Lilura horiaren isla

Lore bat begiratzea bizitza hautematea da. Lore bat behatzea ingurunearen bizi taupada sentitzea da. Asko izan dira neguaren hondarrean lilipen miran jarri direnak, Aranzadi zientzia elkarteak akuilaturik; udaberriari oles egiteko modu bat ere bada.

Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko kideak urtarrilaren 15ean erretratatu zuen lilipa, Ereñotzun, Gipuzkoan; #lilipak kanpainaren abiaburua izan zen. IÑAKI SANZ AZKUE.
gorka erostarbe leunda
Oñati
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Liluraren eremuan barneratzea. Izenetik hasita du grazia, liluraren marka: Nartzisoa (Narcissus) edo lilipa. Aldaera latindar klasikoak bere buruaz maitemindurik zegoen mutil soraioaren mitoari egiten dio erreferentzia. Nemesis jainkoaren mendekuz, bere burua iturriko uretan ikusi eta maitemindu egin zen, baina, uretako irudia laztandu ezinarekin etsita, tristuraren tristuraz hil zen, eta, ondoren, lore bilakatu. Horra nartziso lorea. Edo lilipa. Edo lilura baten isla.

Askotan zituen ikusiak lehen ere; umetatik ezagutzen zituen lilipak. «Baserri ondoan ateratzen zitzaizkigun: guk izenik ez genekien orduan, baina 'aldapako lorea' deitzen genien, aldapan ateratzen zirelako». Jose Anjel Urkia(Oñati, Gipuzkoa, 1953) naturazalea eta erretiratua da, eta haurtzaroko lilipa loreen irudia du akorduan, Araotz auzoko Gerneta Etxeberri jaiotetxearen inguruan ikusitakoa ez baitzaio ahaztu. Baina urte hastapen honetan indar berriz loratu zaio lilipekiko mira. Aranzadi zientzia elkarteak jarri zion amu egokia: lilipa edo nartzisoen gune bat ikusiz gero, hura geolokalizatu, pare bat argazki atera eta #lilipa traola erabiliz Twitterren jartzea proposatu baitzuten, lore horren banaketa mapa bat osatzeko.

Lilipen bilatzaile nekaezin bihurtu da geroztik Urkia. Gogoko du ia egunero txango bat egitea, inguruneari erreparatzea, «begiratzea eta ikastea». Eta, ahal dela, lilipa batzuk topatzea. Ez da udaberria oraindik, baina udaberri giroa dago Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Otsail amaierako astegun eder bat da. Ipar haize fina, laino zuri urri batzuk; oinez ibiltzeko giro egokia. «Lilipak askotan ikusita neuzkan, baina Aranzadiko kanpainarekin animatu egin nintzen lekuak identifikatzera. Pentsatu nuen: 'Hau da nirea: nik basoa ezagutzen dut, loreak ezagutzen ditut, ez zientifikoki, baina ezagutzen ditut'». Mordoxkatxo bat topatu du geroztik.

Aranzadi elkarteko kide Iñaki Sanz-Azkuek urtarrilaren 16an lokalizatu zituen aurtengo lehenengoetako lilipak, Ereñozuko Akola inguruan, Gipuzkoan. Argazkiak atera eta Twitterren jarri zituen. Irudi horiek abiapuntutzat hartuta sortu zuen #lilipak kanpaina Aranzadi elkarteak, iazko #txiobatputzuan, #txiobatbasoan eta #sugebizi arrakastatsuei segida emanez. Jendearen jakin-mina landareetara ere bideratzea zuten erronka, Mikel Etxeberria Aranzadiko Botanika saileko kidearen hitzetan: «Badakigu, orokorrean, gizartea landareen mundutik oso aparte dabilela. Landare mundua gerturatze aldera, lilipa aproposa iruditu zitzaigun, Hego Euskal Herrian babestuta dagoen espezie bat baita. Denok irabazten genuen. Gizarteak irabazten zuen botanikara edo landareetara hurbiltzea. Eta, guk, era berean, lilipen banaketa zehatzago bat lor genezakeen».

Hiru espezie nagusiki

Arantzazutik Urbia aldera egin du Jose Anjel Urkiak lehenik, baina berehala ezkerrerantz aldatu du norabidea bidezidor malkartsu batetik, harri artetik gorantz egin, eta baso xenda bateraino. Arantzazuko santutegiaren gainean, Duru saroirako bidea hartu du.

Loreen xerka aritzea bizitza erreparatzea da. Norberaren begiak ez ezik gidari trebearenak ere aldean izanik, askoz ere beteagoa da esperientzia. Ibilian joan orduko hasi da landareez, txoriez mintzo. «Begira, hor bazterreko hori Otsababa emea da. Beste hori garatxo belarra da: guretzako pozoitsuak dira bere baiak. Txorientzako ez». Metro batzuk aurrerago eginda azaldu dira lehen lilipak, nahiz urrun samar ikusi: «Neuk bi espezie ezagutzen nituen, bat handiagoa, beste bat txikixeagoa, baina izenik ez nekien». Aranzadiren kanpainari esker izen zientifikoak ere ikasi ditu, ordea: «Narcissus pseudonarcissus-a da inguruotan gehien ikusten ari naizena. Narcissus minor-a ikusteko gorago joan beharra dago, Urbia aldera, ia 1.000 metrotara. Eta inguruotan ikustea gehien kostatu zaiguna Narcissus bulbocodium-a da, nahiz eta oraintsu ikusi dugun, Araotzetik gora, Degurixa aldean».

Badira gehiago ere Euskal Herrian, baina hiru espezieok dira behinenak, ohikoenak. Mikel Etxeberria biologoaren azalpenek dakarte zehaztapen zientifikoa: «Pseudonarcissus-a baso hostotsu eta larre freskoetan ateratzen da; inbutua horia dauka, baina korola eta petaloak besteek baino zurixkagoak ditu. Larrean ateratzen dira beste bi espezieak. Hezeetan bulbocodium-a, eta inbutu itxura dauka erabat. Oso erraza da bereizteko. Minor-a larre harritsuetan ateratzen da. Txikixeagoa da, eta kolore hori-horia dauka».

Espezie babestua da lilipena, nahiz eta aurten oso garaiz eta leku dezentetan ikusi dituzten. «Mehatxua handiagotu egiten da haien habitata galtzen doan heinean, asko basokoak eta larreetakoak direlako. Hori da mehatxuaren arrazoi nagusia. Hartzen dira etxeetarako ere, apaingarri modura erabiltzeko, eta hori ere arazo izan liteke landare horien populazioarentzat», azaldu du Etxeberriak.

Urkiak ere gogoan du haur zenean lilipak biltzen zituztela apaingarri gisa. «Poto batean sartu, eta hor iraungo zuten astebete-edo, urarekin. Orduan ez zen loradendatan erosten. Orain lilipak zaindu beharra dago, ordea».

Euskal Herriko hedadura guztian azal liteke lilipa, eta hala jaso dute Aranzadi elkartekoek, nahiz eta hegoalderantz egin ahala jaitsi egiten den loreon populazioa. Añarbeko baso erreserba (Errenteria eta Donostia artean) eta Aizkorri mendilerroaren magala dira kokaleku oparoenetakoak. Lilipen berezitasuna osatu du Etxeberria biologoak: «Deigarria du oso urte garai berezian ateratzen dela. Beste landare talde batzuk baino lehenago, negu bukaera aldera, negu txilintxak [Galanthus nivalis] bezala, adibidez, baina lilipena da banaketa zabalena». Kanpaina abiatu zutenetik 130 kokagune inguru jaso dituzte.

Natura, ikasteko bide

Berrogei minutuko txangoaren ostean, bordaleku baten abarora, zuhaizpe eta harri tarte baten ingurumari osoan lilipez jantzitako sail bat seinalatu du Urkiak: «Hauxe da lekua. Ikusia nuen lehenago, baina oraindik ez dut zabaldu. Begira zein eder, Arantzura begira, udaberria badatorrela iragarriz. Hori du berezia lore honek, aurrenekoetakoa dela, eta ikusgarria dela kolore eta tamainetan». Lokalizatu du lekua, Arantzazuko santutegitik 300 bat metrotara, koordenatu zehatz hauekin: 42º58'51.7N eta 2º23'58.7W.

Beheranzko bidea hartuta, tximeleta hori bat aldean hegan. «'Txipeleta horixa, hiru egungarrengo eurixa' dio gure ingurune honetako esakunak», Urkiak, bertoko hizkeraren harrotasun xumeaz. Lore baten bila aritzea ez baita ekintza hori egitea bakarrik: «Bizitza begiratzea baita. Aldiro ikastea». Urkiak ez du ahanzteko Arrasaten industriako irakasle ikasketak amaitu berritan Jose Maria Arizmendiarrieta irakasleak, apez eta kooperatiben ideologoak, esan ziena: «Zuek uste duzue dena ikasi duzuela; ez dakizue ezertxo ere; bihar hasiko zarete ikasten». Beti izan du buruan. «Erretiroa hartu nuenean erabaki nuen basora bueltatzea, naturara, eta ikasten jarraitzea: adibidez, loreekin».

Begirada lilipen izara horira bideratu du, eta azken galdera bat otu zaio, txangoaren epilogoa zedarritzeko: «Nondik ote dator euskarazko lilipa izena?». Twitterren galdetu, eta Josu Goikoetxea txiolari eta poetak eman du argi printza: Manuel Agud eta Antonio Tovarren Materiales para un diccionario etimológico de la lengua vasca liburuan dator azalpen posible bat, gutxi-asko: «Lorearentzako termino orokor modura lili darabil euskarak, latineko lilium-etik eratorria. Eta aldaera zenbait ditu: lilika, lilipa edota lilipopa. Bereziki nartzisoa adierazteko». Eta baita pipalora ere, Ipar Euskal Herriko moldean.

Zail da jakiten bere buruaz maitemindua ote dagoen lilipa, baina sortzen du lilura besteengan. Bizi taupadaranzko lilura horia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.