Baionako ez-bestak

Arrangurek hartu dute Baionako euskalgintza

Baionako bestak bigarren aldiz ezeztatzeak ondorioak ekarriko dizkie euskalgintzako elkarteei: kuantitatiboak eta kualitatiboak. ELB sindikatua, eta Baionako eta Miarritzeko ikastolak kezkatuak dira; aterabide bila dabiltza.

Ezagunak dira Miarritzeko ikastolak bestetan aspalditik saltzen dituen txibiak, BERRIAren egoitzaren ondoan. BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Baionako bestek, libertitzeko parada emateaz gain, behar batzuei erantzuten diete. Hala, euskal elkarte frankorentzat gastuen estaltzeko diruaren biltzeko halabeharrezko garaia izaten da.

Hartara, Baionako bestak bigarren aldiz ezeztatu izanak arrangura sortzen du. ELB euskal laborarien sindikatua, Baionako bi ikastolak eta Miarritzekoa dira haietako batzuk. Heldu den urteari begira jarriak dira jadanik: gogoetatzen hasiak dira bestak hirugarrenez ezeztatzen badira egoerari nola aitzin egin.

2012az geroztik, ELBk Laborarien Xokoa muntatzen du urte guziez Xaho kaian, Baionako besten karietara: Ipar Euskal Herriko mozkin hoberenak jan eta edateko parada ematen duen karpa bat da. Azpiegitura ez da muntatzen egun bakarrerako: bestek irauten duten bortz egunetan egoten da. Antolaketa gaitza galdegiten du, eta laguntzaile anitz. Baina sindikatuari irabazi ederra ekartzen dio. Hala azpimarratu du Maritxu Lopepe ELBko kideak: «Baionako bestak beharrezkoak bilakatu dira. Biziki arranguragarria da gure funtzionamendurako, zeren eta gure lana egun guzietakoa baita, eta beharrak sortu zaizkigu. Parada bikaina zen dirua biltzeko eta gure egun guzietako borrokak eta lanaren fruitua erakusteko. Eskas hori nolabait bete beharko dugu. Egoera beltz hau argituko den esperantza bada».

Afera da zaila ikusten duela Lopepek Baionako besten «formula» errepikatzea, azpiegitura hori plantan ezartzeko materialak eta gastuek merezi baitute aste osorako baldin badira; alta, gau bakarrerako, ez dira errentagarri: «Formula hori ez dugu ikusten egingarri beste nonbait edo beste garai batean; zinez neurriz kanpoko gauza bat da hau. Ez da biderkatzen edo erreproduzitzen ahal beste nonbait».

Sindikatua izanik, ez dute diru publikorik altxatzen; hala, aitortu du zaila zaiela diru iturrien atzematea. Horregatik, Baionako bestek aukera ezin hobea eskaintzen diete eguneroko borrokek sortu gastuak ordaintzeko: «Parada arrunt egokia zen, eta zinez konplikatua izanen da holako beste ideia batzuk atzematea». Nekez irudikatzen baitu bestak noizbait «lehen bezala» ospatzen ahalko direnik.

Besten karietara kausitzen duten dirua baliatzen dute sindikatuko kideen garraioko gastu larrienak ordaintzeko, laborantza sareko elkarteen laguntzeko-konparazione, Indartu- eta lanpostu baten zati bat diruztatzeko. Horrez gain, Lopeperen aburuz, sindikatuaren beraren indarra baldintzatzen dute hiriko jaiek: «Sindikatuaren azken urteetako indarra lotua zen hor egiten zen irabaziari, nahiz gure diru guzia ez den hortik heldu, baina bada ondorio».

Dena den, Lopekek ohartarazi du bestek ez dutela bakarrik helburu ekonomikoa, laborantzaren «erakusleihoa» izateaz gain, laborari andana batek elkar atzematen duelako bestetan eta«beste» jende batzuekin gurutzatzen delako, hirikoa eta beste. Ikusten du «zerbaiten» galtzea dela, energia eta dinamika baten galtzea, eta hori inportantea zaio ELBren barnean.

Bil ideien bila

ELB sindikatuaren gisa bertsuan daude Baionako bi ikastolak eta Miarritzekoa ere: kezkatuak eta ideia berrien xerka.

Oihana eta Hiriondo ikastolek Bil elkartean bat egiten dute: Baionako Ikastolen Laguntzaileak. Hiriko bestetan Jacques-Portes plazan paratzen dute karpa, taloak eta edatekoa zerbitzatuz, Karrikaldia ekitaldiaren barnean. Han biltzen da bestetako euskal giroaren zati handi bat, kantu eta dantzaren inguruan batez ere. Bil-en lehendakaria da Peio Lambert: «Bestak animazio handia dira guretzat. Horiek gabe, zaila da egoera».

Egoerari egokitu beharrez, etxez etxeko zerbitzuan trebatu dira: konfinamenduan apairuakeraman baitituzte etxeetara. Raclette-a, kuskusa, Coffee muxu jatetxeko menua eta haiek prestatu marmitakoa. Gainera, arno eta txokolate saltzen aritu dira, horiek ere etxeetaraino eramanez. Hilabeteotan jaso duten laguntza guzia estimatu dute: «Hemengo artisauek lagundu gaituzte: Pintan baratzezainak, Assimans gasnategiak, Casenave txokolate egileak... Ulertu baitute zaila zela guretzat; xarmantak izan dira. Coffee muxu jatetxea kitorik ari izan da ikastolen alde. Bikainki jokatu dute, zinez».

Diru puska bat sartu bada ere, ez da nehola ere heltzen Baionako bestek ontsalaz ekartzen duten heinera. Bi ikastolen aurrekontuaren % 45 biltzeko parada ematen baitute komunzki. Horrekin, hogei irakasle laguntzaileak ordaintzen dituzte, haurren ateraldia, kantinaren gastuen eta alokairuen zati bat, eraikinen mantentzea, haurtzaindegiaren zati bat, eta, diru soberakinarekin, animazioetarako materiala erosi ohi dute, plantxak, adibidez.

Aurrekontuaren gainerakoa, Durangoko Azokan saltzen dituzten Seaskako egutegiek ematen die, bai Euskal Monetak eta urte guzian antolatzen dituzten animazioek ere: Olentzero, AB-ren errugbi partidetako ostatua, Atalante zine aretoarekin partaidetza... Durangoko Azokakoa ezin izan dutenez egin, Baionako plazetan ibili dira mahaitxo bat paratzen egutegien saltzeko, eta «erakusteko zailtasunak zailtasun Baionako ikastolak hemen gaudela, euskara hor dela».

Lambertek gomita egin du: heldu den irailaren 4an Herrixka elkarteen foroa eginen baitute bigarren aldiz, Etxepare Lizeoan, 10:00etatik 17:00etara: «Euskal elkarteak bilduko ditugu, euskaldunak elkartzeko eta euskarari eutsi eta hura indartzeko. Euskaraz tarte goxo bat pasatzea da xedea. Sustut, helburua da eskolaz kanpoko euskarazko aktibitateak atzematea gazteentzat. Ni bezala euskaldun berri direnentzat ere garrantzitsua da». Aurtengo berritasuna da zikiroa zerbitzatuko dutela eguerditan eta Dantzazpiri esker dantzak eta kantuak ikasteko parada izanen dela. Arratsean, berriz, Maialen Errotabehere eta Oihana Rock Oihana ikastolako taldea ariko dira.

Ororen buru, heldu den urteari so daude; hasiak baitira aurreikusten zer egin Baionako bestak hirugarrenez ezeztatzen badira: «Arranguratuak gara: hirugarren urtez ez badira egiten beste partaidetza batzuk bilatu beharko ditugu herriko etxearekin edota enpresekin. Baina ez garenez egoera horretan diren bakarrak, zaila izanen da. Kezkatuak gara, bai, egia da, baina fidakorrak ere bai, aterabide berriak atzemanen baititugu!», bururatu du Lambertek, baikor.

Itsas Argi bide erakusle

Miarritzeko Itsas Argi ikastolak ere baditu bere kezkak, Baionako bestetako txipiroi salmenta izaten baitu diru iturri nagusia. Alta, aurten, bestak egon izan balira ere, ezin izanen zuketen egon betiko lokalean, Seaskaren eraikinean obrak egitekoak baitituzte.

Hala, bazekitenez ezin izanen zutela usaiako diru iturritik edan, aterabideak xerkatu dituzte, hala nola etxeetara eraman arno eta paella salmenta egin dute, kasketak saldu, musukoak egin dituzte, bai saski hustea ere, bigarren aldikoz, ikastolan berean.

Franck Cerramon ikastolako lehendakaria da, eta ez du gorde kezka: «Baionako bestetan, gure aurrekontuaren %60 lortzen dugu. Bestalde egin ditugun animazioei esker, aurrekontuaren %30 eskuratzea lortu dugu».

Hala ere, itsasargiak iluntasunean argitzen duen gisan, Cerramonek ere baikorki hartzen du egoera: «Balio izan digu beste bideak xerkatzeko, eta hori baikorra da, beste manerak bilatzea dira sosa irabazteko; gehiago mugitzen gara bide berriak bilatzeko, eta gehiago elkartzen gara». Ideia berrien bila, norbanakoek eta enpresek ordaindu beharreko zergen bidez ikastolak har lezakeen zatia aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.