bertan hasiko da lehia. Lehiakideek, binaka eta txandak eginez, beren upelek Plaza Berriari bira ematea lortu beharko dute.

Hala ere, Santiago egunez biraka joango diren bakarrak ez dira upelak izango. Herritarrak ere, Gasteiztik gora eta behera ibiliko dira, bueltaka, 16:30ak arte. Orduan, Dato kaleko bazterretan esertzen hasiko dira, blusa eta nesken kalejiren zain. Lehenak federazioko kuadrillak izango dira, oihu eta salto artean jai giroa piztuko dutenak. Ordu erdi geroago, Batzordeko neska eta blusak aterako dira, aurrekoen lorratzari jarraituz. Berpizkundearen plazan jarraituko du festak, eta 20:00etan itzultzeko kalejiran hirigunera bueltatuko dira Federazioko kuadrillak; eta ordu erdi geroago Batzordekoak.

Irudia garbitu nahian

Badira hainbat urte jaiak aldatzen hasi zirela. Ikuspegi tradizionala alboratzen eta garapenerantz urrats txikiak egiten hasi zen Santiago eguna ere: zezenketen debekua, eraso sexisten aurkako protokoloak, edalontzi berrerabilgarriak... Hala ere, bada 1990eko hamarkadatik bere horretan mantendu den zerbait: blusa eta nesken irudia. «Gugan pentsatzen duenari jende mozkor eta zikina datorkio burura; eta hori aldatu beharra dago», azaldu du Ane Ciruela Desiguales kuadrillako neskak. «Kuadrillen inplikazioa» ezinbestekotzat jotzen du, Santiago eguna «mozkortzea baino askoz gehiago» dela argudiatuz.

«Mozkor eta zikin» irudi hori atzean utzi nahian dabiltza kuadrilla asko. Aurten ere, edalontzi berrerabilgarriak banatu dituzte blusa eta nesken artean; gutxiago edan eta gehiago birzikla dezaten. Baina, astelehenean, haien esku egongo da 1990eko hamarkadatik zabaldu den irudia mantendu, edo atzean uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.