Behe lainotan gordetako ama-alabak

Tilda Swinton da protagonista Joanna Hoggen mamu giroko filmean. Harremanak eta sormena dira 'The Eternal Daughter'-en oinarri

Tilda Swintonek amaren eta alabaren rolak jokatzen ditu filmean. SANDRO KOPP.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Rosalind eta Julie, ama-alabak, taxi zuri batean iristen dira Galesko herri baten aldirietako hotelera. Garai batean Rosalinden familiaren jabetza zena egun bed and breakfast bat bilakatu dute. Amaren urtebetetzea ospatzera etorri dira, haurtzaroa igaro zuen etxera, eta Julie zuzendari eta gidoilariak istorio berri bat topatu eta idazteko asmoa du. Julieren filmak amarekin duen harremana izango du erdigunean, baina idazketa prozesua zaildu egingo da Julie ohartzen baita etxe horrek oroitzapen onez gain bizipen traumatikoak dakarzkiola Rosalindi. Alaba bere helburua zalantzan jartzen hasiko da, eta bere buruari galdetuko dio ea zilegi den ama gogorapen mingarri horiek bizitzera behartzea bere filmerako materiala eduki ahal izateko.

Ama-alaben hoteleko egonaldia hasieratik izango da arazotsua: Juliek erreserbatutako gela ez dago libre, nahiz eta istorioak aurrera egin ahala ikusiko den hoteleko bezero bakarrak direla; wifi seinalea eraikinaren goiko solairuan bakarrik dago; gauetan Juliek kolpe soinuak entzuten ditu, eta ezinezkoa dirudi ura irakiteko teontzi bat lortzea. Horiei guztiei gehitu behar zaizkie gogo txarrez erantzuten diela harrerako neska gazteak eta hotelak etxe sorgindu kutsua duela.

Joanna Hogg zuzendari ingelesaren seigarren film luzea da The Eternal Daughter. Halakorik adierazi ez badu ere, badirudi zinegileak The Souvenir eta The Souvenir Part II filmeetako istorioarekin jarraitu duela, autobiografiatik asko duen istorioa. Bi film horietan Julie izeneko zine ikasle bat erretratatu zuen, Tilda Swintonen alaba Honor Swinton Byrne-ek antzeztua. Tildak ere parte hartu zuen film haietan, Rosalind izeneko protagonistaren amaren rolean. The Eternal Daughter-ek izen bereko ama-alaben istorioa dakar, eta bi pertsonaien azalean Tilda Swinton jarri du Hogg-ek. Zinegileak aitortu du bere amarekin izandako egonaldi batean oinarritutako istorioa dela.

Giro misteriotsua

The Eternal Daughter-ek, Julie idazten saiatzen ari den filmak bezala, ama-alaba batzuen harremana du erdigunean: elkarri kontatzen ez dizkioten minak; ezagutzen ez dituzten bizipenak; eta pertsona independenteak izanik ere, errepikatzen diren patroiak dituztela. Eta artista batek bere sormenarekin zer harreman duen ere kontatu nahi izan du Hoggek: atzean dauden zalantza eta beldur guztiak, eta egiten ari denaren zilegitasunarekin duen borrokak nola baldintzatzen dion sorkuntza prozesua.

Istorioa edo filmaren alde narratiboa bainoago, kritikak alderdi teknikoa eta zinegile ingelesak sortu duen giro misteriotsua goraipatu du. Filmak hasieratik kokatzen du ikuslea giro horretan: behe laino artean kokatutako etxe iluna, estilo gotikoko argiztapen urriko gelak, haizearen hotsa, pasillo luze hutsak, argazki zaharrak diruditen planoak. Hoggek mamurik gabeko etxe sorgindu bat eraiki du, eta, une oro ikuslearengan zerbait galdu izanaren irudipena sortuz, errealitate beldurgarri bati aurre egin behar dion Tilda Swinton bikoitzari eman dizkio etxeko giltzak.

'THE ETERNAL DAUGHTER'
Zuzendaria: Joanna Hogg.
Gidoilaria: Joanna Hogg.
Aktoreak: Tilda Swinton, Joseph Mydell, Carly-Sophia Davies.
Argazkia: Ed Rutherford.
Generoa: intriga.
Urtea: 2022.
Iraupena: 96 minutu.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Estreinaldia: maiatzaren 12an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.