Suhiltzaile izan nahi zuen printzea

Portugalgo monarkia da protagonista Joao Pedro Rodriguesen azken filmean. Komedia musikala da 'Fogo fatuo'

Mauro Costa (Alfredro printzea) eta Andre Cabral (Afonso, suhiltzaileen irakaslea), filmeko eszena batean. FOGO FATUO.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
2069. urtea da. Gela ilun bateko ohean gizon bat dago, hilzorian. Haren ondoan, haur bat jostailuzko suhiltzaile kamioi batekin jolasten da. Ohe gainean, Jose Conrado Rozaren Mascarada nupcial margolana. Hilzorian dagoen gizona Alfredo da, Portugalgo erregea. Haurrak, Alfredoren biloba izan daitekeenak, ez dio kasu handirik egiten hiltzear den aitonari, eta jolas artean abesten hasiko da: 1980ko hamarkadako kanta portuges bat da, zuhaitzen laguntasunari buruzko umeen kanta bat. Abesti horrek eramango du Alfredo bere oroitzapenetara, eta istorioak 2011. urtera egingo du salto, Alfredo printze zen garaira. Gazte inozenteak, zuhaitzekiko maitasunak bultzatuta, eta klima aldaketak eta baso suteek kezkaturik, gurasoei (Portugalgo errege-erreginak) adieraziko die suhiltzaile izan nahi duela. Amak brometan ari dela uste du, baita suhiltzaile boluntarioen zuzendariak ere, baina Alfredok bide hori hautatu du, eta aurrera egin nahi du erabakiarekin. Bertan ezagutuko du Afonso irakaslea, eta topaketak hasiera emango dio elkarren arteko maitasun istorioari.

Prentsa arrosako aldizkaria

Joao Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarra dentistarenean zegoen bere seigarren film luzerako ideia bururatu zitzaionean. Itxaron gelan egon ohi diren prentsa arrosako aldizkari bat irakurtzen hasi, eta Portugalgo errege familiari buruzko artikulu bat aurkitu zuen. Portugal errepublika da 1910. urtetik, baina azken erregearen oinordekoak oraindik azaltzen dira halako aldizkarietan. Rodriguesi jakin-mina eman zion zenbateko interesa duen jendeak egun inolako garrantzirik ez duen familia harengan, eta nola irakurleak haietan ordezkatuak sentitzen diren, estereotipoetan oinarrituta dagoen bizitza batean.

Gertakizun hartatik abiatuta, norberak gainontzekoen aurrean hartzen duen rol horri buruzko istorioa egin nahi izan du; norberaz zer espero den eta benetan zen den. Fogo fatuo-k identitatearen bilaketa du ardatz, Alfredo printze gazteak ezagutzen duen diziplina zorrotz eta hertsi horretatik ihes egiteko intentzioz hasiko duen bidaia. Baina, abiapuntua hori bada ere, Rodriguesek beste hainbat gai jorratu ditu filmean: ingurumena eta klima aldaketa, gorputzen aniztasuna, klase gatazkak eta sexu identitatea, esaterako.

«Fantasia musikala». Hala definitu du zuzendariak bere azken filma. Eta genero horren barruan jolasteko aukeraz baliatu da Joao Pedro Rodrigues: elipsiak, koreografia landuak, ikuslea zuzenean interpelatzeko laugarren paretaren hausturak, eszena erotikoak, eta ironia eta umore asko. Film laburra da, baina sormenean eta baliabideetan aberatsa, baita jorratzen dituen gaietan ere. Komedia, musikala, edo fantasia etiketek irudikatu dezaketen arintasunaren aurka, Rodriguesek film kritiko bat egin nahi izan du, dibertigarria, estetikoki landua eta motza, baina baita politikoa ere.

'FOGO FATUO'
Zuzendaria: Joao Pedro Rodrigues.
Gidoilariak: Paulo Lopes Graça, Joao Rui Guerra da Mata, Joao Pedro Rodrigues.
Argazkia: Rui Poças.
Aktoreak: Mauro Costa, Andre Cabral, Joel Branco.
Generoa: Komedia musikala.
Urtea: 2022.
Iraupena: 67 minutu.
Herrialdea: Portugal.
Estreinaldia: Martxoaren 31n estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.