Mendiko aterpe aitzindaria

1922an eraiki zuen Eleuterio Goikoetxea zeanuritarrak Euskal Herriko lehen mendiko aterpea, Gorbeia mendian: 'Eleuterioren txabola'. Aterpearen historia eta Goikoetxearen bizitza bildu ditu liburu batean Jon Urutxurtu idazleak.

Eleuterioren Txabola, Gorbeian, inauguratu berritan, 1922an. INDALECIO OJANGUREN.
ane insausti barandiaran
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Abestia ezaguna da Zeanuriko (Bizkaia) herritarren artean: «Eleuterioren txabolan/ gosea franko izango da,/ baita bere egarrie/ dalako gizon barregarrie». Abestiaren atzeko historia ez da hain ezaguna izan, ordea, orain gutxira arte behintzat. Eleuterioren txabolan izena du kantak, eta Eleuterio Goikoetxeak Gorbeian eraiki zuen mendiko aterpeari egiten dio erreferentzia; Euskal Herriko lehena izan zen.

Abestiak erakusten duen bezala, herritarrentzat ez da Gorbeiako aterpea, mendiko ostatua edo mendiko aterpetxea; Igiriñaoko aterpea «Eleuterioren Txabola» esaten diote Zeanuriko herritarrek, Jon Urutxurturen arabera. Hain zuzen, Urutxurtuk liburu batean bildu ditu aterpearen eta egilearen istorioa, herritarrek ezagut ditzaten: Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola (Gorbeia). 1922-2022. Joan den uztailean, 100. urteurrena ospatu zuten, eta hura gogoratzeko egurrezko plaka bat jarri txabolarenjatorrizko horman.

Negozio pribatu gisa ireki zuen Goikoetxeak Gorbeiako aterpea, baina herriari eta komunitateari begira zegoen: «Berak une oro ikusten du herriko ekonomia dibertsifikatzeko aukera dagoela hor», azaldu du idazleak. Esate baterako, astoak edo mandoak zeuzkatenek aukera balia zezaketen aterpera janaria edo bidaiariak eramateko.

Udalari bidalitako dokumentuetan berretsi du hori idazleak: 1926an, eskaera bat egin zion udalari, Gorbeiara bideko azpiegiturak hobetzeko eskatuz. Sinetsita zegoen herriarentzat onuragarria zela mendirako bidea eta ingurua txukun mantentzea, geroz eta jende gehiago ari zelako bertara joaten. «Esan zien: '2.000 mendizale inguru etorri dira hona, eta Gorbeiarako bidea eta iturriak markatu behar dira'», azaldu du Urutxurtuk. Horrez gain, eskatzen zien mendi elkarteekin kolaboratzeko ere.

Aterpearen eraikuntza nola gauzatu zen ulertzeko, ezinbestekoa da orduko testuinguruari erreparatzea. Izan ere, hainbat faktorek eragin zuten Goikoetxeak lehen aterpea eraikitzea. Hasteko, Gorbeia hainbat historialarik eta bidaiarik aipatu izan duten tokia da, eta XX. mendearen hasieran tontorrean burdinazko gurutze ezaguna ipini izanak ere «ospetsu» egin zuen mendia.

Bilbotik Zeanurira eraikitako tranbia izan zen beste gakoetako bat. Landa eremua eta hiria komunikatu zituen garraiobideak, eta hiritarrei ere mendira joatea erraztu zien horrek: «Alpinista askok esaten zuten: 'Lehen Gorbeiara igotzeko, bezperan joan behar ginen; Areatzan lo egin, eta hurrengo egunean goizean goizetik irten'. Tranbiagaz, posible zen goizean Bilbotik ateratzea, Gorbeiara igo eta, egun berean, iluntzerako Bilbora itzultzea», azaldu du Urutxurtuk.

Gainera, Bilbo industrializazio prozesu betean zegoen garai hartan, eta orduko burgesen artean ohikoa zen Arratiako, Areatzako eta Arteako bainuetxeetara joatea. Izan ere, «higienismoa, mendizaletasuna» eta antzeko ideiak zabaltzen hasi ziren, hots, naturarekin harremana izatearen onurez jabetzen hasi ziren, osasuna zaintzeko. Hori bai, garai hartako aberatsen luxua zen hori, eta «langile pilaketetatik» aldentzeko erabiltzen zuten.

Gorbeia, Parke Nazionala

Beste ezeren gainetik, ordea, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorbeia Parke Nazional izendatzea izan zen faktorerik garrantzitsuena, Urutxurturen arabera: «Aldundiak plan bat egin zuen, eta hor jartzen zuen iturriak egin behar zirela, artzainei lagundu behar zitzaiela txabolak konpontzen, gazta zelan egin azaldu... Eta plan horren barruan zegoen ostatu bat egitea ere». Aurrekontua oso handia zen, ordea, eta, hori ikusirik, Goikoetxeak lan hori bere gain hartzeko prest zegoela esan zion aldundiari, aurrekontu txikiagoaren truke. Horrela konbentzitu zituen aterpea egiteko.

Zehazki, 1922ko uztailaren 9an inauguratu zuen aterpea, eta urtebeteren buruan, txabola handitzeko diru laguntza eskatu zion Goikoetxeak Foru Aldundiari. «Lehen urtean handitzea eskatzeak erakusten du negozioak oso ondo funtzionatzen zuela», adierazi du idazleak. Hala argudiatu zuen aldundiari bidalitako idazki batean: «Zertarako erabiltzen den kontuan hartuz, esperientziak erakusten du gaur egungo lokala ez dela nahikoa». Besteak beste, logela bakarra zegoenez, «sexu desberdineko pertsonek» ezin zutela erabili, eta aldundiaren proposameneko «artzainentzako gaztandegi eredugarria sortzeko» eskolak ematea posible izango zela ere esan zien.

Lortu zuen handitzeko baimena, eta gastuen %50 ordaindu zizkioten. Dena den, ez zuen musu truk lortu diru hori: bere lursailen bi heren eman behar izan zizkien trukean. 1947an, beste handitze bat egin zuen, baina idazleak ez du aurkitu horren gaineko informaziorik: «Badirudi hori bere kabuz egin zuela».

1942an, gerra amaitu ondoren, txabola hondatuta zegoen, eta Angel Sopeñak, Espainiako Mendizale Federazioko Euskal Ordezkariak, 10.000 pezeta eskaini zizkion Goikoetxeari, aterpearen bi zati erosteko. Onartu egin zuen jabeak, eta aterpearen heren bat geratu zen haren esku. Gaur oraindik bizirik dauden senideek Urutxurturi kontatu diotenez, ez zioten beste aukerarik utzi: «Familiaren memorian dagoenez, salmenta behartua izan zen. 'Hau eskaintzen dizugu, eta saltzen duzu ala saltzen duzu', esan zioten».

1956an hil zen Goikoetxea, eta handik urtebetera saldu zuten falta zen herena. Gaur egun, aterpeak zutik dirau, eta hiru erakunderen artean banatzen dute jabetza: Arnotegi mendi taldea, Bilbao Alpino Club eta Juventus SD, hain zuzen.

Nor zen Goikoetxea?

Txabolarekin loturiko zertzeladak ez ezik, Goikoetxearen bizitzari buruzko batzuk ere eman ditu liburuan Urutxurtuk, Zeanuriko herritarrek txabolaren egilea nor zen jakin dezaten. Gillerma Uriarterekin ezkondu zen, eta hamar seme-alaba izan zituzten —horietatik bi jaio eta berehala hil ziren—.

Herrian hainbat erakundetan parte hartu zuen. Besteak beste,Zeanuriko Dantzariak taldeko ordezkaria eta Junta de Accion Catolica erakundeko idazkaria ere izan zen, oso pertsona erlijiosoa baitzen: «Garai hartan, Zeanurin, 1931n, Errepublika garaian, 2.600 biztanle baziren, horietatik %10 fraileak, monjak edo abadeak ziren», azaldu du Urutxurtuk.

Politikan ere aritu zen Goikoetxea: EAJko zinegotzi izan zen 1914 eta 1918 bitartean, eta Zeanuriko II. Errepublikako lehen alkatea izan zen. Espetxean ere hainbat urte egin zituen, eta horregatik uste du Urutxurtuk Uriarteri ere aitortza egitea beharrezkoa dela: «Emakume indartsua izan zen, ekimen eta nortasun handikoa. Kartzelan egondako garaian, zortzi seme-alabak berak zaindu zituen».

Saltsa askotako perexila izan zen Goikoetxea, eta horregatik uste du Urutxurtuk ezagutu behar dela: «Herrian edo eskualdean, zure aldean gauza pila bat egiten duten pertsonak daude. Eta horiek ez dira agertzen liburuetan. Baina pertsona baliotsuak izan dira, eta aitortza egin behar zaie».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.