Goroldiorik ez, dabilen harrian

Tokian tokiko lurreko erraiek euskarritu izan dituzte etxeak mende luzez. Izkin harrien koloreak haien jatorria salatzen du: gorria, horia edo grisa. Etxe berrietan ere baliatzen dituzte orain, baina «beztitzeko».

Orografiak du tokiko eraikuntza manatu. Harri gorriari Baztangoa, Larhungoa edo Arradoikoa deitzen zaio. G. FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herria harriak hartua da: inguruari so ukaldi bat ematea aski da ohartzeko harria bazter orotan dagoela. Zuretik landa, eraikuntzaren bizkarrezurra izan zen garai baten putarrak baratzen dira oraino. Alta, protagonismorik galdu ote du?

Harriaren hotzak ez du kentzen bihotzari otzan zaionik: «Baina nire ukituak esnatzen zaitu, nire igurtziak pizten; nire magalean zara arintzen, nire harri kuttuna», ohoratu zuen harria Iñaki Perurenak, Harria mundu mundua harri liburuan (Alberdania, 2001). Iokin Zaitegi poeta, harriari ez, baina harriaz baliatu zen aberriarekiko karra islatzeko Argin Zarra olerkian, 1952an, euskal poemaren atarian atzeman daitekeenez: «Eskuko daitenean Euskal Aberria, artu, olerkariok, nik landu arria: Andragoi-buruntzian bedi ezarria, nere zain-odoletan gorritu pitxia».

Harriak, beraz, badu karga emozionala, uzten du bere herexa zibilizazioan, mazotik lumaraino hedatzen baita.

Iñaki Perurena harri jasotzailearen bizitzaren euskarria da, haren kosmobisioa markatzeraino: «Hor dago Aresti, Harri eta herri aritzen denean: gure harriak hor daude, eta besteenak ere bai. Munduko kultura guziek landu baitute harria, ezin dugu ulertu gizarte bat harririk gabe». Duela 4.000-5.000 urteko kultura entelegatzeko ikerleak harrira doazela azpimarratu du: piramideetara, hots.

Denboran eta espazioan hain urrunera joan gabe, Euskal Herriko eraikuntzaren oinarria izana da mendeetan zehar. Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar-en arabera, oinarri hori zura izatetik harria izatera pasatu zen XVI. mendearen eta XIX. mendearen artean: «Etxea zurgin lan bat izatetik hargin lan bat izatera pasatu zen. Garapen horretan, harri pikatua gero eta erabiliagoa da, hasteko kantoietan, sarri leiho eta atarietan ere. Normalean harri granitikoa da, kolore urdinez, baina atzeman daiteke hondar harria, eta zenbait eskualdetan bien arteko txandakatzea, joko bat eginez, bereziki atarietan eta leihoetan». Autoreak badu zer erran: Etxea ondarea, historia, mintzoa liburua atera baitzuen 2016an (Pamiela), Euskal Herri osoko etxe motak ikerturik: «Kantoi harriak harri pikatuak ziren, landuak, erran nahi baita garestiak, ez beti guzien esku. Etxe zaharrenak zurgin lana ziren, hau da, egitura guzia zurezko zutabez osaturik; kasu hauetan ez zen kantoi harririk, zureria baizik».

Denborak eta paisaiak etxeetako harri gordea edo agerikoa dakarte. Agerian uztea ala ez, argi du zerk duen ekarri: «Bistan edo ez egotea moda kontua da, nire ustez. Azken denboretan harri horiek agerian uzteko joera dago, zeren eskualde anitzetan estaliak izan baitira denbora luzez, harri pikatuak eta zurezko zutabeak ere. Zuberoan oraino nabarmenki segitzen dute ezkutuan».

Xan Jakes Etxeberri harginak ere bat egiten du modaren kontzeptuarekin: «Bi motatako izkin harriak ziren; hirietan agerian uzten zirenak, zeinak dotoreak baitziren edo nobleenak: seinale bat zen. Baina baserri munduan, denak zartatzen ziren, estaliak. Hirian, gisu gehiago baliatzen zuten, ahal gehiago baitzuten. Gero, moda bat agertu da agerian uztekoa, baina anti-arkitekturala da».

Harriaren sinbolika pitin bat salatu du Perurenak: «Harriak erakusten diguna da sendotasuna. Hizkuntzan ere bai: oinarri sendo bat; eraikuntza on bat egiteko eta bizitzan aurrera egiteko behar dena. Etxeak bere garaian hasten ziren harriz egiten, eta, agortzen zirenean, egurrez bukatzen zituzten. Zenbait tokitan, etxeak sekulako izkin harri ederrekin egiten ziren, bazuelako etxe horrek boterea eta ahala hori egiteko, baina baita herri horretan hori egiteko aukera zelako ere».

Harri autoktonoak?

Harrizko ortzadarra egin liteke nahi izanez gero: kolore orotakoak ediren baitaitezke Euskal Herria alderik alde zeharkatuz gero. Are, etxe berak kolore bateko baino gehiagotako izkin harriak bil ditzake. Usuenik, grisak, gorriak eta hondar kolorekoak dira: kokaguneak nola manatzen duen.

«Arkitektura beti lurralde bati lotua da. Tokikoarekin egiten zuten: harria eta lurra», xehatu du Etxeberri harginak. «Izkin harriak ederrak dira, pisuak eta handiak dena atxikitzeko, eta, gainera, altxatzeko errazagoak. Tokikoak ziren. Jendea errazenerat abian zen. Ez ziren plazerarendako ari». Horregatik, jatorriak dio ematen izena harri motari. Debako grisa (Gipuzkoa), konparazione: «Debako kareharria hain estimatua izan denez, herriaren izena eman zitzaion hamar marmol ezagunenetako bati. Marmol hori Lasturko harrobietatik ateratzen da», leitu daiteke Debako turismo bulegoko azalpenean. Harri mota horrekin egin zituzten, adibidez, Arantzazuko (Gipuzkoa) Andre Mariaren santutegiko dorre diamante puntadunak. Hortik biziki urrundu gabe, Markinako harri beltza (Bizkaia) erraten zaio bertako harrobitik jalgitzen den marmolari. Edo Bidaxuneko (Nafarroa Beherea) harria, zeina «biziki maitatua» baitzen: «Orrialdeka pikatzen zen; zabala zen, eta erraza taillatzeko. Hareharri nahasketa bat zen», zehaztu du Etxeberrik.

Perurenak erran du Leitzan harri grisa dela nagusi. Bertze harri motei dagokienez, Igeldoko (Gipuzkoa) hareharriaz oroitu da, bai Pitillaskoaz ere (Nafarroa): «Lantzeko errazagoa da hareharria, ez hain gogorra, baina haizeak eta euriak ere pareta gastatzen dute».

Kolorearena tokiaren arabera da, eta kinberrez. Harri gorriak badu jatorri bat baino gehiago hain den haren erabilera eta jatorria hedatua: Larhungo harria (Lapurdi), Baztangoa (Nafarroa) edo Arradoikoa (Nafarroa Beherea). Oraingo egunean, harri mota horretarako harrobi bakarra gelditzen da, Azpilkuetan (Baztan, Nafarroa), Jose Urrutia Harri Lan harrobiko kudeatzaileak dioenez: «Baigorrik bere harrobia zuen, eta Baztanen gutxienez hamar baziren. Ez zen urrunetik hartzen. Duela hamar urte arte, bi ginen; orain, berriz, bakarrak gara».

Urtean hiru hilabetez ateratzen dute harria, urte osoko galdeari erantzuteko: «Harria arras kalitate onekoa da, baina bloke ttipi xamarrak dira; beraz, kostu handikoak dira. Hemen ateratzen da, eta hemen saltzen. Udaberrian dira gehien eskatzen izkin harriak eta leiho eta ateetarako harriak».

Alta, oraingo egunean, harritzekoa bada ere, karga handiko material hori munduaren bertze puntatik jinarazten da: bertzeak bertze, Indiatik. Perurenari dolu zaio: «Poesia eta metafora bidean gelditzen dira, hau bezala: 'lur gorri harri landu zizel eta mailuaren kantu', beti gauzak aldatze horretan ere gorde tokitxo bat poesia eta metaforarentzat».

Etxeberri ere harrien jatorri urrunaren jakitun da: «Izkin harriak beti harri gogorrarekin eginik izan dira, izkina atxikitzeko. Duela 50 urte arte lekukoa zen; orain, ordea, nondik nahikoak dira: Brasil, Txile... Hemen ez da gehiago eskubiderik harrobirik irekitzeko». Alta, ez dute denek zaku beretik hartzen: harginak Markinako harria erosten baitu, bai Oteiza (Nafarroa) inguruko hareharria ere.

Herriko harria

Sasoian sasoikoa, denborak kanbiatu ditu egiteko manerak. Kantoi harriak oraino ikusten badira ere, etxe berrietakoek ez dute garai bateko harrizko etxeen funtzio bera. Perurenaren ustez: «Gaur egun, harri hori badirudi bakarrik erabiltzen dugula janzteko. Bere garaian, bai; harrizko etxe sendo bat egiteko». Azkarateko Berho familiak ere, bertzeak bertze, Markina eta Baztandik du ekarrarazten pikatzen duten harria. Migel Berhok azpimarratu du hemen ez dela galdu harriaren kultura: «Euskal Herrian, gazteek galdegiten dituzte kantoi harriak, bai ate eta leihoetarako ere, nahiz garestiago izan. Harrobitik blokean datoz, eta ottok eskuz finitzen ditu, bi maneratan: leundua, baina zulo batzuk utziz, hots, mutxardatua; edo esfoliatua, haustura naturalez». Behorlegiko (Nafarroan Beherea) harri «berezia» deigarria egiten zaio: «ez grisa, ez gorria». Kalitate aldetik: «Grisa kareharria denez, lantzeko gogorragoa da, baina iragazgaitza; aldiz, gorri eta horiak hareharriak direnez, pikatzeko errazagoak, baina porotsuak direnez, iragazkorrak dira». Hala, kantoi harrietan harri sanoa da baliatzen; paretetan, aldiz: «denak» sartzen ziren.

Etxeberrik ere berdin uste du: «Arte paretakoak entrabalagoak izaten ahal dira, lapitz mota bat, errausten baita, sokarrosten. Uhaitz bazterretan bizi zenak uhaitzeko harriak hartzen zituen, borobilak, zailago baliatzeko, beraz. Hortik erdiko paretetako baliatzen ziren, ez izkinetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.