Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Culinary Zinema

Sormen gosez

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Mibu.La luna en un plato'

Zuzendaria: Roger Zanuy. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 83 minutu.

Mibu ez da edonolako jatetxea. Tokioko Ginza auzoan, oharkabeko eraikin bateko lehen pisuan kokatzen da Okamisan Ishida eta haren senarra den Taisho Ishidaren jatetxea. Bi mahai ditu, bakoitzean lau pertsona eseri daitezke, eta ez du gonbidatua izan den pertsonarik onartzen. Izan ere, Mibu jatetxeak 300 bat bazkide ditu, eta bazkide horiek eta haiek hautatutako pertsonek bakarrik gozatu dezakete ishidatarren janariaz; bazkideak dira haien gonbidatuen erantzule, eta Okamisan edo Taishok ez badute bezeroren bat itzultzerik nahi, ez dira berriro jatetxean sartuko.

Roger Zanuy aktore katalanaren lehen lana da zinema zuzendari gisa. 2004. urtean, El tigre de Yuzu antzerki obra zuzendu zuen, Ferran Adria eta Miburen arteko topaketan oinarrituta, eta hor hasi zen bere harremana ishidatarrekin. Jatetxeari buruzko filmerako ishidatarrak eta haien sukaldaritza ondo ezagutzen duten Ferran Adria, Josa Andres, Massimo Bottura, Joan Roca, Andoni Aduriz, Oriol Castro eta Albert Raurich sukaldariak, eta Mibuko hainbat bazkide elkarrizketatu ditu.

Mibu. La luna en un plato jatetxeari egindako omenaldi txiki bat da. Teknika aldetik, irudi aldetik, azken batean ikusgarritasun aldetik, gastronomia oinarrian duten dokumental askoren atzetik geldituko litzateke. Ez ditugu sukaldeko txinpartak kamera geldoan ikusiko, ezta platerera hurbiltzen diren travelling bizkorrak ere. Egikera aldetik, filma apur bat zaharkitua gelditu dela dirudi. Baina Zanuyren helburua, jatetxearen filosofiarekin bat datorrena, ez da soilik ikaragarriak diren platerak erakustea. Horiek ere egon badaude, politak diren platerek ere badute bere lekua Mibu-n, baina zuzendari katalanak istorio bat kontatu nahi du, ishidatarren sukaldaritzaren geruza sakonagoetara heldu, eta arbi egosi zati bat duen saldaren atzean zer dagoen ulertu. Horretarako Mibuko menu bat (hilero aldatzen den menua) osatzen duten platerak hartuko ditu abiapuntutzat, eta elaborazio bakoitzarekin apur bat gehiago ezagutuko dugu jatetxe japoniar honen historia eta jatorria, filosofia eta ametsak. Emaitza: dokumental xume bat, kreatibitatearen talentu den bikote honi buruz gehiago jakiteko gosea pizten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.