Norbera beste bihurtzen denean

COVID-19ak egin ezinda utzi ditu kirol proba asko, eta are ikusezinago bihurtu ditu lehendik ikusezin izateko bidean ziren gaitz asko. Hainbat kirolarik erronka solidarioak egiteko baliatu dute aukera. Senitartekoek eta elkarteek eskertu egiten dute halakoek ematen dieten «ikusgaitasuna».

3.000xNahia. Carlos Moran mendi korrikalaria Nahia Gomezekin batera, Zegaman. LAIDA GOIBURU.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Samur ixten den zirkulu baten parekoa da. Erronka batekin hasten da, eta ikusgaitasun ariketa batekin amaitu. Tartean eta ondoren daude gaixotasunaren eta erien normaltzea, inklusioa eta motibazioa. Egon zitekeen zirrikitu bat pentsatzeko erronka jotzen duenak norberaren egoa puztu eta marka ezartzeko jotzen duela, baina datozen lerrootan ez du irakurleak halakorik topatuko. Norberaren mugak mugaraino eramate bat dago erronka solidarioen atzean. Norberaren mugak neurtze bat, besteenak agerian uzteko. Abiapuntua da hori. Amaiera askotan dagoena da, ordea, bestearen mugarik gabeko indarraz eta kuraiaz ohartzea. Nola hasten den norbera bestearen alde, eta nola aldatzen duen besteak norbera.

Egia da zer pentsatua ematen duela erronka askoren eskergak eta neurrigabeak, baina behar da «amu» bat, protagonistek nabarmentzen dutenez. Jendearen eta medioen begirada erakartzeko. Behin hortik abiatuta, ia beti errepikatzen den gidoi bat dago: erronka botatzen duenak badu inguruan gaixo bat, gaixotasun jakin batengatik galdu duen senitarteko bat, edo norberaren ekite hori norbaiten mesedetan ekitera bultzatzen duen txinparta bat.

Carlos Moran zegamarrak (Gipuzkoa) 24 aldiz egin zuen jarraian Zegama-Aizkorri maratoia uztailean, eta 1.000 kilometro egin zituen bizikletan, eta beste 1.000 korrikan asfalto gainean. 3.000kmxNahia izena jarri zion erronkari. Nahia hori Nahia Gomez da. Giltzurrunetako gaixotasun bat dauka, duela bi urte izandako birus baten ondorioz. Haren ama Karmele Orbegozo ere bada mendi korrikalaria. Elkarrekin askotan entrenatutakoak dira bera eta Moran. Aurtengo Zegama-Aizkorri bertan behera gelditu zenez, bazuen Moranek erronkaren bat akorduan, eta bazuen Ormazabalek kezka are handiago bat bat buruan. Transplante bat behar zuen Nahiak. Eta iritsi zen. Ekainaren 4a zen. Moranek kontatu du: «Dena ondo zegoela esateko deitu zidan lehenengo Karmelek, eta handik hamabi ordura ezetz, ez zela balekoa eta kendu egin behar ziotela, bizitza arriskuan zuela. Orduantxe erabaki nuen: 'Esaiozu Nahiari baietz, egitera noala erronka'».

Ez zen itsumustuan hartutako erabakia izan. Familiarekin kontsultatua eta, batez ere, Nahiarekin berarekin kontsultatua. Karmele Orbegozok kontatu du: «Bagenekien honek guztiak oihartzun handia izango zuela, eta lehenengo gauza Nahiari galdetzea izan zen. Baiezkoa eman zuen berehala. Sekulakoa izan da hau guztia. Kosta zaigu asimilatzea Carlosek zer egin duen. Eta jendea nola eman zaion honi. Nik uste nuen jendeak bazekiela zer gertatzen zitzaion Nahiari, baina honi esker jakin dut jendea nola ohartu den. Eta nola babestu gaituen».

Zegama-Aizkorri maratoiko talde antolatzailea jarri zen martxan. Egunez eguneko jarduna, ordutegiak, Moranekin batera aritzeko zerrendak, dortsal solidarioak... Makineria handi bat, 45 egun iraun zuena. Inoiz ez du izan helburu ekonomikorik Moranek: «Nire helburua ez da sekula dirua lortzea izan. Diruak ez dio irtenbiderik ematen Nahiari. Helburua zen erronkak irauten zuen bitartean Nahiak ahaztu zezala zer zeukan. Iphone bat erosteko adina dagoela? Ba, askoz hobeto».

Hor ixten da zirkulua. Hasi haren alde, eta haren indarrez bete: «Ikusten nuen Nahia balkoian, edo amaieran kasu egitera etortzen zitzaidanean... Ni joaten nintzen guztien aurretik, eta ez dakizu zenbat negar egin dudan. Nik orain Nahiarengatik ez diot neure buruari mugarik jartzen. Psikologikoki mugarik ez daukat orain».

Pedro Mari Lejarza zeanuritarraren (Bizkaia) erronkak ere badu abiapuntu bat: Gorbeia Suziene proba bertan behera gelditu da aurten pandemiarengatik. Proba horretan korrikalari eta boluntarioa da Lejarza. «Zerbait» egin beharra ikusi zuten, «nahiz eta lasterketa ez egin, hari oihartzun emango zion zerbait. Hiru bider egitea lasterketa». Urriaren 3an egin zuen Gorbeia Suzienx3.

Baina Pedro Mari Lejarzaren erronkak ere badu eragile bat: «Zoritxarrez, iaz lehengusina bat hil zitzaidan minbiziarekin, eta beste lehengusu bat daukat gaitz berarekin. Bihotza ukitu zidan familiako kide bat galtzeak; hurrengo urratsa izan zen erronka bera aprobetxatzea erronka solidario bat egiteko».

Aspanovas minbizia duten haurren gurasoen Bizkaiko elkartearekin jarri zen harremanetan. Ainhoa Fernandez elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, kirolariak izaten baitira haiekin harremanetan jartzen direnak, «badutelako ezinegon bat, badutelako inguruan norbait kasu honetan minbizia pairatzen ari dena, eta zerbait egin nahi dute».

Ikusgaitasunaren onurak

Alor ekonomikoa albo batera utzi gabe —iaz dohaintza eta ekitaldi solidarioen bidez osatu zuten euren aurrekontuaren %40—, garbi du Fernandezek zein den horrelakoen onura: «Guri ikusgaitasuna ematen digute». Umeen minbiziari buruz hitz egiteko aukeraz ari da, batik bat. «Esateko: hemen gaude; lehen behar zintuztegun, eta orain ere bai. Gizarteari, eta baita erakundeei ere».

Baliatu du aukera gauza gehiago esateko ere: «Zeren orain dena da COVID. Horren aurretik ere bazeuden gaixotasunak eta patologiak. Gure seme-alaben tratamenduen ordularia ez da gelditu, eta ezin da geldiarazi. Ezta izan duten eragin emozionala ere.COVIDak egin duena da lehendik zegoena ikusezin bihurtu, eta, gainera, gainkarga bat ezarri gure familiengan. Minbizia diagnostikatu dieten familia horiek gaixotasuna oso bakarrik bizi beharra izan dute. Errealitatea hauxe da: minbizia ezin izan dugu konfinatu».

Eta konfinamendu garaikoa da Imanol Aleson mendi korrikalari azkoitiarrak (Gipuzkoa) buruan jiraka zuen ideia: GR11 zeharkaldi ezaguna jarraian osatzea. Lehendik ezagutzen zuen Marea Urdina, arauz besteko askotariko funtzionaltasunak dituzten haurren elkarte bat. Lagunak ditu bertan, eta haien elastikoa jantzita joan izan da hainbat lasterketetara. Esan zien: «Nik korrika egingo dut, eta hortik aurrerakoa zuek esan». Hamahiru etapa zirenez, egun bakoitza aniztasun funtzional bati eskaini zioten, eta hamahirugarrena, guztiei. Irailaren 27an amaitu zuen.

Alesonek onartu du fisikoki baino gehiago emozionalki erasan diola erronkak: «Mendian gora eta behera, ordu asko dira, eta gauza asko etortzen zaizkizu burura. Ni gurasoa naiz, eta konturatzen naiz ume batek sukar txiki bat badu mundua erortzen zaigula. Eta guraso hauek urtean 365 egunez eta 24 orduz duten lana, haiek seme-alabek bizitzeko duten gogoa eta indarra...».

Itxi da berriro zirkulua. Haien hutsuneen alde hasi, eta haiek beteta amaitu: «Gu ez gara ezer. Nik egin dudana ez da ezer. Nik gustuko gauza bat egin dut. Kalera irten eta agurtu egiten zaitu jendeak, zoriondu egiten zaitu; sentsibilitate bat piztu duzu. Etxera iritsi nintzen, eta bukatu da. Hauek egunero egon behar dute hor, eta borrokatu. Marea Urdinak berak bihurtu du handi nik egin dudana».

Aritz Orbegozo da Marea Urdina elkarteko bozeramailea, eta esaten du GR11 Urdina «opari bat» izan dela beraientzat, eta konturatu direla horrelako erronkek eta ekitaldiek «sekulako onurak» ekartzen dizkietela: «Ate batzuk zabaldu egiten dizkigute, ezagutzen gaituzte, badakite zein den gure arazoa... eta denak, pixkanaka, sentsibilizatuz joaten dira. Hori da lortzen duguna». Bi hitzetan esanda: « Ondorioa izan da gurea ikusgarri bihurtzeko egiten ditugun ahalegin guztiak bueltan jasotzen ditugula. Hori baino inbertsio hoberik ez dagoela, dena bueltan etortzen zaigulako».

Javi Irabien urduñarrak (Bizkaia) jaiotzen ikusi ditu Hodei mutikoaren gurasoak. Ataxia telangiektasia gaixotasuna du Hodeik. Irabien: «Zerbait egitea zor diegu familia horri eta antzeko arazoak dituztenei. Pandemiaren kontu honekin gauza asko gelditu egin zaizkielako, eta ez dirudielako berriz martxan jarriko direnik». Pentsatu eta egin: Urduñatik Fisterraraino joan dira tandemean bera, semea eta beste lagun bat. 660 km. Urriaren 12an amaitu zuten. «Gure erronka pertsonala ez doa inora. Guk nahi duguna da Aefat elkartearen eta gaixotasunaren izena Galiziaraino eraman. Jendeak ezagutu dezala, eta kontzientziatu dadila».

Aefat elkartea da ataxia telangiektasia gaixotasun arraro eta neurodegeneratiboa ikertzeko proiektu bat finantzatu nahian dabilen elkartea. Erronka solidarioen bidetik ari dira, gainera, bidea egiten. Maratoiekin hasi ziren 2017an. Gaixotasuna zuten elkarteko hiru anaiek bazuten osaba bat maratoiak korritzen zituena, eta proposatu zien Bartzelonako maratoia berarekin eta beste lagun batzuekin korritzea. Korrikalariei asko gustatu zitzaien, eta haurrei, zer esanik ez. Bazegoen podiumean sailkapen bat erronka solidarioentzat, eta han igo ziren denak. Patxi Villen Aefat elkarteko presidentearenak dira azalpenak: «Zurich aseguru etxea zen babeslea. Nagusia bertan zegoen, eta galdetu zuen nortzuk ziren haur haiek, eta nolatan ari ziren halako giro ederra sortzen han. Eta halaxe esplikatu zitzaion nortzuk ginen, eta halaxe proposatu ziguten haiek babestutako maratoietan parte hartzea: Zurich Aefat talde gisa. Bartzelonakoan, Donostiakoan eta Sevillakoan».

Taldea lehenengo, korrikalari solidarioak hurrena, eta maratoilarien erronka pertsonalak azkena. Bide hori guztia egin dute. Eta tartean zer gertatu den?: «Gaixotasunaren ikusgaitasuna, haurren motibazioa, sozializazioa, normalizazioa, eta inklusioa. Inork kasu egitea nahi baduzu, ikusgaitasuna behar duzu. Erronka hauen bidez, jendearen eta medioen arreta lortzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.