Arrieta Rodriguez. Eskiatzailea

«Nigan gehiago sinesteko eskatzen didate entrenatzaileek»

Bere kirol ibilbideko denboraldirik onena osatzen ari da Arrieta Rodriguez alpinoko eskiatzaile donostiarra. Europako Kopako eta Gazteen Munduko Txapelketa jokatu berri ditu. Bere burua onenengandik gertuago ikusten duela nabarmendu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ohikoa ez den arren, etxean dago Arrieta Rodriguez eskiatzailea (Donostia, 2002). Goizean gimnasioan ibili dela aurreratu du elkarrizketa hasterako, eta, ondoren, lagunekin egoteko aprobetxatu du arratsaldea. Etxera itzultzen den aldiro egiten duen errutina da. Irribarrea ahotik kendu ezinik dabil azkenaldian. Denboraldia biribildu nahi du falta diren bi hilabeteetan.

Europako Kopan eta Munduko Txapelketan parte hartu duzu urtarrilean. Nolako txapelketak izan ziren?

Lehen aldiz hautatu ninduten Munduko Txapelketan parte hartzeko, eta hautatua izate hutsa izugarria izan zen. Ez nuen espero joatea. Denboraldia ondo hasi nuen, eta puntu batzuk ere pilatu nituen FIS lasterketa batzuetan Juniorren artean. Bilera berdinean, Europako Kopako Gazteen mailan ere lehiatuko nuela esan zidaten. Asteburu horretan ziren Europako Kopako probak. Egia esan, ez nuen zorte handirik izan, bietan erori egin nintzelako. Oso atzean ateratzea tokatu zitzaidan, eta ordurako pista jada oso erabilita zegoen.

Ondoren jokatu zenuen Gazte mailako Munduko Txapelketa St. Anton am Arlbergen, Austrian.

Bai, urtarrilaren 17tik 26ra jokatu genituen mundialak. Lasterketak, oro har, oso gogorrak eta zirraragarriak izan ziren. Taldeka, Jana Suau lagunarekin aritu nintzen. Eslalomeko diziplinan jokatu nuen, bai taldeka, baita bakarka ere. Taldeka ez zegoen hainbeste jende, eta hamahirugarren postuan amaitu genuen. Banakakoan, aldiz, berriro ere oso atzean ateratzea tokatu zitzaidan, eta azkenean hemezortzigarren postuan amaitu nuen. Oso gustura amaitu nuen.

Zer sentitu zenuen Europako Kopan eta Munduko Txapelketan arituko zinela aipatu zizutenean?

Motibazio izugarria. Hasieran, Munduko Txapelketa batean egongo nintzela pentsatze hutsarekin, izerditan hasi nintzen, eta, aldi berean, urduritasuna sentitu nuen. Banekien zerbait handiago jokatzera nindoala.

Munduko onenekin aritu zara lehian. Nola ikusi duzu zeure burua?

Orain dela urte batzuk oso urrun ikusten nuen neure burua onenengandik; oraingoan, berriz, ez ditut hain urruti ikusi. Frantziarren, austriarren, suitzarren, norvegiarren, kanadarren eta alemaniarren aurka aritu naiz lehian, eta gero eta gertuago ikusten ditut. Seinale ona da. Ametsa geroz eta gertuago ikusten dut.

Zein ziren zure helburuak denboraldi hasieran? Bete dituzula uste duzu?

Helburu nagusia Munduko Txapelketarako sailkatzea zen. Banekien ez zela batere erraza izango; baina, aldi berean, eskuragarri ikusten nuen. Bestalde, Europako Kopan lehiatzen hasteko aukera izan nahi nuen. Azkenean, biak lortu ditut. Orain, askoz ere erlaxatuago nago, eta hemendik aurrerako probetan askoz ere lasaiago lehiatzeko aukera izango dut. Oraindik bi hilabete ditut aurretik nire onena emateko.

Orain arte lortutako emaitzak espero zenituen?

Ez. Mundialean, esaterako, aurretik aipatutako herrialdeetako hainbat eskiatzaileri irabazteko gai izan nintzen. Niretzat ere sorpresa handia izan zen. Denboraldiarekin oso gustura nago, eta sari batzuk irabazteko gai ere izan naiz, esaterako, Baqueiran [Lleida, Herrialde Katalanak], Blanca Fernandez de Ochoa zenaren omenez jokatzen den saria. Hiru lasterketa jokatu nituen bertan, eta hirurak irabazi nituen.

Abuztuan hasi zenuen denboraldiaurrea, eta dagoeneko hilabete batzuk daramatzazu lehian. Azkenerako luzea egiten ari zaizu sasoia?

Ez, oso azkar pasatzen ari zait denboraldia. Oraindik ere denboraldiaurrean nagoela iruditzen zait askotan [barrezka]. Etxean oso gutxi egon naiz denbora honetan guztian. Denera hiru aste ere ez ditut egin etxean. Emaitzak onak direnean eta gutxinaka helburuak lortzen zoazenean, denbora azkar pasatzen da. Lehiatzeko gogoz eta irrikaz nago oraindik.

Orokorrean zer-nolako denboraldia daramazu?

Eboluzio etengabea izaten ari naiz denboraldia hasi nuenetik. Hogei lasterketa baino gehiago jokatu ditut, eta, azkenekoetan, podiumean izateko aukera izan dut. Horrez gain, hiru lasterketa ere irabazi ditut. Ezin dut gehiago eskatu. Europako Kopan Senior mailakoekin lehiatu dut, eta bertan lortutako emaitza [29. postua], izugarria izan zen niretzat.

Eskiatzaileen bizimoduak etxetik kanpo egun asko igarotzea eskatzen du. Etxekoen falta nabari duzu?

Bai. Anai zaharrena master bat egitera joan da kanpora, eta ahizpa txikia Jakan [Aragoi, Espainia] dago eskiko taldearekin. Gurasoak bakarrik daude une honetan etxean. Halere, gaur egun, teknologiaren laguntzarekin, dena errazagoa da. Askotan deitzen diet gurasoei. Asko eskertzen dut haien hurbiltasuna.

Azken hilabeteetan aparretan zaude, baina gauzak hain ondo ez doazenean norengana jotzen duzu?

Lagunengana eta gurasoengana jotzen dut batez ere. Halere, nahiz eta kanpoan egon, taldean oso giro ona dugu. Vall di Fassan [Italia] dago selekzioaren etxea, eta, orain, gainera, Andorrako selekzioko neskak ere gurekin daude. Denak etxe berean bizi gara. Animikoki ez banago nire onenean, mutilen pisura igotzen naiz askotan, barre batzuk egitera.

Eski alpinoan gero eta emakume gehiago daude, baina Espainiako selekzioarekin lehiatzen hiru bakarrik ari zarete egun. Zergatik zaudete hain emakume gutxi?

Baldintza batzuk bete behar dira selekzioan egoteko, eta askok ez dituzte bete azken urteetan. Gaur egun, hiru emakume gaude selekzioan, Lisa Vallcorba katalana, June Garitano urretxuarra, eta ni neu. Historikoki, emakumeek askoz lehenago uzten dute kirol hau. Nik ere askotan egiten diot galdera hori neure buruari.

Eskien gainean hazitako gaztea zara zu. Beste kirolik egin zenuen umetan?

Hilabete gutxi nituela jarri ninduten gurasoek eskien gainean. Eskiaz gain, kirol asko egindakoa naiz; besteak beste, tenisa, futbola, hockeya, igeriketa, atletismoa... Halere, gehien gustatu izan zaidana beti eskiatzea izan da. Txikitan jada eskiko talde batean sartu ninduten, eta geroztik ez naiz gelditu.

Nork eta noiz esan zizun lehenbizikoz kirol honetarako balio zenuela?

8-9 urte nituenean hasi nintzen jada lehiatzen. Gutxinaka hobetzen joan nintzen, eta lehen lasterketa haietan garaipen batzuk lortu nituen. 18 urtez azpiko mailan, Aragoiko taldearekin aritu nintzen lehiatzen. Orduan egin nituen nazioarteko lehen lasterketak. Txilen, Norvegian, Frantzian, Italian... egon nintzen. Han erabaki nuen aurrera egitea. Jolas bat izatetik joko bat izatera pasatu zen. Askok urte horiekin utzi egiten dute, baina nik aurrera egitea erabaki nuen. Batxilergoko bigarren urtean Espainiako selekziora joateko deia jaso nuen. Lau urte daramatzat.

Eskia jarraitzen dutenen ahotan dabil zure izena azkenaldian. Itxaropen handia dago zuk egin dezakezunarekin. Presioa sortzen dizu horrek?

Presioa baino gehiago, motibazioa sortzen dit. Federazioarengatik babes handia jaso dut beti, eta entrenatzaileek ere konfiantza asko eman didate. Beste eskiatzaile batzuen alde egin beharrean, nire alde egin dute, eta hori asko eskertzen dut. Nire aldeko apustua egin dutela ikusten dut. Badakit erakutsitako konfiantzari erantzun egin behar diodala, eta helburuak ere bete behar ditudala. Asko saiatuz eta lana eginda, gauzak lor ditzakedala ikusten dut.

Presioak askotan urduritasuna ere ekartzen du. Nola kudeatzen duzu?

Lehen oso urduria nintzen, baina azken urteetan asko hobetu dut arlo horretan. Iaz, kanpoko laguntza izan nuen, eta asko lagundu zidan urduritasuna kudeatzen. Aurten, aldiz, ez dut haren beharrik izan. Aldagai asko dituen kirola da gurea, eta, gaur oso goian egon naitekeen bezala, bihar oso behean egon naiteke. Oso baikorra naiz, eta horrek ere asko laguntzen dit presioa kudeatzen. Hala ere, entrenatzaileek esaten didate gehiago haserretu behar dudalanire onena ateratzeko [barrezka]. Eskarmentua falta zait oraindik ere, baina, esperientzia pilatzen ari naiz, eta helduago sentitzen naiz.

Zer falta zaizu beste jauzi bat egiteko?

Agian, nigan gehiago sinestea. Entrenatzaileek behin eta berriz errepikatzen didate neure buruan gehiago sinetsi behar dudala. Espainia mailan onenen artean nago, baina, kanpora joatean beste kontu bat da. Izugarrizko maila dago gaur egun eski alpinoan, eta nazioartera lehiatzera joaten garenean errealitatea zein den ikusten dugu. Espainian lasterketak irabazten ditut, beti aurrean ibiltzen naiz, baina hori ez da errealitatea. Benetako egoera Europako Kopan eta Munduko Txapelketan ikusten da. Bide luzea daukat oraindik ere egiteke.

Haiengan asko espero, eta bidean geratu diren eskiatzaile asko ezagutu dituzu zure kirol ibilbidean zehar?

Bai. Beheko maileten nirekin ibiltzen ziren ia denek utzi egin zuten bere garaian. Gainera, oso kirol garestia da. Ekonomikoki ezin da aurrera jarraitu laguntzarik ez baduzu inguruan. Ezinbestekoa da talderen batean sartzea, edo babesleren bat izatea, eta, halere, ez da batere erraza. Nik horretan zorte handia izan dut gurasoekin. Halere, gaur egun babesle batzuk baditut, eta eskerrak! Salomon etxearen laguntza daukat eskiekin, eta federazioaren laguntza ere ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.