Noiz sortua: 2019-07-28 00:30:00

Isabel Alba Rico. Gidoilaria, idazlea eta argazkilaria

«Gizon askok oso gaizki hartu zuten gidoilari elkartea bi andrek gidatzea»

'Barrio Sésamo'-ko gidoiak idazten hasi zen; gero, 'La Bola de Cristal'-en aritu zen, Lolo Rico amarekin. Marrazki bizidun askotan, gizon ekoizle batek sinatu zituen gidoiak haren ordez. Gidoigintza utzia du, eta eleberriak idazten ari da azkenaldian.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko uztailak 28

Isabel Alba Ricok (Madril, 1959) donostiartzat du bere burua. Alaba txikia zuela —Nagua Alba— joan zen Gipuzkoako hiriburura bizitzera, 1994an. Pasioz oroitzen du Larrotxeneko kultur etxean (Intxaurrondo auzoa) martxan jarri zuen Detrás de la cámara egitasmoa (Kameraren atzean). Euskal Herriko gidoilarien elkarteko lehendakaria izan zen lau urtez. Lau eleberri idatzi ditu Alba Ricok; La danza del sol (Acantilado) du azkena. Euskal Herrian eta Espainian kultura «oso gaizki tratatua» dagoela salatu du idazleak.

Lolo Rico ama urtarrilean hil zitzaizun. Nafarroako Liburutegiak dohaintzan jaso du haren liburutegi pertsonala. Zer tamaina zuen liburutegi horrek?

5.000 liburu inguru ziren. Horrez gain, musikako CD asko zituen, baita zinemako DVD ugari ere. Idazle prestigiotsuek sinatutako liburuak zeuden. Amaren desioa zen lan horiek ez sakabanatzea, eta herritarren eskura uztea. Nafarroako Liburutegiak espazio egokia du, eta prestutasuna azaldu du. Sentsibilitate handiagoa erakutsi du Nafarroak Gipuzkoako Diputazioak baino.

Oso gaztea zinen amarekin TVEko La Bola de Cristal saioan gidoilari hasi zinenean. Zer oroitzapen dituzu?

Ama zenak pasio handiz bizi zuen lana. Arima jartzen zuen egindako guztian. Saioak iraun zuen lau urteetan [1984tik 1988ra], bertan aritu nintzen; programako laugarren partea idazten nuen, Javier Gurrutxagari zegokiona, baita Pedro Reyes umoregilearen esketxak ere. El mantequilla umorezko atala ere idazten nuen.

Zer arrasto utzi zuen belaunaldi batean La Bola de Cristal-ek?

Saioak asmatu egin zuen, transbertsala zelako. Ama zenak jakin izan zuen Madrilgo movida bere ikuspegi ideologikoarekin eta kultur kezkarekin uztartzen. Kultur kezka kritikoa zuen, sakona. Adin askotako jendearengana iritsi zen saioa, oso jende desberdinarengana.

Marrazki bizidunetako saio asko ere idatzi zenituen.

Bai, tartean La vuelta al mundo de Willy Fogg, La llamada de los gnomos, Zipi eta Zaperen animaziozko egokitzapena... Gidoi horietako asko sinatu gabe daude, modu horretan ekoiztetxea zure egile eskubideekin gelditzen zelako. Emakumea bazara, gehiago gertatzen da hori. Willy Foggen saioa osorik idatzi nuen, hasieratik amaierara, alboan Nagua sehaskan nuela, eta gizonezko ekoizlearen izena agertzen da kredituetan. Irratirako idatzi nituen lan askorekin ere gauza bera gertatu zitzaidan.

Nolako eragina izan du Lolo amak egin duzun ibilbidean?

Guzti-guztian izan du eragina. Nire sormen lana eta hitzekiko maitasuna harengandik datoz. Baita bidegabekeriak ikusteko joera ere, eta haien aurka borrokatzeko errebeldia. Nire alabarengan ere ikusten dut hori. Ama ez zen konformatzen, eta nire ezaugarri bat izan da: ez kapitulatzea, denak ez du balio. Hori hiruongan dago antzeko moduan: amaren bidean, nirean eta alabarenean.

Nola iritsi zinen Madrildik Donostiara?

Aita Bilbokoa zen; amaren aldeko amona, Nafarroakoa; eta amak Donostian pasatu zuen haurtzaroa. 1994an, banandu berria nintzen. Bestetik, amak TV, Fábrica de mentiras (TB, gezurren fabrika) liburua argitaratu berri zuen, eta zigortu egin zuten horregatik; B saileko filmetan akatsak bilatzen jarri zuten. Eta amaren gertukoak zerrenda beltz batean sartu gintuzten. Alderdi politiko guztiek egiten dituzte zerrenda beltzak, eta nire amarena PSOEk egin zuen. Maria ahizpak Donostiara etortzea erabaki zuenez, ni ere animatu egin nintzen.

Donostiako Larrotxene kultur etxeko ikus-entzunezkoen unitatea gidatu zenuen hamar urtez, 1998tik 2008ra.

Ordurako, gidoi tailer batzuk emanak nituen auzoetako kultur etxetan. Askok aipatu izan dute unitate hori aitzindaria izan zela Europan; Kameraren atzean programan telebista eta zinema ikusten erakusten genien 5 urte baino gehiagoko haurrei eta nerabeei. Haiekin, urtean 40 film labur egiten genituen, eta asko nazioartean saritu zituzten. Apustu pertsonal bat izan zen, haurrek eta gaztetxoek helduekin batera lan egin zezaten. Urtero 150 lagun biltzen zituen programak. Harrobi handia atera da hortik. Goya sariak irabazi dituztenetako zinemagile eta gidoilari batzuk hortik atera dira.

Moriartikoak?

Bai, Jose Mari Goenagak neska-mutikoen tailerrekin laguntzen zidan. Moriarti ekoiztetxea sortzekotan zirela, aholku eske etorri ziren nire etxera.

Zergatik amaitu zen egitasmo hura?

Hamar urte igaro ziren hasi ginenetik, milaka ordu egiten, eta lanerako baldintzak hobetzea eskatu nuen. Ezezkoa eman zidaten. Donostiako Udalak ez zuen proiektuaren aldeko apusturik egin. Eta ez zuen imajinatzen nik hura utz nezakeenik. Langile autonomoa nintzen, eta erabateko prekaritatean gelditu nintzen. Udalak Larrotxeneko unitatearen inguruko dokumental bat egin du, baita zenbait omenaldi ere, eta nire izena ez da inon agertzen. Nire lana ezabatu egin dute.

Donostiak ez dizu ezer aitortu?

Hirian behin-behineko turista bihurtu naizela ematen du. Gidoi tailerrekin jarraitu nuen gero; jende askok eman zigun laguntza, baina ez zen batere erraza izan. Hiri honetako pertsona garrantzitsu batek esan zidan garesti ordainduko nuela Larrotxeneko unitatea uztea. Programa hori amaitu izanak pena ematen dit, taldeak elkartzeko oso aproposa baitzen: 5 urteko haurrak eta 60 urte baino gehiagokoak elkarrekin lanean jartzen zituen.

Euskal Herriko gidoilarien elkarteko lehendakaria ere izan zinen 1999tik 2002ra. Nola ibili zinen?

ETBrako gidoi batzuk idazten hasi nintzenean, elkartean sartu nintzen. Gizonak ziren nagusi. Lehendakari izendatu nindutenean, Yurre Ugarte lehendakariordea izan zen: bi emakume ginen; gidoilarien kristalezko sabaia hautsi genuen, baina oso-oso gogorra izan zen. Gizon askok gaizki hartu zuten bi andrek elkartea gidatzea. Denetarik gertatu zitzaigun; mehatxuak ere egin zizkidaten. Presioa sekulakoa zen, eta, azkenean, Ugartek eta biok dimititu egin genuen. Oso zaila zen gauzak egitea, zangotraba egitea zen nagusi gidoilarien artean. Bezerokeria sareak ere bazeuden.

Larrotxeneko lanaren ostean, bizpahiru urtez segitu zenuen tailerrak ematen. Gero, literatura idazteari ekin zenion.

Ordurako eleberri bat nuen argitaratua, eta aukera izan nuen idazteari denbora eskaintzeko. Gidoia bizirik irauteko modua izan zen niretzat; irakaskuntza, oso bokaziozkoa; eta idaztea komunikatzeko dudan bidea da.

Argazkilaria ere bazara.

Nire lehen sormen bokazioa margolariarena da, amarena izan zen bezala. Esaten didate nire eleberriak oso bisualak direla. Ez diot inoiz utzi margotzeari eta argazkiak ateratzeari. Idazteko hutsik sentitu izan naizenean, pinturara eta argazkilaritzara jo izan dut.

2012an, Será feminista o no será dokumentala zuzendu zenuen. Nola bizi duzu feminismoa?

Emakumea naiz, feminista. Hezten gaituzte desberdintasunen inguruan kontziente izan ez gaitezen, eta horregatik jarri behar dira betaurreko moreak. Familian txikitatik ikusi nituen gizonen pribilegioak. Aitak esaten zidan nirekin abizena galdu egingo zela, eta, hara non, nire alabak haren abizena jarri zuen. Ni gizona izan banintz, bizitza bestelakoa izango nuke: ziur aski ikusgarriagoa izango nintzen, ezagunagoa, eta sarituagoa. Errespetu gehiago jasoko nuke. Ikuspegi feminista beti daramat gainean. Nire eleberrietan, emakumezko pertsonaiek indar handia dute.

Feminismoaren eta feministen aurkako erasoak ere ugaritzen ari dira.

Pribilegioei uko egiteko erresistentzia dago. Gizon feministenei ere gertatzen zaie. Erdiguneari uko egin eta espazioa emakumeekin partekatzea zaila egiten zaie kontzientzia duten gizonei ere. Baina zer esanik ez matxismoa gizartearen oinarritzat jotzen dutenei. Emakumeei, homosexualitateari eta migranteei egindako erasoek definitzen dute norbait ultraeskuinekoa dela. PP, Ciudadanos eta Vox, hirurak dira ultraeskuina; ez dago alderik.

Nola ikusi dituzu Podemosen barneko batailak eta han zure alabak egindako bidea?

Ama gisa, garrantzitsuena alaba zoriontsu ikustea da. Podemos Euskadiko idazkari nagusi edo diputatu zenean, alaba ez nuen zoriontsu ikusten. Gusturago ikusten dut politikatik at, eta harro nago marra gorri argiak dituelako. Koherentea eta zintzoa izatea da harentzat funtsezkoa, eta gobernuz kanpoko erakunde batean ari da orain. Alaba bezalako asko alderdietan baleude, politikak daraman bidea aldatuko litzateke, baina politikak halakoak egotzi egiten ditu. Ni ere Podemosen Gipuzkoako lehen zirkuluan ibili nintzen. Desilusioa hartu dut Podemosen hasierako ideia galdu delako: ohiko alderdien egitura bat sortu dute, eta hori ez da eraginkorra gauzak aldatzeko.

Zer iritzi duzu Euskal Herrian egon den bilakaera politikoaz?

EAJk sinetsarazi digu hemen beti dena ondo dagoela. Baina urteak dira murrizketak egiten ari direla osasun eta hezkuntza publikoan. Niri ez dit balio esateak Andaluzian okerrago daudela; Europako iparrera begiratu dezakegu. Osasun publikoa zoragarria zen, eta suntsitu egin dute. Etxebizitzaren egoera oso txarra da. Publikoa zaintzea oinarrizkoa da.

Autobiografia bat idatzia duzu.

Bueno, liburu bat idatzi nuen iaz, Frantzian nintzela [beka bat jaso zuen, idazten aritzeko]. Amaren eta bion bizitzaren errepaso bat da. Familiako emakumeak agertzen dira, ikuspegi feminista batetik. Zaintzari buruzko komiki bat ere idatzi dut; Marta Gomez Pintado ari da ilustratzen, baina ez dakit noiz argitaratuko den.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©/ ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herrian bigarren fasean sartu dira

Berria

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazako tabernetako terrazak, jendez beteta. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Hegoaldea, hirugarren fasearen peskizan

Edurne Begiristain

Datozen egunetan ere datuak onak badira, astelehenean hirugarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Erkidegoek kudeatuko dute nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko azken urratsa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna