Artearen egunerokoa, egunerokoaren artea

Arrakasta handirik ez duen artista baten eguneroko bizitza erretratatu du Kelly Reichardek bere zortzigarren film luzean

Michelle Williamsek antzezten du Lizzi artistaren rola Showing Up filmean. ALLYSON RIGGS/A24.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Lizzie artista da. Zeramika piezak egiten ditu, baita buztinezko eskultura txikiak ere. Beste artista askok bezala, Lizziek dirua irabazteko bidea ematen dion lan bat du, eta bere denbora librean kezkatzen da sorkuntzaz. Lizziek ez du konfiantza handiegirik bere buruarengan, eta deseroso dago bai bere azalean, baita artearen munduan ere. Familiarekin duen harremana ere ez da erraza: ama Lizzieren nagusia da zuzentzen duen arte eskolan; intentsitate bereziko pertsona bat da, apur bat neurotikoa eta kontrolatzailea. Aitak, amarengandik banandua, lagunak diren bikote bat du etxean, eta, dirudienez, berataz baliatzen ari dira, nahiz eta gizona nahikoa lotsagabea den; eta anaia, artista hura ere, fase maniako bat bizitzen ari da, eta familiako kide guztiak kezkatuta ditu.

Lizziek bere piezen erakusketa bat du zortzi egun barru, eta, ekitaldi garrantzitsu horretarako prestatzen ari dela, bizitzak eta egunerokoak oztopatuko dute: ura berotzen ez duen galdara, katuak zauritu duen usoa, labe elektrikoak alde batetik gehiegi erre duen zeramika pieza, eta bere bizilagunarekin dituen liskarrak. Bizilaguna Lizzie baino artista arrakastatsuagoa da, diru arazorik gabea, Lizzie bizi den etxearen jabea, eta beti pozik dagoela diruditen horietakoa.

Kelly Reichardt zinemagile estatubatuarra zinema independentearen erreferente bat da. Zuzendu duen zortzigarren film luzea da Showing Up, eta filmak lehenengoz eraman zuen Reichardt Cannesko jaialdira, Urrezko Palma lortzeko lehiara.

Reichardtek bere burua outsider bat bezala ikusi izan du zinemaren industrian, eta oso eroso dago posizio horretan. Zinemaren konbentzioen aurka borroka egin du bere ibilbidean, filmak egiteko era industrialari bizkarra emanez, generoen mugak desitxuratuz. Ohikoa, betikoa, ezarritakoa denarekin apurtzen saiatu da estatubatuarra bere filmetan, eta horrek sortzeko askatasun izugarria eman dio. Showing Up bere ibilbidearen erakusgarri da.

Zinemagilearen azken film luzea arteari buruzko film bat da. Artea egiteari buruzko filma, artista bati buruzkoa. Hala ere, Reicardt urrundu egin da istorio askotan ikusi izan den krisi artistikoa bizitzen ari den artista bitxi ikusgarri baten erretratutik. New York, Los Angeles edo San Francisco ez den hiri batean kokatutako artista baten egunerokoa erakutsi du. Eguneroko horrek aurrean jartzen dizkion oztopoei aurre eginez bere lekua topatzen saiatzen ari den artista baten istorioa.

Reichardtek ia anekdotikoak diruditen gertakizun multzo bat bildu du bere azken lanean, itxuraz anbizio handiegirik ez duen istorio soil bat kontatzeko. Baina sinpletasun horretan, txikitasunean, nabarmenkerietatik urruntzen den Lizzieren erretratu lehorrean du bere indarra. Zinemagilearen estilotik aldendu gabe, Showing Up-ek artea eta artisten egunerokoa erakusten du, ikusgarria ez den egunerokotasun bat, eta errutina eta ohikotasun horretan aurkitzen du edertasuna.

'SHOWING UP'
Zuzendaria: Kelly Reichardt.
Gidoilariak: Jonathan Raymond, Kelly Reichardt.
Aktoreak: Michelle Williams, Hong Chau, Andre Benjamin.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 108 minutu.
Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Estreinaldia: maiatzaren 3an estreinatuko da Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.