Pentsamendua

Datorrenari neurria hartzeko, zenbait ohar

Pandemia garaian, aurrera begira jarri eta COVID-19ak ekarriko dituen erronkak azaleratzeko, pentsamenduaren arloan zenbait egitasmo jarri dituzte martxan Interneten. Euskal ikuspegia lantzea beharrezkoa dela bat datoz denak.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Bi hilabete igaro dira birus batek eragindako pandemia hasi zenetik. Izua eta ezinegona nabarmendu dira gizartean, eta normaltasun berriaren zain daude herritarrak. Egoera berri honek agerian utzi dituen sistemaren zuloak, korapiloak eta hutsuneak azaleratu nahi izan dituzte Euskal Herriko hainbat pentsalarik. Horretarako hainbat egitasmo sortu dira Interneten, eta horietako hiru dira Pandemia eta gu ataria, COVID-19 Gogoeta Gunea eta Erreminta Kaxa. Halaber, BERRIAk ere eskaini dio tartea etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeari. Aste honetan hasi den Pentsaldian sailean, esaterako, aditu batek bere alorretik idazten du.

Etorkizuneko hausnarketak euskal ikuspegitik sortzeko beharra azpimarratu dute Jakin Fundazioko, Nabarralde elkarteko eta TM laborategiko arduradunek.

TM LABORATEGIA

Etorkizunean COVID-19ak Euskal Herriko dinamika ekonomiko, politiko eta soziala baldintzatuko duela iritzita, eztabaidarako gune birtual bat ireki du Telesforo Monzon Laborategiak. Pandemiaren aurretik ere, TM Laborategia aritu izan da gogoeta egiten Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronken inguruan. «Egoera berri honek, aitzitik, aurretik datozen gogoetak azkartu eta azeleratu egingo ditu», aipatu du Urko Aiartza TM Laborategiko zuzendariak, eta pandemia batean euskaldunen iritzia ezinbestekoa dela azpimarratu du. «Honek guztiak Euskal Herriari jartzen dizkion erronken inguruan elkarrizketa sakon eta zabal bat ematea beharrezkoa da».

Globalizazioa eta haren ondorioak, euskal nortasuna, lurralde kohesioa eta Euskal Herriaren XXI. mendeko ongizatean laburbiltzen da TM Laborategiaren lan jarduna, Aiartzak azaldu duenez. Eta, lau ardatz horiek oinarri hartuta, arlo eta ikuspuntu desberdinetatik ekarpen «kualifikatuak» biltzen saiatu dira COVID-19 Gogoeta Gunean. Etorkizunari aurre egiteko beharrezkoa den herri gogoeta zabal eta sakona egitea izan dute helburuetako bat. «Eguneroko egunkarietan sartu ezin diren luzerako» idatziz sorturiko saiakerak bildu dituzte horretarako, eta, besteak beste, Gemma Zabaleta politikariak, Eneko Axpe fisikariak eta Garazi Goia idazleak parte hartu dute. «Beraien ezagutza arloarengatik interesgarriak iruditzen zaizkigun pertsonak gogoeta egitera gonbidatzen saiatzen gara». Aiartzak dioenez, parte hartzaileek halako zerbait egiteko nahia erakutsi dute. Batez ere Euskal Herriko eta Euskal Herrirako ikuspuntu batetik abiatuta. «Horrek adierazten du bazegoela halako egitasmoen beharra, eta are gehiago Euskal Herriko betaurrekoekin begiratuz egitekoa».

NABARRALDE

Pandemiaren ondorengo etorkizuneko erronkak biltzen dituen La sopa de Wuhan liburua argitaratu dute mundu mailan ezagunak diren hainbat filosofo eta pentsalarik. Hain zuzen, Nabarralde elkarteak argitalpen hori hartu du abiapuntutzat Pandemia eta gu ataria sortzeko. Kasu honetan, egitasmoaren ardatz nagusia egun bizi dugun egoeraneuskaldunek duten ikuspegia azpimarratzea da. «Euskal Herrian pentsamenduaren inguruan aritzen garenok ere, gure ikuspuntutik, gogoeta bat egin behar genuela iruditzen zitzaigun», Anjel Rekalde koordinatzailearen arabera. «Euskaldunok egoera honetan gure perspektibatik egindako ekarpena eta, batik bat, zentzu kritikoa falta zen», gaineratu du. Euskaldunek kokapen, kultura eta gatazkak aintzat hartuta badutelako zer edo zer esateko.

«Berehalakoak izango diren aldaketek» bultzatuta, zazpi herrialdeetako pertsonen ekarpenak bildu dituzte www.pandemiaetagu.eus webgunean. Eta hainbat dira jorratzen diren arloak: osasuna, instituzio eremua, politika, existentzialismoa... «Bizpahiru ekarpen berritzaile azaltzen badira, balio handia izango du».

JAKIN

Astelehenetik aurrera, Jakin fundazioaren atarian gogoeta txoko berri bat zabalduko dute: Erreminta Kaxa. Pandemia garaian, aurrera begirako proposamenak bilduko dituzte bertan. Idatzi zein bideo bidez, hainbat eremutako aditu eta arituen ahotsak bilduko dituzte. «Pandemia garaian, gure sustraiak, hemendik aurrera ahaztu behar ezin diren tresnak edota nahi eta nahi ez begiratu beharrekoak bilduko dira atari berrian», azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Besteak beste, filosofiatik, soziologiatik, ekologia sozialetik edota kulturatik datozen auziak eta korapiloak zein diren azaleratuko dute parte hartzaileek. «Bakoitzak erreminta bat ekarriko du bere eremutik, eta etorkizuna nola irudikatzen duten azalduko dute».

Erreminta Kaxaren helburua, Agirreren esanetan, hau izango da: pandemiak azalarazitako gaia diziplinarteko modu batean tratatzea, hainbat lekutatik analisi bat ematea eta ahal den heinean markatzea aurrera begira zer eduki behar den kontuan eta zerekin ez garen despistatu behar. «Erakutsiko dugu krisi honek zer jarri digun begien aurrean; beharbada lehen ere intuitzen genuena baina ikusi nahi ez genuena». Hain zuzen, horretarako ireki nahi izan dute gogoeta gune bat. Eta Agirrek azpimarratu du iritziek ez dutela zertan bat etorri, edo ertz desberdinetatik eginak izan daitezkeela: «Iritzi kontrajarriak ere egongo dira: gaia jarrera kritiko batetik planteatuko da, baina betiere gizarte justuago eta biziago baten helburua daukan komunitateari begira».

Atal honetan bildutakoekin emango diote segida, urtero udan egiten duten Jakin Jardunaldian. Hots, pandemiaren ondorioak, egoeraren analisia eta aurrera begirakoak izango dira ardatza. Udazkenean, aldizkari monografiko bat argitaratuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.