Datorren asteko estreinaldiak

Emakumeak, familia eta fantasia

Elena Lopez Rieraren lehen film luzea da 'El agua'. Zuzendariaren haurtzaroan oinarrituta dago filma, eta, besteak beste, Cannesen eta Donostiako Zinemaldian egon da

Nieve de Medina (ezkerrean) eta Luna Pamies, filmean. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia Elena Lopez Riera Cannesko Quinzaine des Realicateurs sailean egoten dela. Ikusle moduan egoteko aukera izan du, baita zuzendari moduan ere. 2014. urtean, Pueblo film laburrarekin joan zen, eta aurten, El agua filmarekin joateko aukera izan du. Zuzendariaren opera prima da, bere lehen film luzea baita. Aurtengo Donostiako zinemaldian, Torontoko (Kanada), eta Toulouseko zinema jaialdietan ere izan da filma, besteak beste.

El agua Espainiako hego-ekialdeko herri txiki batean kokatzen da. Herri horretan ez du euri askorik egiten, baina, egiten duenean, txikizio handiak eragiten ditu; herria zeharkatzen duen ibaiak gainezka egiten baitu. Herriko kondaira batek dioenez, ibaiak gainezka egiten duen bakoitzean, emakume bat desagertu egiten da «ura barruan» duelakoan.

Ana da filmaren protagonista, amarekin eta amonarekin bizi den gazte bat. Herriak mesfidantza apur batekin begiratzen du familia. Euria noiz iritsiko bizi diren egun mugitu horietan, Anak Jose ezagutuko du, herriko beste gazte bat. Bi gazteek amodio istorio bat hasiko dute, haien inguruan tentsioa nagusi den bitartean.

Bizipenak

Filma zuzendariaren haurtzaroan oinarritua dago. Lopez Riera Orihuelan jaio zen (Alacant, Herrialde Katalanak). Herria Europako ibairik kutsatuenetako batek gurutzatzen du: Segura ibaiak, hain zuzen. Nahiz eta gehienetan beroa den nagusi, herritarrak ibaiaren menpe bizi dira, hark gainezka noiz egingo. Zuzendariak, protagonistak bezala, ama eta amonarekin igaro zuen haurtzaroa. Bi emakumeek makina bat istorio kontatzen zizkioten Lopez Rierari, herriko arratsalde beroak arintzeko asmoz.

«Istorio haiek sarritan benetan gertatutakoak izaten ziren, baina kontatzen zituzten bakoitzean elementu berriak sartzen zituzten kontakizunean, fantasiazko istorioak bilakatzen ziren arte», kontatu zuen zuzendariak filma estreinatu berritan. Gainera, zinemagilearen ustetan, hori izan zen filmak sortzeko bere arrazoia: fantasia eta errealitatearen arteko muga hori lausotzea, alegia.

Maila handiko aktoreen zerrenda du filmak, baina baita inoiz zinema munduan aritu ez denik ere. «Oso modu naturalean lortu dute herrian nerabea izatea zer den erakustea», esan zuen Lopez Rierak aktore ez profesionalen inguruan. Luna Pamies da aktore horietako bat: Anaren rola jokatu du. Orihuelako festetan egin zuten topo lehen aldiz zuzendariak eta protagonistak, eta Lopez Rierak filmean parte hartzea proposatu zion gazteari. Castinga egin ondoren aukeratua izan zen.

Barbara Lenniek ere parte hartzen du filmean. Makina bat film eta telesail egin ditu madrildarrak, eta antzerkian ere aritzen da. 2014. urtean Goya sari bat irabazi zuen Magical girl filmeko emakumezko aktore protagonista onena izateagatik. Urri hasieran estreinatu zen Los reglones torcidos de dios filmean ere parte hartu zuen.

Espainiako, Suitzako eta Frantziako ekoiztetxeen artean ekoitzi dute filma: Alina filmen, Les films du Worsoren eta Suica filmsen artean, hain zuzen.

'EL AGUA'
Zuzendaria: Elena Lopez Riera.
Aktoreak: Luna Pamies, Barbara Lennie, Nieve de Medina, Alberto Olmo.
Herrialdea: Espainia.
Gidoia: Philippe Azoury, Elena Lopez Riera.
Iraupena: 104 minutu.
Generoa: Drama.
Estreinaldia: Azaroaren 4an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.