Epairik ez Leslierentzat

Ama alkoholiko baten bizipenak erretratatzen ditu 'To Leslie' filmak, mendekotasunaren alde gordinena erakutsiz, baina enpatiaz

Andrea Riseborough, To Leslie filmeko protagonista. MISTER SMITH ENTERTAINMENT.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Sei urte urte igaro dira Lesliek loteria irabazi zuenetik. 190.000 dolar. Telebista kameren aurrean ospatu zuen saria; ez dirudi diru asko denik, baina aurrera egiteko nahikoa zen Texasko herri txiki batean bizi eta seme nerabe bat zuen ama langile batentzat. Bere pozean, trago guztiak bere kontu doazela garrasi egingo du, eta, sei urteren ondoren, egungo egoerak argi uzten du hitza bete zuela. Leslie alkoholikoa da; ez du dirurik, ez lanik, ez etxerik. Ez du harremanik 19 urteko semearekin, eta egunak (eta gauak) taberna zuloetan igarotzen ditu. Gertuko harreman guztiak hautsi ditu, eta noraezean dabil. Azken aukera gisa, semarengana joko du, bere bizitzaren norabidea zuzendu nahian.

Ryan Binaco gidoilariaren bizitzan oinarrituta dago To Leslie filma, eta amari idatzitako maitasun eskutitz bat bezala aurkezten du. Hala ere, istorioa, eta batez ere Leslie pertsonaia, ez dira errealitatearen erretratu zurrun bat, eta, beraz, filmaren lantaldeak aukera izan du kontakizuna borobiltzeko erabaki asko hartzeko. Michael Morris zuzendariak urte askotako esperientzia du ikus-entzunezkoen munduan, baina To Leslie haren lehen film luzea da. Antzerkian hasi zen lanean, eta Londresko The Old Vic antzokiko zuzendari izan zen 1999 eta 2002 urteen artean. Telebistarako ere lan ugari egindakoa da: Better Call Saul, Shameless, House of Cards eta Brothers and Sisters telesailetako zuzendaria izan da. To Leslie 2022ko South by Southwest jaialdian estreinatu zen.

To Leslie 35 milimetrotan filmatuta dago, eta aro digitalari apenas egiten zaion erreferentziarik. Hori dela eta, hainbat kazetarik antzekotasunak aurkitu dizkiote 70eko hamarkadako AEBetako indie zinemarekin, eta argazkiak, ekoizpen diseinuak eta muntaketak ideia hori borobiltzen laguntzen dute. Argazki zuzendari gisa Larkin Seiple estatubatuarra ibili da, eta irudien bidez protagonistaren bilakaera erretratatzen jakin du. Horrela, kritikaren ustez Andrea Riseborough-en karrerako antzezpenik onena denari bisualki behar zuen sostengua eskaintzen dio, eta kamerak ez du bakarrik uzten: behar duenean babesa ematen dio, baina haren zaurgarritasuna era gordinean erakusten du.

Mendekotasuna eta trauma

Mendekotasunari eta traumari buruzko istorioa dakarte Morris eta Binacok. Galtzeko gutxi gelditzen zaion pertsonaia da Leslie, eta oso argi dauka. Eragin dituen arazo eta iskanbila guztiez jabetzen da, eta badaki jendeak epaitu egiten duela semeari eman dion bizimoduarengatik. Berak ere epaitzen du bere burua. Hala ere, eta filmaren sinopsiak beste ideia bat ematen badu ere, To Leslie ez da ama baten eta seme baten adiskidetze istorioa, ezta mendekotasunari aurre egiten dion emakume baten irakaspen istorioa ere. Zuzendari ingelesak epairik gabe erretratatzen du bere protagonista, baita antzezten duen aktoreak ere. Behin eta berriro erortzen ikusiko da, baina ez Morris ez Riseborough ez dira sentimentaltasun edo melodraman eroriko. Min handia eragin duen emakume bat erakutsiko dute, baina filmak enpatiaz begiratzen dio bere protagonistari.

'TO LESLIE'
Zuzendaria: Michael Morris.
Gidoilaria: Ryan Binaco.
Aktoreak: Andrea Riseborough, Marc Maron, Stephen Root.
Argazkia: Larkin Seiple.Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Herrialdea: AEB.
Estreinaldia: Martxoaren 3an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.