Patxada eta pazientzia eskatzen baldin badu ere —erritmo motelekoa da eta, gainera, denbora askotxo pasatzen da tramaren nondik norako nagusiak zein diren jakin arte—, oso esker oneko telesaila da Baltasar Kormakur eta Sigurjon Kjartarnssonen Katla (Netflix, 2021). Ez bakarrik erakusten dituen paisaia ikusgarriei ateratzen dien probetxu plastiko eta zinematografiko nabarmenarengatik, baita kontatzen duen istorioaren intrigarengatik, aurkezten dituen pertsonaiengatik eta pertsonaia horiek interpretatzen dituzten aktoreengatik ere (Gudrun Yr Eyfjord, iris Tanja Flygenribg, Ingvar Eggert Sigurdsson, Aliette Opheim, Thorsteinn Bachmann...). Netflixek Islandian ekoitzitako lehendabiziko telesaila da. Islandiako hegoaldeko glaziar ikusgarri batean kokatuta dago Katla sumendia —benetan existitzen da, Reykjaviketik 150 kilometrora dago—, eta haren inguruko lurraldeetan kokatzen da istorioa. Sumendiaren erupzioa hasi zenetik urtebete igaro da eta oraindik ere laba, errautsak eta gasa isurtzen jarraitzen du. Inguru guztia errautsez estalita eta kutsatuta dago, modu bereziki arriskutsuan arnasa hartzeko arazoak dituztenentzat. Horregatik, sarrera kontrolatua dago eta inguruko biztanlerik gehienek beren bizilekutik ihes egin dute, babes bila, batzuek handik alde egin baino bertan hil nahiago badute ere. Historiaurreko arrasto misteriotsu batzuk agertu dira erupzioak glaziarraren sakoneko guneetatik ateratako izotza urtzean, eta misterioarekin batera biztanleen ezinegona ere areagotu egingo da inork espero ez zituen pertsona batzuk agertzen hasten direnean...
Bizitzaren eta heriotzaren misterioan barneratzen da, hortik abiatuta, telesaila, eta gizakiaren beldur handienen aurrean jartzen du ikuslea. Horretan oinarrituta, Twin Peaks, Dark, The Rain, The Revenants, The Leftovers eta gisako telesailak aipatu dira, han-hemenka, Katla-ren aurrekari gisa.
Telesailen arteko konparazioetan sartu gabe, Katla-ren meritu nagusietako bat da sinesgarritasunez planteatzen dituela erantzunik gabeko galderak, eta indar iradokitzaile handiko erretratu ederra egiten diola sumendiaren ondoan —hark barruan zer gordetzen duen eta noiz, nola eta nora atera eta jaurtiko duen ez dakiela— artega bizi den izaki koxkorrari, gizakiari.
EKOGRAFIAK
Sumendiaren ondoan artega
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu