Albistea entzun

Urduritasunak gora, azazkalak ahora

Antsietatea, urduritasuna edo dena delakoa baretzeko asmoz, askok azazkalei hozka egiten diete. Ez dago azazkalei hozka egiten uzteko tratamendu finko eta eraginkorrik, baina adituek emozio horien jatorria aztertzea gomendatzen dute.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko martxoak 23

Ez da oroitu ere egiten noiz eta nolatan hasi zen azazkalei hozka egiten, baina kontatu du ingurukoek beti behatz bat ahoan duela irudikatzen dutela. Maider, 20 urteko gaztea, txikitan hasi zen azazkalei hozka eta hozka, eta orain uztea zaila egiten zaiola aitortu du: «Nahi gabe egiten dut gehienetan», kontatu du gazteak. Egunero egiten duen zerbait den arren, urduri dagoenean «askoz ere gehiago» egiten duela aipatu du.

Azazkalei hozka egiteko praktikak badu izena: onikofagia; eta Osasunaren Mundu Erakundeak «azazkalei hozka egiteko modu konpultsibo» gisa definitzen du. Erakunde horren datuen arabera, mundu osoko biztanleen %20k baino gehiagok egiten diote hozka azazkalei.

Baina, zer dela-eta aritzen da jendea azazkalei «modu konpultsiboan» hozka egiten? Bada, Maite Blanco psikologoaren ustez, zerbait gertatzen den sintoma da: «Arazoa ez da azazkalei hozka egitea, atzetik datorren zerbait baizik», aipatu du. Atzetik datorren hori, urduritasuna, frustrazioa, estresa edo antsietatea izan daitezke, besteak beste, psikologoaren hitzetan.

Galdera batzuk proposatu ditu Blancok, azazkalei hozka egiten dieten pertsonek euren buruari egiteko: Noiz jaten ditut azazkalak? Norekin nago hori egiten dudanean? Zer gertatzen ari zait azazkalei hozka egiten diedan bitartean? Zertan ari naiz pentsatzen? «Galdera horien erantzunek norberak azazkalei hozka zergatik egiten dien argitzeko arrastoak eman ditzakete», esan du.

Norbera azazkalak jaten zergatik ari den konturatzeak, hain zuzen, energia hori modu «osasungarriago» batean bideratzen saiatzeko aukera eman dezakeela kontatu du psikologoak. «Agian ez dago arazo konkreturik, besterik gabe pertsona batek urduria delako egiten du hori, baina behintzat badaki zein den arrazoia, eta modu batera edo bestera kontrolatzeko aukera izan dezake», gehitu du psikologoak.

Bestalde, Blancok esan du agian kasu batzuetan jatorria identifikatzea ez dela nahikoa: «Mugimendu oso automatikoa da, di-da batean egiten dena, eta konturatzerako jada egina duzuna. Hori lantzea oso zaila da». Horretarako, azazkalei hozka ez egiteko kontzientzia piztuko duen elementuren bat gomendatzen du psikologoak: gezurrezko azazkalak jartzea, azazkala ahora sartzean hozka egin eta apurtzeko aukerarik ez izateko, edo azazkalei zapore txarra ematen dieten produktuak erabiltzea, zapore desatsegin horrek ekintza hori bera egitea galaraziko duelako.

Aspaldiko ohitura

Jendea, helduagoa den heinean, kasu batzuetan, konturatuz joaten da azazkalei hozka egitea ez dela irtenbide egokia;hala esan du psikologoak: estres edo urduritasun egoerei aurre egiteko, horiek kudeatzeko beste erreminta batzuk eskuratuz joaten direlako, hain zuzen. Bestalde, ohitura okerragoetara jotzeko joera ere badago; adibidez, azazkalei hozka egin ordez, zigarreta bat erretzekoa.

Gehienbat haurtzaroan hasten da jendea azazkalei hozka egiten, eta arrazoia argia da: garai horretan haurrek ez baitute erremintarik egoera jakin batzuetako emozioak kudeatzeko. «Haurrek karga bat [emozio bat] izaten dute, eta, kudeatzen ez dakitenez, batzuek azazkalak hozkatzen dituzte, beste batzuek behatzak kraskatzen dituzte, edo ileak kentzen dituzte», aipatu du Blancok. Urteek aurrera egin ahala, ordea, kudeatzeko moduak aldatu egiten dira.

Pedro Gorrotxategi Osakidetzako lehen arretako medikua da, eta haurrekin egiten du lan. Blancoren iritzi berekoa da medikua: haurrek estresa edo bestelako emozioak baretzeko egiten diete hozka azazkalei. «Nire gomendioa da estres maila horiek baretzen saiatzea, horrela gutxiago egingo diete hozka azazkalei». Tratamenduari dagokionez, gaur-gaurkoz azazkalak ez hozkatzeko tratamendurik ez dagoela kontatu du Gorrotxategik.

Ondorioak osasunean

Azazkalei hozka egiteak ere baditu ondorioak norberaren osasunean. Hasteko, behatza ahora sartu bezain laster, milaka bakterio sartzen dira organismoan, eta bakterio horiek ahoan gingibitisa edo haginetan txantxarrak eragin ditzakete, Gorrotxategik azaldu duen moduan.

«Ahoan hainbat bakterio komunitate daude, eta euren artean oreka mantentzen da. Azazkaletako bakterioak ahoan sartzen direnean desoreka sortzen da, eta horregatik sortzen dira arazo horiek», azaldu du Andrea Poza odontopediatrak. Haur eta gaztetxoekin egiten du lan, eta unibertsitatean eskolak emateaz ere arduratzen da.

Hala ere, Pozak kontatu du ahoko bakterio komunitatea oso indartsua dela, eta, beraz, ahoan sartzen diren bakterio arrotzek ez dutela «hainbesteko ondoriorik» eragiten. Gorputzeko gainerako ataletan egoera bestelakoa dela gehitu du.

Behatzetan ere infekzioak sor daitezke gehiegi hozkatu ezkero. Gorrotxategik esan du infekzio horiek ez direla bereziki larriak izaten, ez baitute arazo handirik sortzen.

Hortzei dagokionez, azazkalei hozka egiten zaien bakoitzean, hortzak higatuz joaten dira. Eta azazkalei hozka gehiegi egiten bazaie, hortzetako esmaltea higatuz joaten da. Esmalte horren azpian dentina ehuna dago. «Dentinak ez du inongo gogortasunik, eta, agerian geratzen denean, pazienteak hortz sentsibilitatea izan dezake», kontatu du Pozak. Beste pertsona batzuentzat kalterik gabeak izan daitezkeen kanpoko estimuluak, hotza edo beroa adibidez, mingarriak izan daitezke hortzetako sentsibilitatea duten pertsonentzat.

Higadura handia denean, txantxarrak agertzeko arriskua handiagotu daiteke, eta, kasu oso muturrekoetan, hortza apurtu ere egin daiteke. Hala ere, odontopediatrak argitu du kasu hori ez dela ohikoena izaten azazkalei hozka egiten dieten pazienteetan.

Baraila da kaltetua izan daitekeen gorputzeko beste ataletako bat: «Azazkalei hozka egitea ez da ahoak egin dezaken mugimendu fisiologikoetako bat, hau da, barailak ez du egunero egin ohi duen mugimendu bat egiten, eta artikulazioan lesioak ager daitezke», aipatu du odontopediatrak.

Baraila eta garezurra batzen dituen artikulazioa da mindu daitekeena; artikulazio tenporomandibularra, hain zuzen. Azazkalei hozka egitean, artikulazio hori kargatu egiten da, eta, norberaren ahoaren morfologiaren arabera, murtxikatzean mina edo bestelako arazoak eragin ditzake.

«Badirudi soilik ohitura txar bat dela, eta estetikari begira soilik uzten diogula azazkalei hozka egiteari, baina ondorioak ekar ditzake, eta hori kontuan izan beharra dago», gehitu du Pozak.

Izan ere, kontsultara ez zaizkio etortzen ondorio larriak pairatzen dituzten haurrak, baina esan du litekeena dela ondorio horiek helduarora iristea: «Gizakiok muga biologiko bat dugu, eta haurtzaroan egindako praktika batzuen ondorioak urte batzuk igaro ondoren jasan ditzakegu», barailako artikulazioko minaren kasua da adibiderik argiena.

Haurtzaroan hasten den ohitura horren jatorrira jotzeko gomendioa egiten du Pozak ere: «Arazoaren jatorria ez badugu konpontzen, adabakiak jartzen ibiltzeak ez du ezertarako balio», gehitu du. Pozaren kontsultan jatorri hori zein den aztertzen saiatzen dira, eta, ahal duten heinean, eta euren ezagutzen arabera, haurren gurasoei erreminta batzuk ematen.

Adibidez, haurrak lasai daudenean, behatza ahora eramatea eragozteko asmoz, hozka egiteko beste elementuren bat ematea, haginka egiteko jostailuren bat edo. Hala ere, Pozak aipatu du horrelako gauzak etxean daudenean funtziona dezaketela, baina etxetik kanpo, kalean edo ikastetxean, ez dela hain erraza irtenbide horiek erabiltzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Circom sariak banatu dituzte Donostian ©ETB

Egungo erronkak aztertu dituzte 39. Circom biltzarrean

Urtzi Urkizu

Danimarkako TV2 Nord kateak jaso du Gran Prix saria, Donostian. Ukrainako ‘Hromdaske’ hedabideko bi kazetarik hitzaldia eman dute.

Izokin bat, Bidasoa ibaian gora. ©JOSE ARDAIZ GANUZA

Joan-etorriko arrainen balioa

Iker Tubia

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.
Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.