Su geldoan egositako maitasunak

Janariarekiko maitasunean oinarritutako harremanaren istorioa kontatzen du Tran Anh Hungek 'La passion de Dodin Bouffant'-en

Janaria eta sukaldea, filmeko istorioaren oinarri. LA PASSION DE DODIN BOUFFANT.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Haragi salda, itsaski vol au vent-a, erreboiloa esne gainarekin, arkumea labean brusela azekin, eta, postrerako, tortilla norvegiarra. XIX. mendeko gaztelu bateko sukaldean, Dodin Bouffant eta Eugenie bankete bat prestatzen ari dira. Bouffant gazteluaren jabea da, gourmet bat, eta Eugenie hogei urtez haren sukaldaria (eta maitalea) izan den emakumea. Sukaldea lurrun eta baporez beteko da; zartaginez eta lapikoz, olioz eta irinez. Mimoz prestatzen dituzte janariak, prozesu bakoitzari arreta eta atentzio guztia jarriz.

Bouffanten eta Eugenieren istorioa kontatuko du La passion de Dodin Bouffant-ek. Hogei urteko harremana du bikote protagonistak, sukaldearekiko eta janariarekiko maitasunean oinarrituta, baina janariaz haratago doan amodiozko istorioa da haiena, eta maitale izateari utzi eta senar-emazte bihurtzeko nahia du Bouffantek. Hori adieraziko dio behin eta berriz Eugenieri, nahiz eta aldiro emakumearen ezezkoa entzuten duen.

Frantzian bizi den Tran Anh Hung zinemagile vietnamdarraren zazpigarren film luzea da La passion de Dodin Bouffant. Bere lehen film luzearekin —Mùi du du xanh - L'odeur de la papaye verte— lortu zuen ospea nazioartean: Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen 1993. urtean, eta opera prima-rik onenari ematen zaion Camera d'Or eta gazteriaren saria jaso zituen. Ondoren iritsi ziren lehen lanik onenaren Cesar saria, eta Oscar sarietarako hautagaitza. Tran Anh Hungen azken film luzea aurtengo Cannesko Zinemaldian aurkeztu da, eta zuzendaritzarik onenaren saria jaso du vietnamdarrak.

Tran Anh Hungen filmak janaria du subjektu, helburu, eta istorioa aurrera daraman indar. Janariarekiko eta gastronomiarekiko begirune eta errespetua ditu ardatz. Filma osatzen duten gainontzeko elementuak sukaldean gertatzen diren prozesu ugarien artean garatzen dira. Bidaia sentsorial bat eraiki du vietnamdarrak; irudi eta soinuen bidez zentzumen guztietara iristen den filma sortu du, eta Jonathan Ricquebourgen argazki zuzendaritzari esker ia dastatu daitezkeen irudiak eskaintzen ditu.

Horrela, Tran Anh Hungek gehiegizko estimulaziorik ez erabiltzearen alde egin du, eta musika bizigarririk gabe, olio zipriztinek, irakiten duen urak eta haragia zatitzen duen labanak egindako soinuek betetzen dute filmaren atmosfera.

Era berean, La passionde Dodin Bouffant-ek ez du trama korapilatsu bat kontatzen,ez dago ezusteko gatazkarik,bira harrigarririk. Erritmobizirik gabeko eszenei esker egiten du aurrera kontakizunak, su geldoan prestatutako jaki baten antzera.

'LA PASSION DE DODIN BOUFFANT'
Zuzendaria: Tran Anh Hung.
Gidoilaria: Tran Anh Hung.
Aktoreak: Juliette Binoche, Benoit Magimel, Emmanuel Salinger.
Argazkia: Jonathan Ricquebourg.
Generoa: Drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 135 minutu.
Estreinaldia: Azaroaren 8an Iparraldean, eta abenduaren 22an Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.