Albistea entzun

'Suro', idealez betetako baso bat

Hiriko bizitza atzean utzi, eta landa eremura joatea erabaki duen bikote bat du protagonista Mikel Gurrearen lehen film luzeak
Vicky Luengo eta Pol Lopez, Mikel Gurrearen <em>Suro</em> filmean.
Vicky Luengo eta Pol Lopez, Mikel Gurrearen Suro filmean. SURO Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Arzelus Lasa -

2022ko azaroak 26

Suro. Katalanez, kortxoa. Horixe du izenburu Mikel Gurrearen filmak, eta horixe da filmaren abiapuntuan dagoen bizipena. Gurreak udara bat igaro zuen Gironako basoetan (Herrialde Katalanak) kortxoaren zuritze lanetan. Han deskubritu zuen testura eta soinuetan aberatsa zen ingurune bat. Biluztutako gorputzen antza hartzen zien zuhaitz horien artean igaro zituen egunak, eta laster iritsi ziren bere rolari buruzko zalantzak ere: lursail horien jabeen gomendioz zegoen han, baina bera ez zen jabea; katalanez egiten zuen, baina bera ez zen katalana; sasoikako langile gisa ari zen, baina hura ez zen bere ogibidea. Ideia horietatik guztietatik sortu zen Suro.

Helena eta Ivanen istorioa kontatu du donostiarrak. Hiritik alde egin, eta landa eremuko etxe batera joango dira bizitzera, emakumearen familiarena zen etxera. Artelatz baso baten jabe dira, eta haren ustiapenetik bizitzeko helburua dute. Bikoteak haien etorkizunari buruzko ideiak eta desirak ditu, askotan idealetatik gertuago daudenak, eta, istorioak aurrera egin ahala, ideia, ideal eta amets horiek bizitza errealarekin, praktikotasunarekin egingo dute talka.

Harremanak daude Gurrearen filmaren erdigunean. Bikote harremana, inguruarekiko harremana, sortzen diren botere harremanak... Eta harreman horiez baliatu da zinegilea klasea, immigrazioa eta generoa bezalako gaiak lantzeko. Horrela, apaindura handiegirik erabili gabe egiten du bidea donostiarrak, planteatutako gaiak era efizientean ebatziz.

Bidelagun ditu Pol Lopez eta Vicky Luengo, Ivan eta Helenaren azalean, eta azken horren antzezpenaren indarrak eusten du kontakizuna. Era berean, gutxinaka haziz doan tentsioak ia ohartu gabe thriller batean murgilduko du ikuslea, eta artelatzetan jotako aizkorakadek filmak lortu nahi duen atmosfera hori eraikitzen lagunduko dute.

Gurreak eta Luengok hainbat elkarrizketatan aipatu duten esaldia izan da: film honek badaki film bat dela, kontziente da. Eta ikusleari argi utzi nahi izan diote lehen planotik. Horrela, zinegilearen eta ikuslearen arteko paktua eratu du Gurreak, jokoaren arauak ezarri ditu, eta arau horien barnean nahi duena egiteko askatasuna izan du. Filmak, beraz, badaki zertan ari den, eta gauza bera aitortu dio kritikak zinegile donostiarrari. Bere proposamenean sendotasuna erakutsi du, gidoian planteatutako konplexutasuna irudietan islatzea lortu du, eta erabilitako ikus-entzunezko lengoaia irmoa da. Lehen film luze batean ohikoa ez den heldutasun zinematografikoa du Gurrearenak.

Zinema uzta

Carla Simonen Alcarràs, Rodrigo Sorogoyenen As bestas, Elena Lopez Rieraren El agua, Carlota Gonzalez-Adrioren La casa entre los cactus, Rocio Mesaren Secaderos, Mikel Gurrearen Suro. Guztiak aurtengo filmak, guztiek dute landa eremua erdigunean, ia beste pertsonaia bat bihurtzeraino. Landa eremura itzulera, haren idealizazioa edo familia eta tradizioa bezalako abiapuntuak dituzte, eta, hala ere, zinegile bakoitzak bere egin du ingurunea. Kezka edo interes beretik abiatuta, proposamen guztiz ezberdinak sortu dituzte; gai, genero, pertsonaia eta kontakizun anitzez osatuak.

'SURO'
Zuzendaria: Mikel Gurrea.
Gidoilariak: Mikel Gurrea, Francisco Kosterlitz.
Aktoreak: Vicky Luengo, Pol Lopez, Ilyass El Ouahdani.
Generoa: drama.
Urtea:
2022.
Iraupena: 116 minutu.
Herrialdeak: Euskal Herria eta Katalunia.
Estreinaldia: abenduaren 2an estreinatuko da Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»

Naroa Torralba Rodriguez

Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
1 ©LABAYRU FUNDAZIOA / EZEZAGUNA

Itsasoko ezkutuko lana

Amaia Jimenez Larrea

Emakumeek itsasoan egindako lanaren balioa aldarrikatzeko, Labayru fundazioak 'Geu be bagara itsasoa' liburua argitaratu du. Zenbait belaunalditako hogei emakumeren testigantzak bildu dituzte.
<em>Irabazi arte</em> telesaileko bigarren denboraldiko aktore gazteak. ©EITB

'Irabazi arte'-ren bigarren denboraldia, ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

Dorleta Urretabizkaia, Nahia Lacalle eta Joan Bailador dira aktore berriak. Zetak, Bengo eta Bulego taldeen kantak entzungo dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.