DEKALOGOAREN ZENBAIT PUNTU

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
1. Natura zaintzea eta gure urrats ekologikoa gutxitzea izango da helburu nagusia.

Parke natural batetik, naturagune babestu batetik edo ekologikoki kaltebera den ingurune batetik pasatzen diren partaide kopurua gehienez 500 pertsonakoa izango da.

Probaren ibilbidea parkeko edo diputazioko teknikariekin eta basozainekin adostuko da, betiere kaltebera diren eremuak eta babesgune bereziak ibilbidetik kanpo utziz, edota handik igarotzea ahalik eta gehien murriztuz. —Parke naturaletako babes legedia oso kontuan hartuko dugu. Adibidez,drone eta helikopteroen erabilera ahalik eta gehien murriztuko dugu—.

Antolakuntzak beharrezkoak diren ibilgailuak bakarrik baimenduko ditu ibilbidean zehar. Ikusleei ere irmo gomendatuko die halakoak ahalik eta gutxien erabiltzea.

Ibilbidea probaren aurreko egunean markatuko da, eta probaren biharamunean beranduenez batu. Probaren hurrengo astean ibilbide guztia berrikusiko da, gera daitezkeen hondakinak bilduz. Ibilbidea markatzeko erabiliko diren materialak biodegradagarriak izango dira.

Anoa postuetan gaikako bilketa egingo da, eta ahal den guztia birziklatzea bermatuko da.

Parte hartzaileren batek inguruneari kalte egiten badio, esaterako zaborren bat botaz, dortsal zenbakia hartu eta jarraian probatik kaleratuko da.

2.- Korrikalari guztiek trataera bera izango dute.

Korrikalariei ez zaie lasterketetara etortzeagatik ordainsari finkorik emango. Halere, posible da kanpotik datozen korrikalariei zerbait ordaintzea, bidaia defizitarioa izan ez dadin, betiere guztiei kopuru orekatu eta jakin bat ematen bazaie kilometro bakoitzeko.

Eliteko korrikalari deritzenek ez dute pribilegiorik edukiko. Ez dute sailkapen, ibilbide edota sari desberdinik izango.

Antolakuntzak, asko jota, dortsalen %15 gorde ahal izango ditu gonbidatuentzat.

Sariek, orotara eta maila guztiak kontuan hartuta, ez dute 3.000 euroko langa gaindituko.

Dortsalen salneurria km bakoitzeko 0,5 eta 1,5 euro artekoa izango da. 20 km-ko lasterketa baterako 10 eta 30 euro bitartean.

3. Lasterketa etiko hauek elkarbizitza baikor bat bultzatuko dute.

3.1 Elkartasuna eta kirol legea

Korrikalari guztiek egoera larrian edo beharrizanean dauden beste korrikalariei sorospena emateko betebeharra izango dute. Sorospena, abisua ez emateak edo laguntza eskeari entzungor egiteak zuzenean kaleratzea eragingo du.

3.2 Aniztasuna

Gaur egun sailkapenak era binario batean —hau da gizon eta emakume-— banatuta dauden arren, ez da identitate horietatik kanpo sentitzen den inor baztertuko. Parte hartzaile bakoitza identifikatzen den generoaren kategorian parte hartzea izango da helburua.

Izena ematean gaur egun ez dago gizon eta emakume artean aukeratzea besterik. Sexu aukeran3 laukitxo jartzea gomendatzen dugu: Gizon/Emakume/Ez-binarioa.

Infografietan, karteletan, sare sozialen edukietan… aniztasuna ikusarazten eta genero ez-estereotipatua ez sustatzen saiatuko dira antolatzaileak.

3.3 Inklusioa

Ezgaitasun funtzionalen bat duen kirolarien parte hartzea eta inklusioa bultzatuko da.

Ezgaitasun funtzionalen bat justifikatzen duten partaideei %10eko beherapena egingo zaie izena emateko orduan.

3.4 Jasangarritasuna

Antolakuntzak anoa postuetako lehengaiak eta bestelakoak bertakoak eta ekologikoak izan daitezela lehenetsiko du. Ahal den neurrian, erosketak herrian bertan edo inguruko saltokietan egiten ahaleginduko dira.

3.5 Errespetua

Auzolanean eraikitzen diren proiektuak dira Etiketa Berdeko lasterketak. Lasterketa egunean lanean ari diren boluntario guztiek errespetuz tratatzea merezi dute.

Lasterketak toki pribatuetatik, basoetatik, larreetatik… pasatzen dira askotan. Bertan bizi eta lan egiten duten pertsonak gogoan izatea oso garrantzitsua da.

(Osorik, etiketaberdea.com webgunean)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.