Teknologia

Hizkuntzak gal ez daitezen

Europako sei hizkuntza gutxitu ikasteko aplikazio bat sortu du Edinburgoko Unibertsitateko ikerlari talde batek. Hizkuntza horien artean dago euskara.

IndyLab aplikazioaren irudiak, eskaintzen dituzten hizkuntza zein aukera desberdinekin. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hizkuntza bat arriskuan dago hiztunek erabiltzeari uzten diotenean, eremu komunikatiboen kopurua murriztu, eta belaunaldi batetik bestera transmititzeari uzten zaionean». Horrela definitzen ditu Unescok hizkuntza gutxituak. Europako Batasunean 24 dira hizkuntza ofizialak. Bestalde, 60 dira eremu berean dauden hizkuntza gutxituak, eta horietatik bost soilik dira hizkuntza koofizialak.

Katerina Strani irakasle eta hizkuntzalariak urteak daramatza hizkuntzen inguruan lan egiten. Eskoziako Heriot-Watt unibertsitatean irakaslea da, eta gaelikoa ikasten hasi zenean izan zuen lehen gertuko harremana hizkuntza gutxituekin. 2019an, IndyLan aplikazioa sortu zuen bere lantaldearekin batera.

IndyLan Europako sei hizkuntza gutxitu ikasteko aplikazioa da: galegoa, euskara, kornubiera, eskoziera, gaelikoa eta iparraldeko samiera, hain zuzen. Hizkuntza horiek ingelesez, gaztelaniaz,finlandieraz eta norvegierazko laguntzarekin ikas daitezke. Doako aplikazioa da, eta iOS zein Androiden deskarga daiteke. 4.000 hiztegi termino eta esaldi baino gehiago, elkarrizketak, gramatika eta abar aurki daitezke: «Material asko dago, bai hasiberrientzat eta bai maila handiagokoentzat», azaldu du Stranik.

Aplikazio hori sortzeko ideia Stranik eta bere lantaldeak sortutako beste aplikazio batetik sortu zitzaien. Moving Languages da lehenengo proiektuaren izena, eta errefuxiatu eta etorkinen integrazio linguistiko eta kulturala bultzatzea du helburu. Etorkinei iritsi berri diren lekuko hizkuntza eta kultura irakasten dizkie. «Moving Languagesen feedbackak erakutsi zigun interesa bazegoela», oroitu du hizkuntzalariak, eta, beraz, hizkuntza gutxituekin lan egitea erabaki zuten.

Bi urte iraun zuen sorkuntza prozesuak. Lehenik, landuko zituzten hizkuntzen beharrak aztertzen hasi ziren, eta hizkuntza horien inguruko txosten bat egin zuten. Ondoren, aplikazioa diseinatu zuten, txosteneko analisian oinarrituta. Dena prest zegoenean, IndyLab mota guztietako erabiltzaileekin probatu zuten. Straniren esanetan, erabiltzaileen iradokizunek «asko» lagundu zieten aplikazioa hobetzen, aldaketak gehitzeko, zein akats txikiak konpontzeko.

Stranik Edinburgoko (Eskozia) Heriot-Watt unibertsitatean garatu du proiektua, Chiara Cocco doktorego tesiaren ikasle eta Steve Byrne ikertzaile eta musikariarekin batera. Gainera, Erresuma Batuko, Finlandiako, Norvegiako eta Espainiako bost bazkide edo laguntzaile izan zituzten, hizkuntza bakoitzaren garapenarekin laguntza izateko. Laguntzaile horiek hizkuntza bakoitza lantzen duten elkarte edo erakundeak izan ziren. Moviendote elkarteak euskararekin eta galegoarekin lagundu zion IndyLaneko lantaldeari.

IndyLan Europako hizkuntza mehatxatu batzuk ikasteko pentsatuta dago, baina baita hizkuntza horiek hitz egiten dituzten pertsonen kulturei buruz gehiago ikasteko ere. Kultura fitxak ditu aplikazioak horretarako. Moving Languages aplikazioan ere sartu zuten aukera hori, eta izan zuen arrakasta ikusita, IndyLanen sartzea ere erabaki zuten. «Proiektuaren erakunde laguntzaileetako kide batek zioen: «nola ikas dezakezu gure hizkuntza, nola bizi garen ez badakizu?», eta arrazoi du», gaineratu du Stranik.

Finantzaketa bila

Hizkuntzalariak 2017an izan zuen lehen aldiz euskara eta euskal kulturarekin harremana, lan kontuengatik. Handik bi urtera berriro itzuli zen Euskal Herrira, berriro ere lan kontuengatik, baina familiarekin. «Nire lankide euskaldunek euren hizkuntzarekiko eta kulturarekiko duten grinak bultzatu ninduen proiektu honetan lan egitera», azaldu du Stranik. Euskara eta gaelikoa ikasten hasia da ikerlaria aplikazioan.

Lantaldea pozik dago IndyLan izaten ari den harrerarekin. Iazko ekainetik dago eskuragarri, eta 5.000 deskarga baino gehiago izan ditu. Gainera, etorkizuneko proiektu berrietan parte hartzeko gonbidapena jaso dute. Straniren esanetan, aplikazioak hain erantzun ona izateak erakusten du Europan eta Europatik kanpo arriskuan dauden hizkuntzetarako baliabideak behar direla.

Proiektua aurtengo otsailean amaitu zuten, eta, amaitu bezain laster, finantzaketa bukatu zitzaion taldeari. Heriot-Watt unibertsitatea Erresuma Batuan dago, eta, brexit-aren ondorioz, ez dute Europako Batasunaren finantzaketarik lortzerik. Hala ere, Stranik argitu du Unescon saiatuko direla finantzaketa lortzen, nahiz eta «zaila» ikusten duen hainbeste hizkuntza hartzen dituen proiektu batentzat dirua lortzea.

Finantzaketa lortuz gero, hizkuntzalariak garbi du hizkuntza gutxitu gehiago eta ezaugarri gehiago erantsiko dizkiotela aplikazioari. Bestalde, hedapen kanpaina handiago bat ere egingo dute, «hizkuntza gutxituen garrantzia sustatu eta biziberritzeko». Proiektua erabiltzaile guztien eskura egoteak berebiziko garrantzia du sortzaileentzat; horregatik dago doan. Gainera, aplikazioa kode irekikoa da, komunitateek erabili eta hobetzeko ahalmena izan dezaten. «Gurea bezalako proiektuetatik aldaketa praktikoak egotea espero dut», azpimarratu du Stranik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.