Betiko konfinaturik

Euskal Herriko akuario eta zoologikoetan animaliek bizi duten egoera salatu du Nor talde antiespezistak zentro, horietan egindako ikerketaren bidez. Animalien zaintza, espezieen kontserbazioa eta ingurumen hezkuntza «oinarri faltsuak» direla diote; animaliak «objektu huts» direla han.

<b>Kristalaren atzean. </b>Lemur bat Sendaviva parkeko kaiolan; Nor taldeak dio animaliak erakuslehio baizik ez direla.
Kristalaren atzean. Lemur bat Sendaviva parkeko kaiolan; Nor taldeak dio animaliak erakuslehio baizik ez direla. NOR Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2020ko maiatzak 26

Ematen du triste dagoela». «Bueltaka dabil, erotuko da!». «Hemen bakarrik gaizki pasatuko du». Euskal Herriko zoologiko eta akuarioak bisitatzera joandako herritarren ahotatik bildutako hitzak dira denak. Nor talde antiespezistak ikerketa bat plazaratu berri du Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia) itxitako animaliak erakusten dituzten zentroetan bizi den egoera salatzeko. Joan den udan bisitatu zituzten, animalien egoera bertatik bertara ezagutzeko. Zentro horien oinarria animalien zaintza, espezieen kontserbazioa eta ingurumen heziketa omen dira, baina Nor taldeak beste zerbait aurkitu du: «Zapalkuntzaren logika ezkutatu nahi duten etiketak baino ez dira. Animaliak, etekin ekonomikoa lortzeko salgai hutsak dira».

 

Sendaviva (Arguedas, Nafarroa), Donostiako Aquariuma, Miarritzeko Itsas Museoa (Lapurdi), Karpin (Karrantza, Bizkaia), Basondo (Kortezubi, Bizkaia) eta urtarrilean itxi zuten Getxoko akuarioa (Bizkaia) dira aztertu dituzten euskal zoologikoak, baina Cabarceno eta Santillana del Marko (Espainia) zentroetan ere izan dira, euskaldun asko joaten delako. Are, Santillana del Marren euskaraz dituzte esku orriak.

«Animaliak erakusleiho bat dira». Maialen Sagues Nor taldeko bozeramaileak ikerketaren ondorioak aletu ditu. Esan duenez, ez dira betetzen zoologikoek eta akuarioek bere egiten dituzten funtzioak. Ingurumen hezkuntzarena, adibidez: zenbait ikerketen arabera, bisitariak 30 segundo ematen ditu, batez beste, animalia bakoitza ikusten. «Abiadura handiko emozioak dira: espezie pila bat ikusteko aukera duzu, denak segidan, baina benetan ez diozu inolako arretarik eskaintzen gehiago ikasteari. 30 segundo horietan argazkia atera, eta ongi ateratzen denean, hurrengora pasatzen da».

Zoologikoak eta akuarioak animaliak erraz ikusteko eta argazkia egiteko diseinaturik daude. NOR

Ikerketan adierazten dutenez, kasu gehienetan ematen den informazioa «oso eskasa» da. Sendavivan kartelak «zaharrak» eta «zehaztasunik gabeak» dira; Karpinen ere kartel asko «zaharkituta» eta «hondatuta» daude. Ikasketa programen «zinismoa» ere salatu dute. Sendavivan, esaterako: arrautzen zikloa azaltzeko gune bat dago, txitak nola sortzen diren jakiteko. Adin ezberdineko txitak dituzte: jaioberriak, egun batekoak, bikoak... Azken kaiolak zera dio: Mundua ezagutzeko prest. Langile batek kontatu zien txita horien benetako patua: «Anitz jaiotzen dira; bertze animaliei jateko ematen dizkiegu».

Nor taldeak «zuriketa»leporatzen die zentro horiei. Sendavivan eta Miarritzeko Itsas Museoan ikuskizunak egiten dituzte fokekin eta hegaztiekin, hurrenez hurren. Hau ikusi zuten ikerketan aritu direnek: «Animaliok erabiltzen dituzten langileek hainbat minutu hartzen dituzte, hasi aurretik, azaltzeko bisitariei animaliek ez dutela sufritzen, eta haien hobe beharrez ari direla, betiere». Foken kasuan, otordua ikuskizun bihurtzen dutela salatu dute: janaria lortzeko, txilibituaren seinaleari jarraikiz langileak agintzen diena egin behar dute.

Miarritzeko Itsas Museoan foken otorduak ikuskizun bihurtzen dituzte. NOR

«Saltzen dituzte animaliak zaintzeko zentro bezala, baina enpresak dira. Erdian ez dago animalien zaintza, etekin ekonomikoa baizik, bisitariari entretenimendu on bat ematea berriro itzuli eta sarrera ordaindu dezaten», salatu du Saguesek. Etekin ekonomikoa animalien ongizateari gailentzen zaiola uste du ekintzaileak. Ikusi dute espazioak mugatzen dituztela bisitariek animaliak ongi ikusteko. «Lortu behar dute ikusleak, aurretik pasatzean, argazki on bat egitea, eta, posible bada, gertutik».

Konfinaturik dituzte animaliak, eta horrek kalte handiak sortzen dizkiela salatu du Nor taldeak. Zookosiak jotako animaliak aurkitu dituzte bisitatu dituzten zentroetan; hau da, konfinamenduak eragindako psikosiarekin. Horren ondorioz, estereotipiak garatzen dituzte: helbururik gabeko mugimendu zehatzak errepikatzen dituzte behin eta berriz. Ia zentro guzietan ikusi dute hori: «Donostiako Aquariumeko marrazoen eta Sendavivako hartz arreen kasuak dira nabarmenenak, bertzeak bertze», azaldu dute ikerketan. Karpingo hartzek ere garatu dituzte estereotipiak Nor taldearen arabera.

Konfinamenduaren gaitzak

Maider Perez de Villarreal albaitaritzan doktorea da eta etologian aditua. Bere ibilbide profesionalean halakoak ikusi izan dituela azaldu du: «Estereotipia zookosiaren manifestazio bat da. Oso konfinatuta badaude, portaera negatibo hauek garatzen dituzte animaliek: mugimendu errepikakor eta obsesiboak». Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan txakurren «milaka kasu» artatu zituzten jokabide obsesibo konpultsiboekin. «Gizakien tratamenduekin aritzen ginen: antidepresiboekin».

Bertatik bertara ikusi zituen halako jokabideak Doñanan (Espainia), iberiar katamotzekin lanean. «Kanpotik etortzen ziren katamotzak habitat natural batera egokituta zeuden; beraz, konfinatuta egon ondoren, pacing egiten zuten: inguru batean mugitzea beste ezer egin gabe. Ez zuten janaririk bilatzen ere». Amek arazoak izaten zituzten beren kumeak hezteko. Konfinamenduaren eraginak zooetan ez ezik haztegietan ere ikus daitezkeela azaldu du Perez de Villarrealek. Itxialdiak zenbait eragin izan ditzake: kaudofagia bestearen buztana jatea, koprofagia kaka jatea, pacing-a, mugimendu errepikakorrak... «Konfinatuta daudenean ezin dute haien portaera naturalen arabera jokatu, eta horrek oso eragin negatiboa du haiengan: beste portaera batzuk garatzen dituzte antsietatea nolabait murrizteko».

Sendavivan hegaztiekin ikuskizunak egiten dituzte. Irudian, arrano beltz bat, lotuta. IÑIGO URIZ / FOKU

Nor-en ikerketaren arabera euskal zoologiko eta akuarioak EAZA, AIZA, WAZA, EUAC edo UCA elkarteetako bazkide dira, «esplotazio zentro hauen interesak defendatzen dituzten lobbyak». Saguesek aipatu du ikertutako zentro guziek diru publikoaren bidez egiten dutela aurrera. «Getxokoa adibide garbia da: Bizkaiko Diputazioak diru sarrera kendu zienean, itxi behar izan zuten». Sendavivaren kasua ere azaldu dute: Sodena enpresa publikoaren bidez parte hartu du Nafarroako Gobernuak han. Kontuen Ganberak gogor kritikatu izan ditu han egindako inbertsioak. Azken hamazazpi urteetan 70 milioi euro inguru jaso ditu Parquenasak gobernuaren eskutik. Bideragarritasuna lortzeko 257.000 bisitari beharko lituzke; 2017an 183.000 izan zituen.

Egoera hori ikusirik, Saguesek argi du: «Horrelako zentroek ez dute existitzeko inolako justifikaziorik, beraien argudio guztiak faltsuak direlako eta ez direlako oinarritzen animalien ongizatean. Beraien zaintza erdigunean jarri beharko genuke babeslekuetan egiten den bezala». Beraz, gonbita egin die euskal herritarrei: «Ez joan zentro hauetara».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna