'Burnout': erreak kiskaltzen duenean

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, lanarekin lotutako gaixotasun gisa onartu du neke profesionalaren sindromea —'burnout' edo erreta dagoen langilearena—. Zerk eragiten du? Lan baldintza kaskarrek, eta antolakuntza eta komunikaziorik ezak. Zer eragiten du? Estres kronikoa, autoestimu falta eta lanarekiko atxikimendurik eza. Zer uzten du agerian? Enpresek eta erakundeek ez dutela interesik arazo psikosozialetan.

TXAKUR GORRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Erretze bat da kiskalia, baina ke bat da inora ez doana. Esku bat da laguntza eske altxatua, abisu bat norberaren larritik emana, baina eskurik eta ulermenik gabe bestaldeak etzana. Lanak sortua eta etxera eramana. Enpresen eta erakundeen aitzakia eta interes falta andana. Hori eta askoz gehiago da neke profesionalaren sindromea.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak lanarekin lotuta gaixotasunen zerrendan sartu du neke profesionalaren sindromea urte hasieran —erreta dagoen langilearen sindromea ere esaten zaio—. Horixe baitu sintoma nagusia: norberaren lanarekiko erretze bat, atxikimendurik eza, egindakoak ezertarako balio ez duenaren sentipena, autoestimu falta, neke fisikoa eta psikologikoa, estres kronikoa, insomnioa, suminkortasuna eta zinismoa, besteak beste. «Neke bat. Lanak eragindako neke bat. Iritsi ezin bat, eta hutsune sentsazio bat», azaldu du Lohizune Loroñok, Mi Psicologo Getxo kabineteko psikologoak.

Ez da gaixotasun berria. Herbert Freudenberger psikologoak definitu zuen lehen aldiz 1974an —burnout hitzak su hartu edo erre esan nahi du ingelesez—, eta adiera horrekin erabili zuen jendeari begira lan egiten zuten askok, denboraren joanean sumatzen zuten gaitza deskribatzeko. «Zerbait progresiboa izaten da. Jende bat ez da ohartu ere egiten. Freudenbergerrek hainbat alor izendatu zituen: energia galera, lanarekiko desmotibazioa, paziente edo bezeroekiko portaeran aldaketak —sentsibilitate eta enpatia gutxi, alegia—, eta antsietatea eta depresioa», dio Loroñok.

Urte asko pasatu dira geroztik, baina OMEk ez du aurten arte lanarekin lotutako gaixotasun gisa onartu. Gaitzaren definizioan eta sintometan aurreratu da gehien. Hasiera hartan, izan ere, uste zen publikoari begira edo jendearekin lan egiten zutenen arloan bakarrik agertzen zela. «Eta hori hala da. Pandemia garai honetan, nik dauzkadan osasun arloko bezeroak —erizainak, medikuak...— burnout puntu horretan daude. Ezin dute gehiago. Kokoteraino daude. 'Ez dakit bihar zer lan izango dudan ere. Jada bost axola zait dena', esaten dute», nabarmendu du Loroñok. Baina hausnarketa hau egin du ondoren: «Orain, ordea, badakigu edozein arlotan agertzen dela. Bi alde ditu horrek: alde ona da orain pertsona horrek badakiela zer gertatzen zaion. Alde txarra da pentsatzea pertsona horri gertatzen zaionaren ardura pertsonarena berarena dela eta ez lantokiarena edo enpresarena».

«Baina nork sinetsiko dit?»

Loroñok dio gaur egungo bajen %20 inguruk arrazoi psikologikoren bat dutela atzean, eta beste %20 inguru egongo dela hori onartzera edo urratsa egitera ausartzen ez dena: 'Nork sinetsiko dit antsietatea dudala?' diote. Edo: 'Nola joango naiz nagusiarengana neke profesionalaren sindromea dudala esanez?'. Isilik egon, onartu... esango didazu langile horrek zer motibazio izango duen».

Izan ere, OMEk sindromea onartu izana da bata, eta horrek legedian egin dezakeen bidea, bestea. Argi dagoena da gai honek mahai gainera dakarrena zera dela: gaitz psikosozialekiko kezka (edo kezkarik eza). Eta hori da ELA eta LAB sindikatuetako lan osasuneko arduradunek egiten duten salaketa. «Osasunaren Mundu Erakundeak zerbait onartzen duenean, eragina luzerakoa izaten da, zeren kasu honetan Espainiako Estatuak bere legedian sartu behar du aldaketa hori. 1299/2006 errege dekretuan egon behar da sartuta, eta, han ez badago, ezin da laneko gaixotasun gisa kontsideratu. Eta oraindik ez dute aldatu, eta luze gabe ez dute aldatuko», azpimarratu du Ibon Zubiela LABeko lan osasuneko arduradunak.

ELAk Bizkaian duen lan osasuneko arduradun Oskar Abadek dio «errotiko arazo estruktural baten aurrean» gaudela, eta OMEk sindrome hori laneko gaixotasunen zerrendan sartu izanak baduela bere garrantzia, zuzenean lotzen duelako gaitzaren jatorria lanarekin eta enpresarekin: «Arrisku psikosozialen ebaluazioa argudio zientifikoetan oinarrituta dago: enpresaren antolakuntzarekin dago lotuta, komunikazio eta informazio bideen gabeziarekin, lidergo ereduekin, autonomiarekin, lanaren ezaugarriekin, erritmoekin, edukiekin, lana eta norberaren ahalmena neurrikoak izatearekin...».

Antzeko zerrenda egin du Zubielak ere. Neke profesionalaren sindromea arlo denetan ageri dela dio hark ere, baina «pertsonekin» lan egiten dutenek pairatzen dutela gehiago: «Eta, normalean, ez dugu ikusten berandu izan arte. Eta, normalean, sektore feminizatuetan gertatzen da gehien». «Erretze» horren arrazoiak asko direla dio Zubielak: «Erabakietan parte ez hartzea, informazio edo komunikazio falta, gehiegizko lan karga —edo txikiegia eta aspergarria—, zehazki zer egin behar dugun ez jakitea, anbiguotasuna, formakuntza falta...». Baina salaketa dator hurrena. Horiek guztiek, «teorian», arrisku psikosozialen ebaluazioan kontuan hartu behar direlako: «Eskakizun psikologikoak lanean, autonomia, lan karga, lanaren gaineko kontrola, lidergo kalitatea, konfiantza bertikala... horiek denak ebaluatuta egon behar dira».

Ez da ebaluaziorik egiten

Zein da orduan arazoa? «Enpresek ez dituztela kontuan hartzen arrisku psikosozialak, eta, are gutxiago, Mutualitateek. Hori da arazoa. Baina daukagunarekin egin dezakegu gehiago, eta enpresek ez dute egin, eta Mutualitateek ere ez, eta administrazio publikoek ere ez dute hori bultzatzen», salatu du Zubielak.

Antzera mintzo da Abad: «Arlo psikosozialean oro har egoera oso kezkagarria eta oso gordina da. Datuak eskuratzea bera ez da batere erraza, zeren oso ezkutatuta daude». Abadek dio «sistematikoa» dela arazoa, eta «ikaragarriak» direla trabak: «Nahiz eta ezagutza eta tresnak izan, arrisku psikosozialen egoera oso kezkagarria da. Izan ere, egoeraren lehenengo azterketa bera, arrisku psikosozialen ebaluazioa deitzen den hori, enpresen %90ek ez daukate eginda. Ez administrazio publikoetan eta ezta pribatuetan ere. Enpresa bakan batzuetan bakarrik egiten dute».

Eta pandemia iritsi da

OMEren erabakiak ez ezik, pandemiak azaleratu du neke profesionalaren sindromearen eta gaixotasun psikosozialean afera. «Tamalez, pandemia honek zera erakutsi digu: osasun mentaleko arazoak ez direla aintzat hartzen. Orain hasi gara esaten: 'Ostras! Bada, ez gaude ondo. Honen guztiaren atzean zerbait dago'. Nekea dago atzean, eta pentsatzea zuk egiten duzunak ez duela ezertarako balio», hausnartu du Zubiela LABekoak.

Abad ELAkoak galdera bat egin eta erantzun du: «Zer ari dira, edo zer ari gara egiten Osakidetzako langileen osasun mentala zaintzeko? Legeak eskatzen du lan baldintzak aldatzen diren neurrian ebaluazio horiek aldatu egin behar direla, eta ez dira egiten ari. Ez hori bakarrik, hainbat eta hainbat lekutan ez dute ezer berritzekorik ere, zeren lehenengo eta oinarrizko ebaluazioak ez dituzte eginda: zero. Ez dago prebentzio neurririk. Urteroko azterketetan, kasu batzuetan, inkesta batzuk egiten dira, baina hori ez da inolaz ere nahikoa, eta ez da prebentiboa, jada gaitza bertan dagoenean egiten direlako».

Eta ez da izango ez dagoelako metodologiarik eta tresna espezifikorik. Badaude «metodoak», eta «aspalditik» daude enpresen eta erakundeen esku, sindikatuek diotenez. Neke profesionalaren sindromeak bere tresna propioa dauka: MBI Maslach Burnout Inventory izenekoa. Atera kontuak: 1981ean sortu zuten, eta Espainiako Estatuan 2005ean egin zuten egokitzapena.

Salaketa, bide bakarra

Enpresek, beraz, badituzte langilearen egoera psikosoziala neurtzeko tresnak, baina erabiltzen ez badituzte, zer egin behar du langileak? Beste arazo asko azaleratzen dira hor, sindikatuek diotenez. «Mutualitateek, bertara zoazenean esanez langile batek depresioa, antsietatea edo neke mentala daukala bere lanarengatik, zuzenean esaten dizute ez zaituztela artatuko. Bajak osasun publikora bideratzen dira, eta horrek eragiten du langileak salaketa jarri behar izatea», azaldu du Abadek. Betiere, zer eta nola egin behar duen baldin badaki, behintzat: «Zeren, askotan, ezjakintasun handia dago gai honen inguruan. Hori da beste arazo bat: laneko zer-nolako kultura dugun. Izan ere, badago osagai kultural hori ere: badirudi lanera goazela dena ematera, eta, hala ez bada, koldarregia edo bigunegia zarela».

Salaketa da bata, baina arlo horretan dagoen jurisprudentziarik eza da bestea. Oso epai gutxi baitago gaitz psikosozialen inguruan. «Horrek beste gai bat jartzen du mahai gainean: formakuntza falta, bitarteko falta. Sindikatutik behin eta berriro eskatzen ari gara bitartekoak jartzeko. Lan ikuskaritzak eta Osalanek berak dauzkan egitekoen artean ez dago askotan —inoiz ez esateagatik— mutuen inguruko praxia gainbegiratzea edo prebentzio zerbitzuen lana zertan den gainbegiratzea», salatu du Abadek.

Funtsean: «Sistemak ez du errazten bidea egitea». Abadek dio langileari «izugarri» kostatzen zaiola epaiketara joatea: «Gaitz psikosozialen inguruko epaiketetan pertsonaren higadura sekulakoa da. Eta jurisprudentzia ezin bada osatu, eta enpresaren jarrera ez bada aldatzen, ezin da aurrera egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.