Esperantzara bidaia

Laura Mora kolonbiarrak Medellingo bost gazteren 'road trip'-a kontatzen du 'Los reyes del mundo' film luzean

Gazteak, bidaian, haietako batek amonarengandik jasotako lurrak eskuratzeko. LAURA MORA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ra, Culebro, Sere, Winny eta Nano. 11 eta 19 urte arteko bost gazte. Medellingo kaleetan noraezean dabiltzan bost gazte. Ez dute ez familiarik, ez etxerik, ezta babestuko dituen inor ere. Egunero da borroka bat haientzat; bizkarra eman dien gizarte biolento batean bizirik irauteko borroka. Zarata egiten dute, farolak tiroka hautsiz, etxe pribatuetan sartuz; eta, hala ere, ikusezinak dira. Kalea ezagutzen dute, hura da haien etxea; eta, hala ere, ez dute nora jo. Rak, taldeko zaharrenak, urteak daramatza ebazpen judizial baten zain, bere amonarengandik jasotako lur batzuk itzul diezazkioten. Paramilitarrek okupatu zituzten lur horiek, eta orain, Bake Akordioei esker, askatuko dituzte. Epaileak bere alde egin duela adierazten duen eskutitza jasotzean, bost gazteek bidaia bat hasiko dute, amonaren lurrak zain dituen eta Medellindik 400 kilometrora dagoen Nechi herrira.

Laura Mora zinemagile kolonbiarra Matar a Jesús bere lehen film luzearekin egin zen ezaguna nazioartean. Bertan, Paularen istorioa kontatzen du: zientzia politikoetako irakasle den aitaren erailketa ikusten duen gaztea. Zinemagilearen bizipenetan oinarrituta, Kolonbian normalizatutako biolentziari buruzko erretratu autobiografikoa egin zuen. Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen filma Morak, eta, munduko zinema jaialdi ugaritan ibili ondoren, hainbat sari jaso zituen. Los reyes del mundo ere Zinemaldian aurkeztu zuen zinemagile kolonbiarrak, oraingo honetan Sail Ofizialean, eta Urrezko Maskorra irabazi zuen.

Mora bere lehen film luzean oinarri zen errealismotik aldendu da Los reyes del mundo-rekin. Metafora bisual eta poesiaz beteriko kontakizuna sortu du, ametsa eta errealitatea nahasten dituen ipuin onirikoa. Formari dagozkion ezaugarri horiek, ordea, ez dute istorioaren krudeltasuna ezkutatzen, eta bost gazteen bizitzaren bortizkeria eta sufrimendua eszena bakoitzean daude presente. Kolonbiarra pertsonaia horien psikologia aletuz joan da, ia elkarrizketen beharrik gabe, eta off-eko ahotsaren erabilerarekin haien identitatearen bila dabiltzan gazteen argazkia borobildu du.

Bidaia bat, road trip bat daukaabiapuntutzat Moraren lanak. Ertzetan bizi diren horiek egiten duten bidaia. Ezer ez duten horiek egiten dutena. Familia bilakatu dira bost gazteak, eta haienak izan daitezkeen lur batzuen existentziak bizitza hobeago baterako itxaropena sortu die. Morak ez die bidaia erraza egingo; hau ez da autokarabana batean egiten den road trip bat. Bidean, jaiotzetik bizi izan dituzten indarkeria, arrazakeria eta mespretxua aurkituko dituzte, eta kolonbiarrak ez du miseriaren poetika egin nahi izan. Erresistentzia eta desobedientziaren irudi bihurtu diren gazteen erretratua egiten du Los reyes del mundo-k, haien lekua topatzeko esperantzaz abiatu diren gazteen kontakizuna.

'LOS REYES DEL MUNDO'
Zuzendaria: Laura Mora Ortega.
Gidoilariak: Maria Camila Arias, Laura Mora Ortega.
Aktoreak: Carlos Andres Castañeda, Davison Florez, Brahian Acevedo.
Argazkia: David Gallego.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 103 minutu.
Herrialdea: Kolonbia.
Estreinaldia: martxoaren 17an Hegoaldean, eta 29an Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.